23/12/08

STRAIGHT EDGE TXOSTENA (2. ZATIA) Topera droga barik

Straight Edge txostenaren lehen zatian (Entzun! 53) mugimendu kontrakultural honen hastapenak eta eboluzioa aztertu genituen, eta baita Straitht Edge filosofiaren jatorrizko mezuaren gaizki ulertzeak ekarri zituen jarrera atzerakoiak. Bigarren zati honetan hain zuzen ere, azken alderdi honetan sakontzen dute egileek, interpretazio okerrek eragindako jarrera sektarioetan, alegia.
Logikoa denez, gisa honetako erronka batek erantzuna izan zuen gizarte puritano amerikarraren aldetik. Erantzunak askotarikoak izan dira, zein baino zein arraroagoa. Interneten barrena bueltatxo bat ematea aski da hainbat webgune aurkitzeko, non, adibidez, ultrakatolikoek konspirazio nazi-komunista (¿¿!! ) baten eragile nagusiak izatea egozten dieten. Ian MacKaye Adolf-Tse Tung moduko bat bezala aurkezten dute orri hauetan, horretarako argumentu zentzugabeak erabiliz. Esaterako, Straight Edge-aren jarraitzaileek besaurrean tatuatzen duten X hizkia, Alemaniako swastika nazionalsozialista eta “deabru gorriaren” mailuaren arteko uztarketa bat da. Egiazki, eta dagoeneko denek dakiten moduan, alfabetoaren azken hirugarren letra diskoteka yankietan 21 urtetik beherakoei ipintzen zieten zigilua zen alkohola erosterik izan ez zezaten. Straight mugimenduak bere egin zuen X-a sorturiko subkulturaren identifikadore gisa.

Fanatismoaren beste aldean mugimenduaren jarraitzaileek egindako webguneak leudeke. Erredentore eta gaztediaren mesias gisara aurkezten dira. Diotenez, drogak eta promiskuitatea ez egoteak gazte askoren bizia salbatu du, lehen kasuan gaindosirik ez dagoelako, eta bigarrenean sexu bidezko gaixotasunak murriztu direlako. Hala ere, egia da junki planeta batean bizi garela egun, gizarte apatiko eta tontotu batean, askoz ere errazagoa dena kontrolatzeko eta asetzeko. Eta ez gara bakarrik legez kanpoko drogei buruz mintzo. Droga legalak edota masentzako bizigarri gisa funtzionatzen duen edozein telebista-plazebo gehitu beharko genuke. Esaterako, futbola, OT, MTV eta gainerako zaborra (agidanez, ez duena pentsamendu filosofikoa laguntzen). Hala edo nola, gehienok saiatzen gara gaitzezko errealitate honetatik ihes egiten, berau aldatzeko zerbait egiten saiatu ordez. Bakoitzak eskura dauka bere gizarte mailari edo duen erosteko ahalmenari dagokion droga, demonio pertsonaletatik ihes egin edo, sinpleki, une batez ez pentsatzeko. Aldous Huxley-ren Bai mundu berria (Brave New World) liburu iragarlearen oso antzekoa. Portzierto, literaturaren maisulan erabateko honen egilea azidoen kontsumitzaile ezaguna izan zen.

Gauzak horrela, Straight Edge deritzona sortu eta hogeita piko urtera, aterpe moduko bat bilakatu da, erradikaltasun eta egiazkotasun etiketa bat. Aterpean askotariko mugimenduak biltzen dira, askotan elkarren kontrakoak, eta bertan dena justifika daiteke “kausaren” mesedetan. Militante ultraezkertiarren lerro gogorra (ez dira gutxi izan MacDonalds-ak leherrarazi dituzten aldiak, hedabideen atentzioa bereganatuz, zeinek, noski, musika jo puntuan jarri duten); begano erradikalak (barazkijale hauek ez dituzte animalietatik eratorritako jakirik jaten, ezta animaliarik ere, noski); Khare krisnah baketsuagoetatik gertu dauden skater mordoa baina aldi berean sektario samarrak (alderdi musikala krisnahcore deitzen da eta Ray Cappo –Youth Of Today oiha– dute buru nagusia, Shelter taldean egun); edota arraza zuriaren nagusitasuna aldarrikatzen dutenak, nahiz eta azken hauek kamuflajea praktikatzen duten, eskuindar asko eta asko bezala, izan ere, gainontzekoek, logikoki, mesprezatzen baitituzte.

Eszena baten hondoratzea
Mugimenduaren banaketa eta hausturaren zergatiak garbi daude gutxi gora behera. Alde batetik, birritan errepikaturiko mezu bat azkenean dogma bihurtzen da nerabe sentibera askorentzako, eta lehen konbentzituta zeuden adin nagusiagokoek gogaituta bukatzen dute, ustezko teoria bakezale eta espirituala (erabaki pertsonaletan oinarritzen dena) erlijio moduko bat bilakatzen delako; eta zaleak martiri, kastitate-botoa konplitu eta abstemio izateagatik. Erlijio monoteista guztiekin gertatzen den moduan, arrazoi osoa daukate, eta hortik abiatuta besteenganako intolerantzia hasten da, hots, pontifikatua. Bestalde, aurreiritziak eta aiherrak eszena bereganatu dute, berau larriki zaurituz. Egun Straight Edge etiketapean argitaratzen den material asko eta asko guztiz agresiboa da, jarrera paramilitarretara iritsiz, hilobiaz haraindiko ahotsekin eta solo luze jasangaitzekin interpretatua, Minor Threat-ek eta enparauek sinatu zuten punkarekin batere zerikusirik ez duena. Gainera, matxoaren kontzeptua goraipatzen dute eta straight-aren zaleak super-gizon modukotzat hartuak dira. Beren parafernaliari, merchandising-ari eta musikari erreparatzen badiegu, joan den mendeko 30. hamarkadako itxura nazia gogora ekartzen digute estetikoki zein lirikoki (“zuzentasuna”, “indarra”, “purutasuna” edo “hil arte autentikoa” gisako esaldiak). Aitzitik, arrazakeriaren kontrakotzat eta sexismoaren kontrakotzat du bere burua eszenaren gehiengoak, zeina jatorriz AEBetako ekialdeko kostaldeko gazteek osatzen zuten: WASP delakoek, hau da, anglosaxoi txuri protestanteek (oro har, ez dutenak tolerantzia ikur nagusitzat izan).

Azkenik, jatorrizko mugimenduaren heriotzaren beste arrazoi bat moda ziklo batean sartu izana da. Hala, bere komunitate lotura eta zentzua galdu du mugimenduak. Mutiko batzuei begiak irekitzeko balio ordez, kapitalaren artegira zuzentzen ditu artzainak ardiak bezala, ardi kontsumitzaileak bezala alegia, hurrengo bolada estetikoa iritsi arte.

No hay comentarios: