29/12/08

MUSIKA ETA ZENTSURA mozal berria musikarentzat

Entzun! aldizkarian topatu dugun artikulo hau 2002an idatzita dago baina interesgarria ikusi dugu berriro ere kaleratzea azken boladan SA taldeak izan duen jasarpena ikusita, Leganesen hain zuzen ere. Iker Tolosak idatzia da.

Gure belaunaldiko askorentzat, Kortaturen Azken guda dantza abestiaren sarrera lagun-tzen zuen txistu arrotza izan zen musika-zen- tsuraz gertutik ezagutu genuen lehen eredua. Herriko jaietan, tabernak betetzen zuen jende-tzaren oihuek aho batez estaltzen zuten ditxosozko zarata. Urteak pasa dira eta aspaldi ez dugula "pii"-dun abestirik berriro entzun. Egun, espainiar Estatuko komunikabide nagusiek "betiko" zentsurari traje berri bat egin eta aurrekoa baino eraginkorragoa izan daitekeela erakusten ari dira.


Uda partean...
Maiatzaren 31n, Luis del Olmo irrati esatariaren programan parte hartzen duen solaskideetako batek, Alfonso Rojok, internet bitartez jasotako S.A. taldearen letra zahar batzuk hartu eta hauen aurkako kanpaina izango zenari hasiera eman zion. "Terroristen aldeko" eta "antisemita" bezalako izendapenek eta SA-k hitzartuta zituen kontzertu antolatzaile ziren udaletxe eta promotoreei egindako zuzeneko presio, edo karteletik at uzteko deiekin batera, taldeak espainiar Estatuan zehar hitzartuta zituen hainbat kontzertu bertan behera uztea bultzatu zuten. Zenbait kontzertu antolatzaile eta managerrek SA taldeko kideei jakinarazi zienez, La Razón eta El Mundo egunkariek udaletxeei egindako deiak bultzatu omen zituzten jarrera aldaketa hauek. SA-ko taldekidea den Fernandok adierazi digunez, "Estatu osoan zehar joka aritzen den euskal talde bat gara eta pertsona ba-tzuk euskal kutsua duen edozer gauzaren kontra joateko beharra dutenez, bada euskal rockaren ordezkari bezala oraingoan guri tokatu zaigu". Granada edo Gijon bezalako zortzi herrietan hitzartuta zituzten emanaldien baliogabetzeak kalte ekonomiko nabariak sortarazi dizkio SA taldeari. Hala ere, taldekideak azpimarratzen duenez, "egia da, bestalde, beste kolektibo batzuk ere dei egin digutela babesa emanez, eta ondorioz, beste ekitaldi batzuk atera direla". Polemika guzti honen sortzaileaz galdetuta horrela mintzatzen da Fernandok: "Alfonso Rojo honek sekulako gauzak idatzi ditu bere ibilbidean zehar, Irak-eko bonbardaketak txalotuz adibidez. Gure kasuan letra zahar ba-tzuetatik gauza fuerteenak hartu, A+B moduko aurkezpen interesatua egin eta albistea osatu zuen. Zein kazetaritza mota da hau? Egia da letrak xamurrak ez direla, baina Euskal Herriko errealitatea islatzen dutela pentsatzen dugu, eta, noski, ez dugu atzera egiten”."Azkenaldian gurea bezalako beste gertaera batzuk izan dira. Denak isolatuak, desberdinak kasu askotan, baina guztiak euskal taldeei gertatutakoak. Hondoan, beti dago zerbait amankomunean: letrak eta taldearen jatorria. Ez dut izenik eman nahi, baina bada Espainian gurea baino letra gogorragoak dituen talde andana, eta eurei ez zaie ezer gertatu. Zerbaitegatik izango da”. Udara honetan Gasteizko jaietan kartel aldaketa batek sortarazi zuen polemika bizia. Su ta Gar taldea harrapatu zuen zuzenean. Bere managerraren bitartez, taldekideek gaia "ahazteko" gogoa adierazi diote aldizkari honi zentsura hizpide izanda egoera bultzatu dutenei jokoa egitea delakoan.



SA-ko taldekideak duela urtebete Etsaiak taldeko kide batek kontzertu batean parte hartu aurretik ultraeskuindar batzuen eskutik Madrilen jasotako jipoia ekarri du gogora. Bere ustez, gertaera hauek sortarazi ditzaketen ondorio oker eta arriskutsuena jada zabaltzen hasi den ustezko lista beltza da. Fernandoren hitzetan, Euskal Herrian baino, Estatu espainiar mailako udaletxeetan zehar banatzen hasi diren lista da honakoa. "Zenbait manager eta kontzertu antolatzaileek aipatu digutenez, taldeen letrak aztertzen hasi dira gustuko ez dituzten horiekin lista osatzen joateko".


Sentsazio gazi-gozoaGarate grabaketa-etxeko buru den Kaki Arkarazo ere jantzia dago zentsura kontuetan. Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako kide izandakoak bereak egiten ditu Fernandoren azken iritzi hauek. Bere ustez, "Gobernuaren estrategia berria komunikabideen indartzea izan da, tertulia eta iritzi manipulazio tresna berri hauetaz baliatuz botere gune askotara iristeko, txikienetara ere". Zuzenki musika munduko kasua ez bada ere, Kaki Arkarazok Takolo Pirritx eta Porrotx pailazoen kasua hartzen du adibide bezala, "mundu guztia asaldatzen dute musikariok eta artistok deabruetan bihurtuz". Negu Gorriak-ek Galindoren inguruan argitaratutako Ustelkeria abestia dela eta urte askotako prozesu judiziala bizi behar izan zuen. Hamabost milioietako kalte-ordainketaren mamuak taldea eta Esan Ozenki diskoetxearen etorkizuna kolokan jarri zuen, gizarte mailan erantzun eta babes handia sortarazi zituelarik. Baina hondoan zegoen adierazpen askatasuna edo abestian salatzen zenaren egiazkotasuna ez zen izan, azkenik, epaiketaren emaitza baldintzatu zuena. Epe kontu bat dela medio, Galindoren akusazioa ezertan gelditu zen. Ebazpena arrazoi horietan oinarritu izana sentsazio gazi-gozoa utzi ziela aitortzen du Kakik: "Bai, baina azken finean joko legalean sartzen zarenean xakean bezala da: zein fitxa mugitu ahala irabaztea, eta gure abokatuaren abilezia dela medio kristoren zortea izan genuen gainean zetorkiguna sahiesten". Kakik azkenaldian gertatutako zentsura mediatiko kasuak gertaera historiko puntual bat izango direlako esperantza du. Bitartean, urte gogorrak iragartzen ditu, euskal arazoa konpondu ahala, gauzak bere lekura bueltatuko direla uste duen arren. "Hemen egiten den musika, batez ere duen mailagatik eta duen tradizioagatik, oso ondo ikusia eta onartua izan da beti, eta horretara bueltatuko garela uste dut; espero dut”.


Diskoetxeenganako eraginak
Sorgin ehiza honek ere aurretiko eraginak sortaraz ditzake, alegia, politikoki eduki konprometituak dituen disko bat argitaratu aurretik diskoetxeek bitan pentsatu beharko dute, lehen mailako ardura beraiengan eroriko baita. Kortatu eta Negu Gorriakeko partaide ohiak gogorarazten duen moduan, "Galindo aferan lehenik Esan Ozenkiren aurka jo zuten. Orain disko bat argitaratu eta Madrideko medio guztiak gainean botatzen badira, erantzukizuna diskoetxearena izango da eta hori presio handia suposatzen du baliabide urriko diskoetxe gehienentzat".


Ondorio hauenganako beldurra diskoetxeek bultzaturiko autozentsura sortzen du. Kontu zaharra bada ere, autozentsura horrek bultzatu zuen Kortaturen Azken guda dantza abestiaren sarreran entzuten diren oihuak estaltzeko erabili zen txistu arrotza. Disko merkatuari begirada bat ematea nahikoa da jabetzeko jarrera hauek ez direla ohikoenak izan. Normalena gustuko ez dituzten abestiak argitalpenetik kanpo uztea izaten da. Sona handiko kasua izan zen bere garaian Barricada taldearen En nombre de Dios eta Bahía de Pasaia abestiei gertatutakoa. Hurrenez hurren, Elizari eta Pasaian Komando Autonomoen kide zirenei egindako segada odoltsua salatzen zuten kantu hauek. Letren edukia bultzatu zuen diskoetxeak abesti hauek argitalpenetik kanpo uztearen erabakia. Diskoetxe eta taldeen artean sinatzen diren kontratuen baldintzetako bat, bi aldeak argitaratuko diren abestiekin konforme egotea izaten da. Barricadako kide den Drogas-ek horrela gogoratzen du momentu horietan sentitutakoa: "Kristoren haserrea eta ostia txarra! Bestalde guk argi genuen zuzeneko talde bat ginela eta, gure aldetik, autozentsuran erortzeko prest ez ginen bitartean aurrera jo beharko genuela, gustuko ez izan arren. Artista bezala, nolabait esatearren, kontratua sinatu baduzu izorratzea besterik ez zaizu gelditzen". Drogasen hitzetan, min handiena taldeak berak sufritu zuen, En nombre de Dios-ek Pasión por el ruido diskoa irekitzeaz gain izenburua ere eman behar ziolako eta azkenik lana anputatua bezala sentitu zutelako. Azkenik, En nombre de Dios eta Bahía de Pasaia abestiak single pirata batean kaleratu ziren, kolektibo baten ekimen baten bitartez eta Barricadakoen oniritziarekin. Ez zen baina hau izan Barricada taldeak diskoetxeek ezartzen duten zentsura ezagutuko zuten aldi bakarra. No hay tregua lanerako prestatu zituzten hamar kantuetatik RCA multinazionalak zazpi kanpoan utzi nahi izan zituen. "Egia esanda, inozokeriaren zentsura izan zen hori. Adibidez, letrak "Mi chupa y nada más" zioenean "chupa"-rena kendu nahi zuten, ezjakintasunagatik. Gaizkiulertu pilaketa bat izan zen dena. Azkenik, letrak banan bana azaldu behar izan genizkien eta abesti guztiak kalera-tzea lortu genuen”. Azken aldian gertatutako kasuek ez dute Drogas ustekabean harrapatu. "Ez da harritzekoa. Maila guztietan hartara jo-tzen ari dira, pentsamendu bakarra, bizitzaren ikuspuntu ezberdinak ezaba-tzearen politika... Operación Triunfo-rena primeran islatzen du PP-rentzat kultura musikala izan behar dena". Bere ustez, diskoetxeena baino, komunikabideak ezartzen hasi diren presio mediatikoa da zentsura arriskutsuena. "Talde bat itotzeko modurik errazena ekonomikoa da. Guk bizitakoa kasu hauen aurrean mariconada bat izan da". Dena den, Barricadakoek aurten Cabra izeneko herrian eskaini behar zuten kontzertu baten aurreko egunetan ABC egunkariak "bortizkeria bultzatzen duen taldetzat" jo zituen. Zorionez, Drogasek aipatzen duen bezala "kontua ez zen hedatu eta ez genuen garrantzizko arazorik izan".


Hemen eta munduan
Rai musika, sexu eta giza-harremanen gaia lantzeagatik isilarazia izan da Algerian. Zenbait herrialde komunistatan rock-a kapitalismoari lotutako kontsumo sistemara lotu izan da. AEBn komunitate beltzaren askatasunerako deia zabaltzen duten zenbait taldeek -2 Live Crew edo Guetto Boys, kasu-, epaileen aurretik igaro behar izan dira behin baino gehiagotan. Kasuak kasu, arazoaren sorburuan beti abestien eduki ezerosoa egon da. Musika beti izan da gizarte aldaketen eragilea, nahiz eta gabezi batzuen ispilu, salaketa, askatasun garrasia. Euskal Herrian, dragoiaren hiru buruek (judiziala, diskoetxeena eta mediatikoa) herri baten bihotz taupadak isilarazi nahi dituzte. Euskal Herrian bizi dugun konfliktoaren konponketan sumatzen dute ba-tzuek ofentsiba honen amaiera. Besteentzat, berriz, musika bidegabekerien eta injustizien kontrako eragilea izango da beti, amaierarik gabeko bidea. Gaur, euskal arazo politikoa; bihar?


BI KASU SONATU
Badira, gutxi izanda ere, ustezko trantsizio garaitik gaur egun arte espainiar Estatu mailan gertatutako zentsura kasuak ere. Francoren diktadurapean eta bera hil eta gu-txira arte isilarazte esfortzu gehienak kantautoreen inguruan zentratu ziren. 90ko hamarkadan berriz, aipamen berezia merezi duten bi kasu gertatu ziren.


1993an, Loquillo abeslariak Euskal Herrian girotutako Los ojos vendados kantuan, atxilotutako gazte batek poliziaren esku pairatzen dituen tratu txarrak hizpide ditu. Abesti honen bideoklipa CANAL +-eko saio batean eman behar zen, azken momentuan eta "luzeegia" zelako aitzakipean, programaziotik kanpo geratu zelarik. Loquillok berak salatu zuenez, "politikoki ezegokia" izateak bultzatu zuen erabaki hau. Denboran gertuago dugu Albert Plá-ren Veintegenarios -gerora "Veintegenarios en Alburquerque"- lanari gertatutakoa. Terrorista batekin duen erlazioaz mintzatzen den abesti polemikoak, Ariola diskoetxe multinazionaleko arduradunei lana ez argitaratzea eraman zien. Diskoetxeak ez zegoen halako letradun abestirik argitaratzeko prest eta ondorioz sortutako hika-mikak hiru urtez diskoa izoztua egoteak bultzatu zuen. Argigarria suertatu daiteke aipatu bi gertaera hauetan sakonean dagoen gaia egun argudiotzat aipatzen den berdina dela ikusteak.


ERANTZUN EZA
Bada hala ere, kontu honen inguruan ikuspegi ezberdina duenik ere. DDT Banaketak talde lokalekin lanean diharduen diskoetxe bilbotarra da. "Gai sozialak lantzen dituzten taldeekin batez ere", azpimarratzen du bertako arduraduna den Zorionek. Bere iritziz, SA eta Su ta Gar taldeei gertatutakoa "normala da zure printzipioen aurka dagoen enpresa batentzat lanean aritzen zaren heinean beraiekin halako arazoak izatea". Bere ustez, talde hauek instituzio eta enpresa handien partetik kontratazio arazoak izaten ari dira, zehazki beraien letratan kritikatzen dituzten berdinak direlako. DDT Banaketak-eko kidearen hitzetan "talde guzti hauek beraien katxe izugarriekin jotzera doazenean, ez doaz herriko jaiak antolatzen dituen gazte asanblada batek kontratatua. Kritikatzen dituzten instituzio horiekin arazoak badituzte, horrek koherentzia maila bat eskatzen du, ez biktimismoa. Igeri egin eta arropa zaindu, bi gauzak egitea ez da posible. Behintzat hau da DDTren politika". Zorionek argi du polemika hauek euskal kutsu izan dezakeen edozeren aurkako jarrera duten frente batek sorrarazten dituela, baina bere ustez, "guzti hau RRV-aren (Rock Radical Vasco) ondorengo show business-aren parte iruditzen zait".


DDT Banaketakeko kidearen jarrera garratz honen azpian, 1995ean beraiekin zebilen Anti Ke taldeari gertatutakoa egon daiteke; edo, hobe esanda, gertatutakoaren ondorioz jasotako gizarte eta zenbait medioen erantzuna, edo erantzun eza. Garai horietan Laudio inguruan birmoldaketa industrialaren aurkako langile mugimendu handiak gertatu ziren. Urte osoan zehar, gazte, langileria eta Ertzaintzaren arteko istilu ugari izan zen. Testuinguru honetan okupatutako Pintura Etxearen behartutako hustutzea gertatzen da 1994eko irailean. Etxe-huste honen harira gertatutako miaketan, Ertzaintzak Anti Ke taldearen 83 zinta bildu zituen. Ondorioz, Ertzaintzak bere irudiaren aurkako zinta faktoria bat zegoela salatzen du. Hasiera batean prozesua DDT -ren aurka izan zen, nahiz gerora taldearen aurka bihurtu. Besteak beste mehatxu akusaziopean, sei urtetako kartzela zigorra eskatu zuen akusazio partikularrak. Prozesu judizialaren ondoren 1995eko abenduan, fiskalak "publizitatez lagundutako irain larriak" egotzi zizkion taldeko bi kideei, diskoetxea arazotik at utziz. Azkenean epaiketa 145.000 pezetako isunaren ebazpenarekin amaitzen da, Zipaios izenburuko abesti bat kantatu izanagatik. Prozesu hau Negu Gorriak izandako Galindo aferaren garai berdinean gertatu zen. Baino Zorionek salatzen duenez, "nahiz eta hasiera batean sei urtetako kartzela zigorra jokoan egon, Muguruzatarrak ez garenez, kontu hau oso modu isilean igaro zen, publizitaterik gabe eta Negu Gorriakek jasotako babesa izan gabe". DDT Banaketak diskoetxeak bere aldetik, autozentsura praktikatzen duela aitortzen du, "baina gure modura: ez ditugu eduki sexistarik edo emakumeen aurkako letrak dituzten taldeak argitaratzen, eta hori dela eta hika-mikaren bat ere izan dugu".