1/12/08

Mikel Laboa hil da

Berria
Gaur goizean zen du da, 74 urterekin, azkenaldian osasunez makal ibili ondoren. Ez Dok Amairuren sortzaileetakoa, euskal kantagintza berriaren suspertzailea eta belaunaldiz belaunaldi iraun duen kantari eta musikaria izan da. Gorpua eraman dute dagoeneko Donostiako Errekaldeko beilategira eta bihar goizean erraustuko dute. Abenduaren 23an Gipuzkoako Foru Aldundiak urrezko domina eman behar zion.

Azken egunak etxean osasunez makal eman ondoren atzo ingresatu zuten Donostiako Poliklinika erietxean Mikel Laboa (Donostia, 1934), eta gaur goizean hil da Marisol Bastida emaztea eta seme-alabak alboan zituela. Gorpua dagoeneko eraman dute Donostiako Errekaldeko beilategira eta bihar 11:15 aldera erraustuko dute, hantxe. Familiakoak eta hurbilekoak goizetik daude beilategian, eta dagoeneko hasi da gizarte eta kultur munduan ezaguna den jendea hara hurbiltzen. Besteak beste, Joan Mari Torrealdai euskaltzain eta Jakin-eko burua, Mari Karmen Garmendia Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia eta Jose Mari Gorrotxategi gozogile ezaguna han izan dira dagoeneko familiari samina adierazten.Izan ere, Mikel Laboa euskal kantagintza berriaren ildoko musikari eta kantari handienetakoa izan da, Ez Dok Amairuren sortzaile eta kide ezagunenetakoa. Belaunaldiz belaunaldi iraun du Laboaren arrakastak, eta bere garaikideena ez ezik, gazteen miresmena jaso du behin baino gehiagotan. Joxean Artzeren letraren gainean ondu zuen Txoria txori, esaterako, euskal kantarik ezagunenetakoa bihurtu da. Artzerenak bezala, hainbat euskal poetaren letrak musikatu zituen.Euskal kantagintza tradizionala jorratu zuen, alde batetik, besteak beste, aintzinako doinu eta abestiak berreskuratuz. Bestetik, bide erabat esperimental eta berritzaileetan aritu zen, Lekeitioak horren adibide.Medikuntza ikasi zuen eta haurrentzako psikiatra izan zen ogibidez.Abenduaren 23an Gipuzkoako Foru Aldundiak urrezko domina eman behar zion bere ibilbideagatik, Markel Olano ahaldun nagusiak azaroaren 11n iragarri zuenez.