21/7/09

FOR NOISE’S SAKE, Madrileko lurrazpiko soinuak

www.entzun.com
Internet-en erabilera mundu osoan areagotzen doan neurrian, eguneroko aktibitate eta harreman gehiagoren kanal eta eremu bihurtzen den neurrian, musika munduaren inguruko hainbat mito desagertzen ari direla garbi dago. Alde batetik, pop-rock munduko izarrenganako mirespen itsua eta hauen harropuztasuna. Bestetik, norberak edo argitaletxe txikiek ekoiztutako lanen ale urritasuna, esklusibitatea eta banaketa murriztua eta horren ondorioz sortutako limitazioak, getto itxiak, elkarren arteko harremana eta eragina izateko zailtasunak.

Are gehiago, egoera horren ondorioz eta horren inguruan sortutako hainbat sasi-adituenak egin du. Inork entzun ez duen eta entzun ezin duen talde hau ala bestea munduko hoberena dela esateko beti prest, jai dute gaur egun. Internet-ek aditzera emateko eta elkarbanatzeko ematen duen erraztasunak nolabaiteko demokratizazioa, mundu mailako hedapena eta handikeri eza ekarri ditu. Gauzak, noski, ez dira perfektuak, baina orokorrean musika zaleentzat aldaketa oso positiboa dela iruditzen zait, batik bat Madril aldeko For Noise’s Sake moduko argitaletxe ausarten lana ezagutu ahal izateko aukera ematen baldin bada. Argitaratutako hainbat lan entzun ondoren eta arduradun den Rafa-rekin kontaktuan jarri eta gero hona hemen zigilua eta zigiluaren ingurukoei buruz jakin ahal izan duguna:

For Noise’s sake (fNs) hasera batetan Madrilera nekez inguratzen ziren hainbat musikarien kontzertuak eragiteko elkarte moduan sortu zen. Orain dela urte pare bat hasi zen kontzertu antolatzaile modura. The Hospitals taldea Europan biran ari zela konturatzean beraiekin kontaktuan jarri eta aste pare batean Madrilen kontzertu bat organizatu zuten. Eta hortik aurrera The Skaters, Axolotl, Magik Markers… eta antzeko talde interesgarrienak antolatzen joan dira. Hala ere, azkenaldi honetan kontzertu antolaketa alde batera uzten (“era hontako musika programatuko duten aretoak aurkitzeko zailtasuna eta bertara gerturatzen diren entzuleen eskasiare ondorioz” Rafaren esanetan) eta estatuko eta laster atzerriko taldeen CDR-en argitalpenean kontzentratzen hasi dira.

Zigiluaren myspace gunean argitaratutako lanen zehaztasunak aurki ditzakezue. Pertsonalki hiru bereiztuko nituzke (denak madrildarrak): Pier, zarata hutsa, free jazz eta no-wave nahasten dituen hirukote inprobisatzailea; Au, O.Barras eta Timyk osatutako oinarrizko bikoteak hainbat musikarien laguntzaz noise eta hardcore basatiena ekoizten du eta azkenik Tubular Balls, mundu osoan oso gutxik egin dezaketen moduko elektronika zarata sare mamitsu eta ederrak sortzen dituen hirukote geldiezina.

Diskoetxearen izenak garbi dion bezala zarata funtsezkoa da bere planteamenduan. Hala ere, ez dute soinua distortsio hutsera mugatu nahi eta nolabait honen kide eta horren interesgarri diren saturazioa, lo-fi kontzeptua, asonantzia eta disonantziak gehitzen dituzte ere. Orokorrean ezberdina, pertsonala, berria den eta estiloen arteko mugak hausteko beldurrik eta lotsarik ez duen eta ez rock ez eta elektronika soilera lotuta ez dagoen edozein taldek du lekua hemen barnean.

Lurrazpiko soinuak
Underground” mailan sasi-elektronika-punk-noise moduko proposamenen saturazio txiki bat egon badagoela pentsa daiteke, baina fNs mutilak ez daude ados ikuspegi horrekin. Rafaren ustez, ohiko rock, post-rock, pop, psikodelia… oinarria duten taldeen saturazio askoz handiagoa dago, underground mailan ere. Arriskurik gabe 60. 70. edota 90. hamarkadatan egindakoa zuzenenean kopiatu eta ezer berririk eskaintzen ez duten milaka taldeen betekada bere horretan jarraitzen duela uste baitu. Kontuak kontu, fNs-ko taldeek freskotasuna, lotsagabekeria eta egiten dutenarekin erabat gozatzen dutenaren sentsazioa transmititzen dute. Eta horrek bereizi egiten ditu. Beldurrik gabe, gauza berriak bilatzen saiatzen diren musikariak dira. Baina aldi berean ondo pasatzen dute lan horiek sortzean eta jotzean eta bide batez entzuleria ondo baino hobeto pasarazi. Ez da pose huts bat, berezkoa duten zerbait da eta nori gustatu ala ez gustatu axola gabe kanpora ateratzen dute. fNs-ren web gunea eta horren ingurukoak, lurrazpiko talde, erakunde, web-irrati, kontzertu areto sorta batez eratutako korronte bat badagoela sumatu daiteke Madrilen. Rafa-ren ustez bidea hasi besterik ez da egin: “Estatuko underground musika errealitate sozial eta politikoaren isla da, bakoitza bera kasa mugitzen da. Musikari asko dago, diskoetxe gutxi, kontzertu antolatzaile gutxi eta oso komunikabide (irrati, aldizkari, webgune…) gutxi. Horrez gain, axolagabekeri handia dago, elkarlanik eta laguntzarik ez dago, orokorrean hizpide eta helburu komun batzuk ezartzea falta zaigu. Mundu honetan gabiltzanen arteko elkarlana eta laguntza onuragarria litzateke denontzat, baina arrazoi batengatik edo besteagatik kosta egiten zaigu”. fNs-ko antzekko planteamendu batetan Giradiscos kontzertu antolatzaileak eta Onda Sonora web irratia dira bereiziki aipagarri eta interesgarriak. Azkenik eta posible balitz, diskoetxerako “fitxaje” gogokoena zein izango litzatekeen eskatzen diogunean, Harry Pussy aipatzen digu zalantzarik gabe eta modu sutsuenean. “Beno, Britney Spears ere bai, noise-aren izar bat bihurtuko genuke, horretarako gaitasun handia dauka eta!!”

No hay comentarios: