13/7/09

EHZ jaialdiaren eredua

Aritz SOUND SYSTEM
Kazetaria eta musika adiktoa

Nola liteke hau bezalako herri txikian horrelako mugimendua egotea? Euskal Herria lehen aldiz bisitatzen duten askok egindako galdera izaten da. Bere burua arriskuan ikusten duenaren biziraupenerako beharraren ondorioa izango da, agian? Maite duenaren defentsak sortutako energia ote? Ez dakit.

Ukaezina da Euskal Herrian mugimendu handia dagoela eta bizirik eta etengabe hazten eta garatzen ari den herria dela (batzuek horren kontra bortizki ari badira ere). Euskal Herrian antolatzen diren gauza guztiak, ordea, ez dira berdin antolatzen. Helburuari eta antolatzaileen izaerari erreparatuta, ezberdintasun nabarmenak daude. Musikarekin zerikusia duten jaialdiak modan daude azken urteotan. Bi edo hiru egunetan zehar eta agertoki handi baten itzalean antolatutako jaialdiak izaten dira. Merkatuaren zerbitzura dauden komunikabideei erreparatuz gero, (publikoak zein pribatuak), musikaren «izar» handiekin osatutako kartelak izaten dituzte, izarrak bezain handiak diren poltsikoak ondo beteko dituzten marka komertzialek babestuta eta baldintzatuta. Makillajearekin ondo igurtzitako mami gutxiko azala.
Zorionez, merkealdi horiekin zerikusirik ez duten jaialdiak ere antolatzen dira. Ez dira inkomunikazio enpresa handien plasmazko pantaila ponpoxoetan azaltzen eta ez dute marka komertzial handiek baldintzatutako babesik izaten (ezta nahi ere), baina auzolanaren edabe magikoa dute. Euren karteletan ez dira horrelako «izar» ponpoxoak azalduko, baina itsutzeko moduko distira duten artistez gainezka daude. Iragan asteburuan Heletara gerturatu ginen milaka lagunek txalotzeko moduko jaialdi horietako batekin gozatzeko eta ikasteko aukera izan dugu. Euskal Herria Zuzenean jaialdiak musikaren eremua gainditu eta antolatzaileek dioten bezala: «Auzolanaren eta militantismoaren bidez, hainbat baloreren inguruan garatu den herri ekimena da... Euskal Herrian kokatzen den festibala da. Eta euskal izaera hori zentzu herritarrean ulertzen dugu festibaleko kideek. Herri garapenaren aldeko iniziatiba da...Bertako produktu eta laborantza biologikotik zein bidezko merkataritzatik eratorritako produktuetan oinarrituta... EHZren helburua, ahalik eta jende gehienari 3 eguneko mikrogizarte batean parte hartzeko aukera ematea da».
Esan eta izan. Euskara komunikazio hizkuntza izanik eta inposatutako mugak apurtuaz, jendearen arteko errespetuzko harremana sustatuz eta ingurumena zainduz gizarte berri bateranzko pausoak eman dira Heletan. Guztion zeregina da horrelako jaialdiak bultzatzea.

Zorionak eta eskerrak Mirentxu, Iose, Eneko eta jaialdiko lagun guztiei.

No hay comentarios: