31/1/10

joan den asteburuan Barakaldon gertatutakoei buruzko berriak

Astean zehar asko izan dira Barakaldon gertatutakoari buruz esan direnak. Erasoak burutu zituztenen aurkakoak izan dira gehien entzun direnak baina izan da baita ere beste aldekoen aurka kritikak bota duenik. Gertakari hauek emango dute zer esan aurrerantzean. Ordurarte astean zehar kaleratu diren bi artikuluekin uzten zaituztegu.


Oier Lorente eta Aitor Olaizola
(Euskal preso politiko ohiak)

Astebete baino gutxiago igaro da gertaera lotsagarri bat jazo zela jakin genuenetik.

Urtarrilaren 23an, Des-Kontrol OI musika taldeko kide eta euren lagunak jipoitu zituzten Barakaldon jo behar zuten kontzertura zihoazenean. Baina hori ez da kasu isolatu bat bakarrik izan. Azken garaietan, Arrasateko gazte talde horrek mota askotako irainak jaso dituzte burugabe batzuen eskutik. Azken gertaera, ordea, irainetik harago joan da, eta doako indarkeriazko gertakari larria izan da. Hori guztia, Des-Kontroleko musikariak naziak diren aitzakiapean izaten ari da. Baina zein da hemen nazia? Gertaera horiek guztiak bai direla eraso faxistak, eta ez burugabe horiek esaten dituzten lerdekeriak.

Lagun eta adiskideak kontsideratzen ditugun arrasatear musikari horiek faxistak ez direla ziurtatzen dugu, urteetan ezagutu ditugulako eta bereziki euskal preso politikoekiko erakutsi duten konpromiso, sentsibilizazio eta elkartasun ekimen ugaritan parte hartu dutelako. Guk ezagutu dugun adibide gisara, hor dugu abenduan, gure ongietorri harreran, eskaini ziguten kontzertua. Jarrera eta portaera bikaina izateaz gain, azpimarratu nahi dugu boluntario azaldu zirela euren aportazio gisa, guri ezustekoa emateko intentzioz; izugarrizko ilusioa eragin ziguten.

Amaitzeko, gure mespretxua adierazi nahi dugu Des-Kontroleko musikariak jipoitu zituzten horiei. Eta Des-Kontrol taldeko kide guztiei, gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi dizuegu, baita besarkada bero eta sentikor bat bidali ere!

Eta zuek abesti batean diozuen moduan «...hemen egongo garela betiii...». Aupa zuek!

Zein da nazia ? Des-kontrol ?
Jon Garmendia

Zeru eta lurraren artean gertatzen diren albiste batzuek zur eta lur uzten naute. Eta heietako bat da joan den urtarrilak 22an Barakaldon gertatu zena. Arrasateko Des-kontrol musika taldeak kontzertu bat eskaini behar zuen Bizkaiako herri horretan ; emanaldia aitzin afaltzera joanak ziren taldekideak, eta sabela berdintzen ari zirelarik, heien furgonetaren hurbil jende anitz biltzen ari zela ohartarazi zieten, harriduraz, harat zer ote ikustera joan eta sekulakoa bildu zuten. Kolpeka jaso zituzten, hanpatu egin zituzten. Hodei, Oier, Pepin, Peter eta Markel bost ziren, musikariak, arrasatearrak, lagunak. Aurkariak aldiz 60 bat gudaritxo, eta burdinazko bate eta ukabil amerikarrekin armaturik. Hau balentria !

Termopilako bataila bailitzan 5 defentsan eta 60 erasoan. Baina espartano haiek historiak ahantzi ez dituen gisa, Arrasateko bostak ez ditu ahantziko euskal historiak. Musika taldean bost badira ere milaka eta milaka euskaldun dituztelako heieri segika, heien alde, eta heien musikarekin gozatu eta borrokatzen.

Gazte Topagunean jo izan dute, Ikasle Egunaren abestia sortu zuten, Hatortxu Rock-en berriki izan dira eta euskal errepresaliatuen aldeko hamarnaka kontzertutan parte hartu eta heien aldeko hitz anitz eskaini dituzte. Eta hitzez baino ekintzez erakutsi izan dute gehiago, gure herriaren aldeko konpromisoa. Ez dute heien burua zuritu beharrik. 60 gudaritxo horiek skin gorriak omen dira, antifaxistatzat omen dute heien burua, baina justuki, hori uste dut falta dutela, burua!

Kontua zaharra da. Norbaiti leyenda urbana bat sortzea okurritu zitzaion behinola, Arrasatekoak nazi ideologiari lotuak omen zirela. R.A.C musikari lotuak. Anbiguoak omen ziren nazi ideologiaren aitzinean. Sekulako pisua duten frogak aurkeztu zituzten, Des-kontrol taldeko abeslariak behin Condemned 84 taldearen tixerta jantzia zuela eta kitarrak Section 5 taldekoa.

Antza, bi musika talde hauek naziak omen. Nehork ez zekien bai ala ez. Baina internet bidez fite hedatu zen legenda. Eta hainbeste hedatu zen, hainbeste euskal herri ukitu zituen susmoak, ezen Des-kontrolekoak adierazpen publiko baten egitera agertu behar izan zutela, eta heien diska berriari « Hipokrisia eta Faxismoaren Aurka » titulua ezarri zioten, eta « zein da nazia, nazia zein da ? » galdera kantatuan Fermin Muguruza, Xabier Silveira, El Drogas, Iñigito Txapelpunk, eta Athletic eta Errealeko hainbat jokalari izan zituzten lagun. Diska euskal preso eta iheslariei eskaini zieten, eta heien ikuspuntua ematen zuten aferari buruz. Irakurri nahi duenak hemen du lotura : http://racez.blogspot.com/2008/11/hipokrisia-eta-faxismoaren-aurka-des.html

Batzuk diote, ostiraleko paliza horren gibelean futbolari lotuak diren amorratuak daudela, (ez ditut segitzaile eta jarraitzaile hitz ederrak erabili eta zikindu nahi), bestetzuk, skin gorri eta abertzaleak izan direla erasotzaileak, bada erraten duenik karrikan ordez eskubideak tabernan defendatzen dituzten herriaskatzaile batzuk egin zutela errebeldi erasoa.

Nik aldiz zera uste dut : kontua urrunegi joan dela, Des-kontrolek soberan demostratu duela bere izaera eta pentsaera herri honetan, heien musika anitz jendek maite duela iparretik hegorat. Karrikatik espetxerat. Eta musikarekin ematen diotela arrapostua edozoin galderari. Ez burdinazko bate eta ukabil Amerikarrekin, edo... noiz konpondu dira elgar euskaldun eta amerikarrak? ukabilekin ??

Uste dut txoriburu gehiegi dela gure herrian, burua erakustea maite dutenak, bururik gabekoei burua jaten ibilki direnak, iraultza futbolariei beha eta tabernako garagarno artean libratzen dutenak, eta parranda egun edo gauean Euskal Herriaren alde dena ematen dutenak. Ia askatasuna bera ere lortzera iristen baitira halakoetan. Baina biharamonean esnatu, eta egunkaria irakurriko balute, presoen kolektiboa gose greban jarri dela jakinen lukete, egiazko eskubideak lortu, eta herri honetako askatasun guziek askatasuna ukan dezaten. Duintasunez eutsi. Amorerik eman gabe.

No hay comentarios: