27/1/10

DES-KONTROLEN KOMUNIKATUA:

Ostiral gauean Barakaldon jazotako gertaeren aurrean Des-Kontrol taldeak honako hau jakinarazi nahi du:
Orain dela bizpahiru aste ezezagun batzuek San Vicente auzoko jai batzordera jo zuten Des-Kontrol taldearen kontzertua bertan behera uzteko esanez. Antolatzaileak zalantzan egon ziren zer egin, baina, gerora, aurrera egitea erabaki zuten. Guri ere galdetu ziguten, eta kontzertua egitearen alde agertu ginen.
Afaltzen geundela, antolatzaile batek jakinarazi zigun txosnagune inguruan 50 bat pertsona zain genituela taldekoei kontra egiteko asmoz. Ez genuen sinistu horrenbeste izango zirenik, eta are eta gutxiago gu erasotzeko asmotan etorriko zirenik. Bakarrik probokatzera etorri zirela pentsatu genuen. Txosnagunera joateko korridore antzeko baten aurkitu genituen eta han gutako bati zuzendu ziren. Berak ezer esan aurretik, atzetik burdin barra batekin buruan jo zuten eta lurrera jausi zen. Jarraian, besteoi gauza bera egin ziguten. 50 bat izango ziren, batzuk aurpegia estalita, burdinazko barrekin, botilekin, ukabil amerikarrekin, ostikadak lurrean geundela...
Oso azkarra izan zen guztia, eta oso ondo planifikatuta zuten guztia. Gainera, gero konturatu ginen kontzertuko beste sarreran ere beste batzuk zain zeudela erasotzeko eta haiei laguntzeko.
Batzuk anbulantzian eraman gintuzten eta beste batzuk bere kabuz jo genuen ospitalera. Han ezezagun horiek erasotu zituzten laupabost gaztetxo zeuden. Gazte horiei eta haien senideei elkartasuna adierazi nahi diegu. Gurekin harremanetan jartzera gonbidatzen ditugu. Eta, bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu une larri horietan lagundu gintuztenei ere; beraiek badakite zeintzuk diren.
Atenditu gintuzten osasun zerbitzuek ohartarazi ziguten buruan jasotako kolpeetako asko min oso larria egiteko puntu zehatzetan izan zirela. Taldekideetako batek zortzi puntu ditu buruan; beste batek lau puntu buruan eta mokorrean zauri handi bat; hirugarren batek bi puntu buruan, kolpea sudurrean eta ubeldurak begian eta atzamarretan; laugarrenak eskua apurtuta, zauriak lepoan eta belarrian eta kolpe ugari bizkarrean; eta bosgarrenak kolpeak ditu gorputz osoan.
Jendeak gertatutakoa jakitea nahi dugu, honek ez dauka izenik; eta laster erabakiko dugu eraso honen aurrean zer egin. Une honetan erasoa epaitegietan dago.
Des-Kontrolek ez du ezer Herri Norteren aurka, baina ziurtasunez dakigu erasotu gintuztenok Herri Norte barruan daudela.
Guk ez daukagu ezer justifikatzeko. Gure jarrerak eta konpromisoak egunerokotasunean erakusten dute hori. Justifikaezina eta epaitu beharrekoa da erasotzaile horien jarrera.
Berri gehiago:

No hay comentarios: