18/9/10

Udako bidaia negargarria

Aritz Sound System

Kazetaria eta musika adiktoa
GARA

Azken hilabeteotan aurpegia erakutsi duen gaixotasunak behartuta, uda desberdina bizi behar izan dugu. Atera dizkiogun alde positiboen artean, telebista ikusteari utzi diogula dago. Egia esan, azken urteotan ez genuen askorik ikusten, baina, orain, gorputzari kasu egiten hasi garenetik, telebista debekatuta dugu (astean behin pizten dugu gehienez).


Horietako batean, guztion diruarekin ordaindutako PPSEren (lehen PNAV) telebista publiko folkloriko autonomikoa jarri eta hara non eta Jamaikari buruzko bidaia proposatzen diguten («Chiloe» saioa). Jamaikar musikaren zaletu amorratua izanda, ezin aukera galdu. Arretaz ikusten hasi eta hara non: bidaiaren gidaria «Burp!» saioko aurkezle bera da. Tripak nahasten hasi zaizkit dagoeneko (eta ez zait komeni). Ordu erdi geroago amaitzen da saioa (erdaraz eta euskaraz bertsio desberdinak daude eta Youtube atarian ikus daitezke).


Izugarrizko gorputzaldi txarra utzi dit. Saioa nahi bezain sakonki aztertzeko tarte nahikorik ez dugu hemen, baina, taberna estiloan laburbilduz, zera esango nuke: penagarria izan da. Penagarria diogu pena delako horrelako baliabideak eduki eta modu horretan alperrik galtzea. Hasieratik, Jamaikako uhartearen gainean ditugun topiko turistiko guztiak azaltzera mugatu da saioa; irlako herri turistikoei bisita derrigortua, azal zuriko pertsonez betetako hotel guneetako hondartza babestuetan bainua, turistentzako aktibitateak (txalupan paseoa, krokodilo beldurgarriei bisita, ur jauziak, kafe plantazioak, hondartzan zaldiz ibiltzea), eliz eta eraikuntza kolonialen miresmena (esklabo basatien «erailketak»), atletismoaren aipamena, eta, nola ez, Bob Marley Museoari bisita derrigortua (krokodiloei Bob Marleyri baino tarte gehiago eskaini diote!).

Dagoeneko askotan ikusitako turismo panfletoetako topiko guztien grabazioa; beraz, Karibeko beste edozein gune turistikori eskainitako edozein grabazioaren pareko lana. Historiaren eta egungo egoera soziopolitikoaren aipamenik ez da apenas egiten eta bertakoekin harremana hutsala da. Musikari dagokionez, berriz, Jamaikak duen ezaugarri garrantzitsuenetakoa izanda ere, eta duen aberastasun izugarriarekin, ez da apenas reggae musikarik entzuten. Rocksteady-ska kantu tipikoak («My Boy lollipop» eta Millie; Desmond Dekker abeslariaren «Israelites» edo Wailers taldearen «Simmer Down») eta gutxi gehiago. Saioaren tarte handienean chill out kutsuko pop kantu ñoñoak, «Hasta luego Lucas» letra duen erdarazko kantu ikaragarria eta euskarazko kantu pare bat entzun daitezke (Ruperren ahotsa hondartza zurien aurkezle).