3/9/10

Txileko Justiziak Punkamine taldeko kide izan zen Asel Luzarraga epaitu eta erruduntzat jo du

Epaileak dio: errudun
Asel Luzarragak etxean armak eduki zituela ebatzi dute Temucoko Auzitegiko epaileek; heldu den asteartean jakinaraziko dute zigorra. Senide eta lagunen ustez, «aitzakia» da idazlea Txiletik kaleratzeko.

Berria
2010-09-03

Epaileek hitz egin dute, eta errudun jo dute Asel Luzarraga idazle eta itzultzailea. Abuztuaren 24an hasi zen haren aurkako epaiketa, Temucon (Txile); asteartean baikor zegoen, artean, Luzarraga. «Oso ondo joan da orain arte. Oso baikor gaude», azaldu zion BERRIAri. Baina Temucoko Ahozko Auzitegiko epaileek deliberatu dute, eta errudun dela ebatzi, Arma eta Lehergailuen Kontrolerako Legea urratu duela. Epaileek atzo jakinarazi zuten erabakia, eta heldu den asteartean ezagutaraziko dute sententzia, zer-nolako zigorra ezarriko dioten Luzarragari. Fiskaltzak bost urte eta egun bateko kartzela zigorra eskatu du harentzat.

Luzarraga lasai dagoela jakinarazi eta heldu den asteartera bitartean «pazientzia» hartzeko eskatu du Laura Mintegik, Asel Aske kolektiboko kideak: «Errudun jotzeak ez du esan nahi kartzelatuko dutenik». Kolektiboan biltzen dira Aselen senide eta lagunak, eta haien izenean hitz egin du Mintegik. Epaileek atzo jakinarazitako erabakiarekin harrituta daude: «Epaiketa jarraitu duten kazetariak ere harrituta daude, ezin sinesturik». Fiskaltzak ez du Luzarraga errudun jotzeko froga aski erakutsi, Mintegik dioenez. «Baina errugabe jo izan balute, momentuan aske utzi beharko zuten, eta zailago izango zuten kanporatzea. Errudun jotzea aitzakia da Txiletik kanporatzeko».

Izan ere, beste auzibide bat abiatua du Fiskaltzak Luzarragaren kontra, Txiletik kanpora bidaltzeko. Idazlearen aurkako akusazioei eutsi ezinik, Fiskaltzak hura kanporatzeko asmoa duela uste dute Asel Aske kolektiboko kideek. Epaileen ebazpenari «neurria hartzeko», nolanahi ere, astearteko saiora itxaron behar dela ohartarazi du Mintegik. Baina Luzarraga atxilotu zutenetik, iazko abenduaren 31tik, haren kontrako behin-behineko neurriak «arinduz» joan direla eta auziaren eboluzioa adierazgarria dela iruditzen zaio.

Era batera edo bestera, epaia bidegabea dela salatu du: «Argi dago errugabea dela. Erabakiak ez du zentzurik. Ez dugu ebazpena onartuko, nahiz eta zigorra gutxitu».

Terrorismoaren Kontrako Legea urratzea egotzi zioten hasieran Luzarragari. Hamar urteko zigorra ezarri nahi zion fiskalak, La Araucania eskualdeko Justizia Jauregiaren eta farmazia baten kontra lehergailuak jartzea egotzita. Abenduaren 7an jazo zen hori, baina Luzarraga Euskal Herrian egon zen azaroaren 22tik abenduaren 12ra. Pasaportearekin hori frogatu ahal izan zuenean, fiskalak bost urteko zigorra eskatu zuen Luzarragarentzat, etxean lehergailuak egiteko gaiak -metxak, su itzalgailu bat, bolbora...- zituela egotzita.

Behin-behineko neurriak ere arindu dizkiote. Otsailaren 10 arte Temucoko kartzelan eduki zuten Luzarraga. Etxeko atxiloaldia ezarri zioten. Eta ekainean gutxitu egin zioten etxeko atxiloaldia, gaueko zortzietatik goizeko zortzietara.

Bestalde, babes ugari jaso ditu Luzarragak zortzi hilabeteotan. Txiletik, Euskal Herritik, Uruguaitik, Argentinatik... Espainiako Kontsulatuak ere auzia «gertutik» jarraitu duela azaldu izan du Luzarragak. Observatorio Ciudadano erakundeak, berriz, NBE Nazio Batuen Erakundeko Atxiloketa Arbitrarioei Buruzko Lan Taldera eraman du auzia berriki. Idazle izaki, PEN Klubaren bidez ere iritsi da auzia NBEra. «Gure sare guztiak mugituko ditugu, hemen eta nazioartean kasua ezagutarazteko», ohartarazi du Mintegik.

Gotzainaren testigantza alde
Ahozko epaiketa asteartean amaitu zen, frogak eta lekukoak aurkeztuta. 77 lekukok hitz egin dute. Tartean, sonatua izan da Temucoko gotzain Manuel Camilo Vialen lekukotza. Luzarragak lehergailuak prestatzea ezinezko dela azaldu eta haren alde agertu da gotzaina. Jaime Madariaga defentsako abokatuak azaldu du Luzarragaren etxean ez zegoela lehergailuak egiteko gairik. Poliziak erakutsitako frogetan Luzarragaren hatz markarik ez zegoela eta egin zizkioten bolbora probetan ere ez zela ezer agertu nabarmendu du.

«Amesgaiztoa» aste honetan bukatuko zelakoan zegoen Luzarraga, BERRIAri asteartean esan zionez; baina oraindik beste bost egunez luzatuko da, gutxienez.



Irailak 07 Septiembre.
Ordua: 19:30 - 20:00
Tokia: Enparantza Biribila (Bilbo)

No hay comentarios: