3/9/10

Punkaren sakonean. Ritxi Aizpuru (GARA)

Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea
GARA

Punka punk bihurtu dugu. Punka ez-punk bihurtu dugu. Baina beti punka. Eta zer ez dugu bihurtu punka? Punka bihurtu dugu.

UEUk ikastaro-hitzaldiak antolatu zituen Eibarren eta Lekeition «Punk eta (des)eraikuntza nazionala Euskal Herritik mundura» izenpean. Bost hitzaldi-hausnarketa: «Galdu arte: punk erreboltaren erradiografia bat munduko (EHko) leku baten», «Ezpainetako margo arrastoen xerka munduan zehar: G. Marcus-en teoriak eta punk lurraldeak», «EHko punk eztanda: jendetzaren autonomia aldarrikatuz, nazio eraikuntza arazotuz», «Erreboltatik instituzionalizaziora, do it yourself (DIY) bitarte: martxa mantsotu, borroka galdu?», «Euskal Herria gaur: punk ala normaldu, basatiak edo hiritarrak». Punkaren gainean eta Euskal Herriak (beti pluralean Euskal Herriak asko eta anitzak baitita) kontuan hartuta.

Logika monoteista eta teista gehi boterearen logika guztiak astintzeko hausnarketa gunea izan zen Lekeitioko ikastaroa. Aurreko logika horien erantzunak ez dira aldatu sekula eta ez dut uste aldatuko direnik ere: bizitza guztia kodifikatu nahi dute bizitzari berari uko eginez, errefusatuz, arbuiatuz eta ez onartuz eta bide batez zapalduz eta erreprimituz. Gizarteak, estatuek eta sistemak euren praktika kodifikatuak legeztatuz dena zuzendu eta bideratu nahi dute. Askatasunaren gizartean bizi garela salduko digute beti, baina neurritasuna eta kontinentzia exijituko dizkigute. Behin eta berriro, esku guztiak garbiak dituztela erakutsiko digute. Baina oraindik ere mozorroturiko orden kontzeptual batean bizi gara eta ideologikoki kirtendu egiten gaitu, bera -sistema- kirtena baita.

Uztailean Lekeition izandako Euskal Herriak eta punkaren inguruko sakonketa hori baikorki hartzekoa da. Baina punkaren gainean, hainbat zehaztapen. Punkari buruz hitz egitea ez da nostalgia ariketa. Punkean bi gauza desberdindu behar ditugu. Batetik, musika mota eta, bestetik, punka gizarte fenomeno bezala. Batzuetan elkarrekin joan daitezke, baina ez beti. Ohitura dago esateko punka giza mugimendu bat bezala hartzeko. Punka ez da inoiz mugimendu izan. Punk fenomenoa ez da izan Euskal Herriak-en gizarte eta pentsamendu menperatzaileari alternatiba bat sortzearen aldekoa. Jakue Paskual soziologoak bere tesian dioen bezala, punkak ez zuen alternatibarik eskaini, kritika totala baino ez zen izan, desadostasun hutsa guztiarekiko. Alternatibak beste hainbat gazte inplosioetan daude. Irrati libreak, etxe okupazioak, gaztetxeak, aldizkariak, talde politiko txikiak eta abar antolatu ziren. Gehienek barrura begira egin zuten lan, gutxienek kanpora begira. Sistemak Legearen alimaleko promozioa egiten du, punkak Legearen aurkako garrasi asko bota zituen. Punk taldeek bidalitako mezu eta aforismo asko bere egin zituen punk fenomenoak, baina punka agertu baino lehenago Euskal Herrian bazen autonomia eta tropikalitatearen ideia. Boterearen fedeari intsumisio politikoa.

No hay comentarios: