11/9/10

Gaur SUTAN JAIALDIA 2010 Tolosako Bonberenea etxe okupatuan

Bonbereneak su hartuko du bihar, gune autogestionatuaren aldeko jaialdi sutsu eta beroan

GARA
Bonberenea egitasmoa 1997. urtean abiatu zenetik, Tolosako etxe koloretsua ezinbesteko erreferentzia bilakatu da Euskal Herriko gune autogestionatu eta okupatuen artean. Denboraren poderioz, eta ekinaren ekinaz, sona berezia lortu dute bertan egiten diren ekitaldi eta emanaldiek, tartean, musikarekin loturiko ehunka zuzeneko kontzertu.

Alta, ekimen etengabean hamarkada luze bat baino gehiago jardun eta gero, Bonberenearen egungo egoera ez da nahi bezain gozoa. Tolosako Udalak aurrera eraman nahi duen etxebizitza proiektu batek zuzenki mehatxatzen du Bonberenea eta, hortaz, eraikinaren etorkizuna kolokan dago egun. Bide horretan, hamaika dira proiektuaren zilegitasuna aldarrikatzeko martxan jarri diren ekimenak, tartean, bihar gauean jaia eta aldarrikapena uztartuko dituen musika jaialdia, Bonberenea Sutan!

Musikari estuki lotuta
Bonberenearen jarduera betidanik egon da musika alorrari estuki lotuta. Lokala okupatu bezain pronto hasi ziren kontzertuak programatzen, denbora tarte honetan milatik gora izango dira bertan egin diren emanaldiak, eta kontaezinak bertatik igaro diren musika taldeak. Bide horretan, ezin aipatu gabe utzi Bonberenea Ekintzak zigilu diskografikoa, irratia, eta grabazio estudioa, non euskal musika eszenako disko esanguratsuak erregistratu diren.

Duela bi urte ospatu zen Bonberenea Sutan jaialdia lehenengoz. Bi eguneko festa izan zen, eta makina bat izan ziren parte hartu zuten Euskal Herriko musika taldeak.
Bigarren edizio honetarako berriz, egun bakarreko egitaraua prestatu dute Bonbereneako «piromanoek». Ateak 19.30etan irekiko badituzte ere, Anarik irekiko du emanaldia gaueko bederatziak jotakoan. «Irla izan» diskoaren aurkezpenean murgilduta, Azkoitiko musikariak eta bere bandak emanaldi mordoa eskaini du urtebeteko epean. Jaialdia lasaiki abiatzeko aukera ederra izango da, gaua aurrera joan ahala intentsitatean handitzen joateko.

Atom Rhumbak, berriz, laster ikusiko du disko berria kalean eta, hortaz, abian ditu jada zuzeneko aurkezpen emanaldiak. Talde era berriaz, boskote bezala, taularatuko da Bilboko taldea.

Doctor Deseok ere bat egingo du Bonberenearekin. Ez ditu kontzertu asko ematen Bilboko taldeak, eta are gutxiago horrelako jaialdietan. Azken diskoko kantuak aurkezteaz gain, betiko klasikoek ere izango dute tokia kantu zerrendan.

Horrez gain, biharkoa aukera aparta izango da berriz ere Ama Say taldea taula gainean ikusteko. 2008an itzulera puntuala iragarri zutenetik, hilabetean behin eskaini dituzte emanaldiak. Azken hilabeteetan, ordea, zuzeneko jarduera alde batera utzi dute, estudioan murgildu eta disko berria grabatzeko.

Jaialdia SextySexers boskote nafarrak itxiko du rock&roll sutsu eta hardrock indartsuarekin. Zuzeneko bortitzak eskaintzen dituzte Berako mutilek, gaztetasuna eta taula gaineko esperientzia uztartuz.

Jaialdia amaitzean, Brigada Criminal taldean aritutako Artza anaiek jarriko dute musika, Txakapatata brothers DJs izenpean.

No hay comentarios: