8/1/09

MOTOWN SOINUAK 50 URTE BETE DITU

entzun!
Berry Gordy Jr-k Tamla izeneko diskoetxea sortu zuen Detroiten 1959an. Handik urte batera, Gordyk bere bigarren zigilua sortu zuen, Motown, eta denbora aurrera joan ahala, azken hau bihurtu zen zigilu nagusia eta bere menpe gelditu ziren beste zigilu asko, baita Tamla bera ere. Sekulako eragina izango zuen 60ko hamarkada osoan, eta baita hurrengo hamarkadetan ere. 2009ko urtarrilaren 12an ibiltzeari ekin zion Motor Hiriko munstro honek.
Motown-en lehendabiziko arrakasta 1959an bertan helduko zen Money abestiarekin. Barret Strong-ek abestua, diruari gorazarre egiten zion. Berry Gordyk konposatu zuen. Dirua da azken batean Gordyk lortu zuena zigiluarekin. Eta asko gainera. Publiko beltza ez ezik, zuria ere bereganatu zuen eta etxeko konpositore bikainei esker (Holland-Dozier-Holland eta beste batzuk), faktoria honetako abeslariek, taldeek eta, batez ere, abestiek, goia jo zuten. Begiratua bota Motown-en grabatu zuen artista zerrenda honi eta arnasari eutsi: Marvin Gaye, The Temptations, The Supremes, Stevie Wonder, Marvelettes, Diana Ross, Jackson 5, Tammi Terrell, Smokey Robinson, Four Tops, Mary Wells, Gladys Knight & The Pips, Martha Reeves & The Vandellas, The Contours, The Isley Brothers, Kim Weston, The Spinners, Jr. Walker, Commodores, Rick James, Thelma Houston…The sound of young America gazte entzuten da oraindik orain…