Andoni Tolosa «MORAU» musikaria
GARA
Lehengo batean gure herriko taberna batean botere estrasentsorialak nituela konturatu nintzen. Bai, horrela, oharkabean, bat-batean. Ez dizuet esango zerbait susmatzen ez nuenik, guztiok dugu gure buruarentzat gizateriaren salbatzaile izateko itxaropen aitortu ezinezkoa. Neuk behintzat hala espero nuen. Gai izango nintzela inoiz putz eginez abiadan amildegira doazen trenen ibilia gelditzeko, edo begiratu hipnotiko soilarekin gizateriak dituen arazorik larrienak (BMW autoen prezioa edota maskoten arazo psikopatologikoen hazkunde izugarria...) konpontzea. Autoestimu handiegia duten sasiartista horietako bat baizik ez naiz, badakit.
Hori gaztea nintzenean. Orain errealitatearen zantzu gehiago antzemateko gai naiz. Beraz, gaur egun, konformatuko nintzateke pentsamendu bidez Madrilgo agintariarekin hitzartutako bilera garrantzitsu batera doazen hainbat euskal politikariri autobide erdian beherakoa eragitearekin, doministiku eginez polizien kontrolak lokalizatzearekin edota hatz lodiarekin keinu soil bat eginez autobusean sakelako telefonotik deika aritzen den jendeari ahoa gurutze puntu txukunez jostearekin. Autoestimu berdintsua dut, baina orain badakit nire arte apurrak muga handiak dituela.
Horregatik pentsa dezakezue zein nolako ezustea eta poza sumatu nituen nire barnean joan den egunean, benetan, botere estrasentsorialak nituela jabetu nintzenean.
Kontua horrela gertatu zen. Tabernara sartu ginen zerbait edan eta batez ere zerbait jateko asmotan. Laster batean agerian geratu zen bagenekien zerbait, musika ez da taberna horren indargune nagusia! Ez dakit zein kantu entzuten ari ginen, baina azken urtetan hain modan jarri den «kaka disko» estiloan kokatzeko modukoa zen, dagoeneko hamaika aldiz entzun... barkatu, sufritutakoa (Village People, non ote zaudete?). Kantu hori bukatzen ari zela-edo, uste bat sortu zitzaidan barren-barrenetik; uste dut hau baino kantu txarrago bakarra egin dela inoiz.... eta hara non, kantu hori entzuten hasi ginen (kaka diskoa eta espainola gainera...)... Aiba, zerbait susmatzen hasi eta hurrengo kantua ere irudikatu nuen, pentsatuz ezinezkoa zela hain kantu txarra jartzea; ...eta hura ere bai, hantxe, buruan neukan hirugarrena (kaka diskoa eta euskaraz). Jolas gisara hartu eta ustekabean gai izan nintzen tabernan geunden bitartean entzundako kantu guztiak (6) aldez aurretik asmatzeko, ondoz ondo bata bestea baino txarragoa.
Zer iruditzen zaizue, orain badakit; gai naiz musika txarra iragartzeko! Ez da gauza makala e! Orain itxurazko izen bat eta trajea ere behar ditut benetako superheroi bilakatzeko.
Ideiarik baduzue bidali mezua ostatua@info7.com helbidera.
Mila esker.
No hay comentarios:
Publicar un comentario