29/4/10

«Etxilotuta»

Dabid Martinez Perez
Asel aske! (Askel) plataformako kidea
GARA

Auziko argudio irrazionalen adibide gisa, Euskal Herrian bisitan zegoen garai berean Txilen lehergailu bat jarri izana leporatzea izan da. Bere pasaportean ere aireportuko zigilua zuen, baina badirudi hori ez zutela antzeman.

Dagoeneko 118 egun pasatu dira Txileko Gobernuak nire lagun Asel Luzarragari horrenbeste maite duen askatasuna kendu zionetik. 118 egun luze, berarentzat zein mundu guztian zehar dituen lagunentzat. Lana, denuntziak, aktibismoa, musika eta olerkiak izan dira bitartean, hamaika ekitaldi, zenbait kartel, milaka eskuorri eta lagun eta senide guztien berotasuna.
118 egun luze hauetan zehar aurkitu beharreko frogen bila ibili dira, eta froga hauek bilatzeko epea luzatu behar izan dute, gaur arte. Epea luzatze horrek argi uzten dit zer gertatzen ari den: beste auzi askorekin gertatu den moduan, froga zehatzik ez dute. Asel kartzelara eramateko baldintzak ez dira betetzen, eta ez dira beteko. Bere blogean maputxe herriaren aldeko testu anarkistak idazteagatik zelatatu dute; adierazpen askatasunaren aurkako auzi argia dugu hau, beraz. Horregatik, lanean ibili garen guztiok muntaia polizial hau nondik datorren eta nortzuk sustatu duten badakigulako, batu ziren 800 pertsonatik gora Bermeoko Kafe Antzokian, ehunka kontzentraziotan, hitzaldietan, gaztetxeetan egin diren kontzertuetan eta plataformak sustatutako ekitaldi guztietan. Horregatik batu dira 2.600 sinaduratik gora. Lan hau guztia ikusi ahal izango duzue zapatuan bertan, Arrasateko gaztetxean egingo den bideo emanaldian eta kontzertuan.
118 egun luze hauetan, argi geratu da gure lagunaren errugabetasuna, milaka lagunok argi utzi dugu ez ditugula ez fiskalaren ez Gobernuaren argudioak onartuko. Asel ezagutzen dugun guztiok, baketsua eta errespetu handiko pertsona dela dakigu, eta ez digute kontrakorik sinetsaraziko. Argi dago auzi honi kiratsa dariola, Elena Varela dokumentalista italiarraren auzian gertatu zen moduan.
Auziaren hasiera-hasieratik munduan zehar lanean ibili garenok, apurka-apurka fiskalaren argudio guztiak guztiz baliogabetu behar izan ditugu, baita lortu ere. Argudioak oso eskasak ziren, egin nahi izan duten espektakulu hau ez dute batere zaindu, eta oso erraza egin zaigu Aselen aldeko ahotsa zutik eta trabatu gabe munduan zehar gogor entzunaraztea.
Auziko argudio irrazionalen adibideetako bat Euskal Herrian bisitan zegoen garai berean Txilen lehergailu bat jarri izana leporatzea izan da. Bere pasaportean ere aireportuko zigilua zuen, baina badirudi, hori ez zutela antzeman. Badakit egia zein den, eta Aselengan konfiantza osoa dut.
Aselek berak ere gure ahotsen berri izan du, batzuk Interneten zuzenean ikusiz eta beste batzuk www.aselaskatu.org plataforman irakurriz. Badaki zenbat maite dugun eta ez dugula bakarrik utziko, ez nik ez plataformako kideek, ezta bere alde agertu diren hamaika blog, webgune eta irratik. Badaki gainera, hemendik aurrera ere lan horretan jarraituko dugula, eta jakin beharko luke hau ez dela bera askatutakoan amaituko. Askatzen dutenean, maputxe herriaren aldeko lanketa orokor bat sustatzea da aktibista batzuen helburua. Lagun baten ahotsa zarratu nahi izan dute, baina hamaika ahots ireki dituzte mundu guztian zehar.
Nahiz eta oraindik irabazteko asko dagoen, Aselen askatasun pertsonala eta justizia bermatzen dituen neurriak eskatzeko eguna heldu da. Auzia era demokratiko batean egin dadin eskatzeko ordua eta horretarako beharrezkoak diren neurri guztiak exijitzeko ordua heldu da. Lana dago egiteko, lan asko, baina gure lagun Aselen askatasunak, hau eta gehiago merezi duela uste dut.
Azkenik, Elena Varela beste behin ere gogora ekarri nahi dut, bere auzian eman dioten absoluzioak Aselen kasuan lagunduko duelakoan bainago.
Abestiak dioen moduan, atsedenik hartu gabe; lana eginez goaz aurrera. Gure laguna aske izan arte lanean jarraitzeko deia egin da. Egunero gauzak eginez, eta momentuak eskatzen dituen planteamenduak sortuz eta kaleratuz mundu guztiak Asel Luzarraga errugabea dela jakin arte.
Eta jakingo dute.

No hay comentarios: