16/4/10

Musika bertoko-unibertsalaren bonoa. Ritxi Aizpuru (GARA)

Ritxi Aizpuru musika argitaratzailea
GARA

Musika egiten denean, egileak bere artearen zipriztinak modu unibertsalean egiten ditu, nahiz eta leku jakin batzuetan dauden oinarriturik. Sortutako kantu horien historiak geografia bati dagozkio eta, gero, munduaren zati material gisa geratzen da. Kontzeptua unibertsalitatearen partikulartasunean datza. Kantuek badute egitura sentikor bat herri baten atal soziologikoa kontuan hartzen duena. Kantuak unibertsora estrapolatu beharrean, leku, toki eta herri bati begira egon daitezke, txikitasunean aurkitu eredu menperatzaile eta agintedunak ekiditen. Toki txiki horietan errazago izango zaigu aurre egitea botereak betidanik buruan duen gobernu unibertsal horri. Mikrogizarteak mikroerresistentziak eraikitzeko.

2009ko hondarrean Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak abian jarri zuen kultura bonoa (25 euroren truke 40) kultura kontsumoa indartzeko, liburuak edo musika-euskarriak erosteko edo museo eta zuzeneko ikuskizunetan edo bestelako ekitaldietarako sarrerak erosteko, sektorearen susperraldi ekonomikoa bultzatu nahian. Bonoa Baskongadetan erabil zitekeen, baina mundu guztiko kultura gaiak eros zitezkeen. Nongo eta zein sektore indartzeko? Jakin nahiko nuke EHko zenbat disko saldu diren dendei bakarrik lagundu dien ekimenari esker. Unibertsalak (AC/DC) jan egiten du lokala (Gatibu). Ekimenak EHko taldeen diskoak eta liburuen salmenta estrategikoa hartu beharko luke soilik kontuan EHko kultura gal ez dadin. EHko musika unibertsalaren bonoa.

Kultura ez da hitz magikoa. Kultura kontzeptuaren inguruan hainbat eztabaida sor daiteke. Baina kultura noiztik da kultura? Kulturaren pertzepziorik ba al zuen gizakiak duela hamar mila urte? Gizakiaren zatiketa politikoa gertatzen denetik kultura hitza eta kontzeptuari arazoak sortzen hasten zaizkio. Zibilizazioaren sorrerarekin gizakia banatuta geratu zen agintearen kontzeptuaren menpe. Inork esango du aginterik gabeko gizarteak ez direla existitu, baina gizarte batzuek eraiki zuten aginte politikoa babesteko eta suntsitzeko eredua, eurek asmatu eta sortu eta, halaber, jarri zioten babesa: botereari erantsi zioten berehala kontrola zitekeen ezkortasuna, botere oro jarri zuten kulturaren beraren ukapen modura eta era honetan egin zioten aurre boterearen kulturari. Buruzagiak aginterik gabeko makilaren jabe ziren, botererik gabeko hitzaren jabe. Pierre Clastres filosofoaren «La societé contra l´Etat» liburuak argi erakusten du aurreko guztia. Jerarkiaren kultura zatitutako kultura da eta gizakiari lapurtutakoa zibilizazioak oinordetzan hartu du bere ordaina. Zibilizazioa arma eta su-arma gehienen jabe da. Mundua ez dago kontzientzia eta bihotzaren desioaren arabera egina.

No hay comentarios: