27/4/10

"الحرية (Hurria). Bi herri, irrintzi bat!"

Badira bi urte Saharako errefuxiatu-kanpamentuetara lehenengo bisita egin genuela, Ouserd ingurura. Bertan sahararren kultura ezagutzeko aukera izateaz gain, bertako musika tradizionala ere gertutik entzuteko beta izan genuen. Eta hori ikusita, ideia hau etorri zitzaigun burura: Sahara eta Euskal Herriaren arteko elkartasunezko musika bilduma egitea. Baina zoritxarrez ez genuen musikaririk ezagutu lehen bidai horretan, beraz airean geratu zen proiektuaren ideia.

Orain dela urtebete eskas kanpamentuetara egindako bigarren bidaian, ordea, zortea izan eta Smarako Hababa musikaria ezagutu genuen. Honela, elkarlanaren ideia berari aipatzean, gustura laguntzeko prest egongo zela esan zigun. Egun gutxi izan ziren errefuxiatu-kanpamentuetan eman genituenak eta bueltatzeko eguna iritsi zen, hala ere, zorionez Hababak Gasteizen lan egiten zuen eta bertan bizi zen gainera, beraz proiektua aurrera eramateko egoera apropos baten aurrean geunden.


Euskal Herrira itzultzean, MusikHerria kolektiboaren bitartez ezagutzen genituen taldeei elkartasun proiektuaren berri eman eta hauek segituan erantzun zuten, hainbat musika talde martxan jarri zirelarik gaiaren inguruko abestiak sortzen. Aipatzekoa eta eskertzekoa da MusikHerriaren filosofiari kasu eginez, talde bakoitzak bere gain hartu zuela abestia autoekoiztearen ardura.


Bestetik, diskoari hasiera eta bukaera emateko, pare bat bertso sortzea bururatu zitzaigun eta Amets Arzallusi egin genion proposamena. Bera hasiera-hasieratik laguntzeko prest azaldu zen eta gustu handiz grabatu zituen bildumarako espreski egindako bi bertsoak. Honetaz gain, Unai Ormaetxearen "Mario haritik tiraka" lanetik, "Agurra" abestia hartu genuen (gaitaz eta txalapartaz eginiko agur berezia) Amets Arzallusen azken bertsoaren atzetik bilduma ixteko.


Bestalde, Saharako musika taldeen musika behar genuen eta hori guztia Hababarekin adostu zen. Bere Gasteizko etxean, Sahara bailitzan, te eta kus-kus artean, bere lagun musikarien abestiak aukeratzen hasi ginen. Baina hemen zailtasun batekin topatu ginen, argitaratu nahi genuen elkarlan hau MusikHerriarekin egin nahi genuenez, bere filosofiarekin bat egiteko, copyright-ik gabeko abestiak behar genituen eta SGAE edo SACEMekin zerikusirik izango ez luketenak. Honegatik zailagoa egin zitzaigun abesti sahararrak aurkitzea, ia denak Madrilen grabatuak baitziren, beraz copyright-dunak eta SGAEn daudenak asko. Hala ere, kosta bazitzaigun ere, zehaztasun hauek betetzen zituzten hiru abesti dotore aukeratu genituen bildumarako. Horretaz gain, Hababak poesia labur bat grabatu zuen espreski, Ametsen lehen bertsoarekin batera diskoari hasiera eman ziezaion.


Disko barruko liburuxkari dagokionez, jendea Saharako gatazkaz informatzeko intentzioarekin Saharako historia eguneratua idatzi dugu euskaraz eta gazteleraz, Nuyum elkarteko Enekoren laguntzaz. Eta alderantziz, sahararrek guk bizi dugun gatazkaren berri izan dezaten, Euskal Herriko historia ere sartu dugu.


Honetaz aparte, Arratiako gazte talde handi harekin egindako kanpamentuetarako bigarren bidaia horretan, guk geuk ateratako argazkiak jarri ditugu diskoari kolorea emateko asmoz. Aipatu beharra dago, guzti honi diseinu dotorea eman dion artista Unai Bergara izan dela, elkarlan honetan parte hartu duten beste kide denek bezala musu truk lagundu diguna.


Elkarlanaren helburuak
- Saharako, eta bide batez Euskal Herriko gatazkei buruz jendea informatzea.
- Kultura sahararra eta euskalduna zabaldu eta elkarbanatzea.
- Diskoarekin lortuko den diruarekin, Saharako elkarteen ezberdinen proiektu berriak aurrera ateratzea.




Abesti zerrenda:


01 Amets Arzallus Saharari I


02 Hababa Poesia


03 Jonu kantautorea Sahara libre


04 Siroka Iraultza sirokoak


05 El Mufid


06 Celosamente gordetako kantuak Salam Alekum


07 121Krew Lotsaren harresia


08 Hababa Batasuna


09 Al-istiglal Sargori den negu gorritik


10 Zein da Zein? Elkarrekin frontean


11 Garagardo Gura Sauce


12 Shwita


13 Mix6T Afrika


14 Odolaz Blai Bihotz ilunak


15 Norte Apache 10 segundu


16 Saharar musika


17 SKT Sekuentzia Askatasuna nire emaztea zen


18 Kasu! Gosea


19 Amets Arzallus Saharari II


20 Agurra

No hay comentarios: