19/11/10

Txatxi

Andoni Tolosa «MORAU» musikaria
GARA

Kepari aurrekontu publikoa bukatu zaio eta ez dakit zergatik, baina burura etorri zait musika eta dirua ongi uztartzen ikasi duen beste gremio bat, tabernariak. Badakizue euskal musikaren, batez ere rockaren, zabalkundean ekarpen handia egin dutenak. Ez modu filantropikoan, euskal musikak, batez ere rockak, haien diru kutxetan ekarpen handiak egin baititu urtetan. Dirua eta musika, gero eta taberna gutxiago maite ditugun honetan, galdera; zenbat tabernari musikazale ezagutzen duzue? Gero eta gutxiago esango nuke, tabernari musikazalea desagertzeko zorian dagoen espeziea baita. Hala eta guztiz ere, batzuen batzuk ezagutzen ditut eta horietako batez jardun nahiko nuke gaurkoan.

Euskal Herrian 80ko hamarkadan gertatutako erauzpen industrialak barra baten atzera bidalitako musikazale amorratua da Txatxi. Dagoeneko harrigarria da psickobillya eta egile zinema maite zuen proletario hura, hamaiketako garaian, bere lankideekin, futbolaz edota sexuaz hitz egiten imajinatzea. The Meteors, Jean Luc Godard, sol y sombra eta «Marca». Ez dut jakin nahi hileroko soldata txiki baina finkotik zenbat xahutzen zuen biniloetan... Baina halaxe da Txatxi; musikazalea bokazioz, proletarioa jatorriz eta tabernaria kasualitatez.

Gauza da, gu, bera baino gazteagoak ginela artean, eta ez geneukala ezertan, are gutxiago biniloetan gastatzeko sosik. Eskuz esku zebiltzan grabatutako kaseteak ziren gure kultura musikalaren elikagai nagusia. Imajina dezakezue zer nolako ohorea izan zitekeen Txatxik bere etxera gonbidatu eta zientoka diskoz betetako apal haietatik, zure gustukoa izan zitekeen talde baten diskoa hartu eta bertako kanturik aipagarrienak jartzea. Etxe propioa zuen eta garai hartako punta puntakoa zen ekipoa (beti izan da mokofina kontu hauetarako). Zeruaren ataria!! Hura bai gurtzeko moduko tenplua, gure fede, espiritualki, hankamotzarentzat.

Gainera, «inportaziozko diskoak» ziren gehienak. Estatu espainiarrean argitaratu ez eta «inportatzaileek» denda oso jakinetan salmentarako utzitako ale bakan batzuk. Askoz ere garestiago jakina. Kulturaren demokratizazioa; diru gehiago ordaindu behar da, ustez, «minoritarioak» diren produktuak dastatzeko. Handik urte gutxitara gure talderik gustukoenen zerrendan aipatuko genituen izenetako batzuk deskubritu genituen horrela, Txatxiren bidez. Eta hori gutxi balitz, gainera kaseteak ere grabatzen zizkigun, eta horrek, puntualki, izugarri igotzen zuen gure trafiko musikalaren maila.

Nostalgiaz aparte, esango nuke, hori bera gertatu zaigula askotan baita haren tabernan ere. Kafea hartu eta musikaz hitz egin, taldeak edota kantuak deskubritu, izenak trukatu, beste bat entzun... hori gozatua. Horri ez al zaio dibulgazio lana deitzen? Horrela bada, Txatxi da gure herriko musika dibulgatzailerik nagusienetakoa. Nahiz eta azken urtetan nagiak jota dagoela dirudien. Barrako lanak espiritua ihartu egiten omen du... baina ez, oraindik ere, eta lasai topatuz gero, oso posiblea da beste inon entzungo ez duzun musika entzutea taberna horretan. Eta gainera, galdetuz gero, hitz gutxiko azalpen bikaina entzutea. Hitz gutxikoa, ez baita oso komunikatzaile ona, bikaina, asko dakielako rock musikaz.

Barkatuko didazue, Aitor, Mikel, Txus... maite ditudan beste tabernarietako batzuk, baina guztientzat ez da lekurik zutabe honetan. Onartu behintzat, onartu beharko duzue gutxi zaretela Txatxi bezain musikazale grinatsuak...

No hay comentarios: