12/11/10

«Kriston martxa...» Anartz Bilbao


GARA
BAD jaialdi bukatu berriko «Itineris apur BAD» ekimenean izan ginen iragan astean, egunerokotasunetik ihesi. Eta ekimen ibiltari berritzailearen azken atalean, ikus-entzuleak borobil batean sartu eta inguratu gintuzten antzezleek, La Pollaren «Salve» kantua ozen jarrita itzulinguruka genituela, ulu eta oihu.

La Polla eta enparauekin, 80ko hamarkadako punk musika betiko iltzatuta gelditu da euskaldun beti-gazte (beti gezurretan) guztion paparretan, garai hartan generamatzan txapak kamiseta beltz gristuetan bezala; bukatzear dugun hamarkada ere -hurrengoa 2011n hasten da-, askorentzat 80koaren bigarren oldarraldia baino ez izateraino. Egungo nerabe asko eta asko ere, harrigarriro, orduko doinu garratz eta herdoilduek jarri dituzte sutan, beharbada Hertzainaken «Kriston martxa zegoen...» gogoan, «... sasoi ilun haietan» ahaztuta. Bizi ez zituztenak gogoan, «garai-minez»?

Eta gurean musika ortzadarra inoiz baino koloretsuagoa sumatzen dugun honetan, inoiz baino musikari trebe eta azpiegitura egokiagoak direnean gurean, `atzera begira' jarraitzen dugu, kokoteko minez. Horrela, asteburu honetan eta Arrasaten -non bestela-, omenaldia jasoko dute oraindik ere ondo gogoan dituzten R.I.P. taldeko Portuk eta Mahomak, Carrocerias, Gorroto, Piztu Punk eta Malos Tiempos taldeen partetik eta gaztetxean. Eta Jorge Tur katalan zuzendariak aurki «Si yo fuera tú me gustarían los Cicatriz» dokumentala aurkeztuko du Bilboko Zinebi jaialdian, lan arty samarra dirudiena.

Heltzear den Durangoko Azokara ere, «Muskaria» aldizkari gogoangarria berrargitaratua helduko da. Ez berriro martxan jarrita ez, iraganean plazaratu ziren zenbaki guztiekin osatu sortarekin baino, ordukoez hitz egiten duen zenbaki berezi bat gehituta, lehengo musikazaleek idatzia. 30 urteren buruan, hogeita hamar zenbaki gehi bat, 50 eurotan; Banizu Nizuke kultur taldearen eskutik. Eta Elkar etxeak, garaiko musika lanik `bikainenak edo' emango ditu berriro... nola eta 180 gramoko biniloan!, janari/musika zaborra alboratu eta berriro ere plateretan musika jatearen gustua berreskuratua omen dugulako: Barricada, Kortatu, Cicatriz, eta lehen aipatu dugun La Polla Recordsen lehen lanak dira tartean (gehi Mikel Laboa eta Ruper Ordorika) -batzuk dagoeneko The Sparteensek twist doinuetara ekarriak-. Ezin zerrenda bukatu Eskorbuto hilezinen 1985eko «Anti-todo» aipatu gabe, BCore zigilu katalanak berreditatu duen lana, kolore horiko biniloan -hankaz gora dauden gurutze famatuekin (Pablo Cabeza jaunak badaki zerbait honetaz)-. Eta gurutzeak aipatuta, Hertzainak taldera bueltatuko gara, Benedikto XVI. zaharra hara eta hona dabilela-eta. Lastima da horrenbeste berriztapenen artean, Jon Paulo II.a aita santua Loiolara etortzekoa zela eta, Zabala & Co.-k egin zuten «Ongi etorri Aita Santua» kantu zirikatzaile ederra entzuteko aukerarik ez izatea.

80ak behingoz itxi eta aurrera begiratzeko -Zarama oholtza gainean da berriro-, Kortatu elkartzea baino ez zaigu falta. Fermin Muguruzak esana du, presoak etxera bueltan direnean batuko dela hirukotea. Izan dadila hemen eta orain.