27/11/10

Rafael Amor abezlariari elkarrizketa

Rafael Amor (Buenos Aires, 1948) kantaria eta idazlea da. Denera 17 disko eta bi liburu argitaratu ditu. Europan ibili da azken hilabeteotan kontzertuak ematen. Azken kontzertua Getxon emango du, gaur, 21:00etan, Erromo auzoko Itzubaltzeta gaztetxean.


Berria

Argentinara itzuliko zara Getxon jo ondoren. Gure negua han pasatzera doan txoria zara?
Badira bost urte Argentinan bizi naizela. Atahualpa saria eman berri didate, hau da, folk musikaren urteko pertsonaia izendatu naute, eta, hori dela-eta, nire azken diskoa aurkeztu behar dut -Independencia- Maiatzeko Iraultzaren 200. urteurrena ospatzeko. Independentzia ezinbestekoa da herrialde inbaditu eta menperatu guztientzat. Argentinan egoera ikaragarria da: lurra atzerritarren esku jartzen ari dira, meategietan zianuroa erabiltzen dute, eta jendea zein ingurumena pozoitzen ari dira, eta multinazionalak nahierara dabiltza. Herri gisa, beste independentzia baten alde borroka egitera behartuta gaude.

Madrilen urte luzez bizi izan zara, eta horrek perspektiba handia eman dizu Europa eta Argentina aztertzeko. Zein alde ikusten dituzu?
Europan, eta batez ere Espainiako Estatuan, ugazabaren bazkideak direla daude sinetsita. Baina ugazabak ez du bazkiderik, ez adiskiderik, eta ez ezer. Gauzak lehertzen direnean, okerren daudenek ordaintzen dute. Kapitalismoak orain duen krisi izugarria txirook ordaintzea nahi dute, eta ordaintzen ari gara. Begiratu bestela Irlandari. Gero Portugalen gertatuko da, eta, agian, baita Espainian ere. Ongizatearen estatua saldu zioten jendeari. Nire emazteak dioen bezala, hemen jendeak «zorpetzeko eskubidea» dauka.

Eta, halere, ez dugu alternatibarik argi ikusten; edo zuk bai?
Ni ez naiz ameslaria. Nire eguneroko esperientziatik mintzo naiz. Kapitalismoa gelditu behar dugu, eta hori ikusten ez duena konplizea delako da, edo beldur da, edo ergela da. Pilatua dutena banatu beharko dute, edo guztiok hil beharko gaituzte. Baina guztiok hiltzea aukeratuko dute.

Xenofobiaren aurka No me llames extranjero kanta sortu zenuen 1970eko hamarkadan. Ez al da gaurkoagoa orain orduan baino?
Izorratzen nau abesti horrek oraindik gaur-gaurkoa izatea. Ikusi dugu Frantzian ijitoekin egin dutena, edo Kataluniako politikari batzuen adierazpenak etorkinen aurka. Saharan gertatzen ari dena ikaragarria da, eta min handia ematen dit bere burua sozialista deitu izandako horiek halako jarrera erreakzionarioak izatea eta zirkinik ez egitea sahararren alde. Alderdi Popularraz ez naiz mintzatuko: horiek Francoren hilkutxatik oka egitera atera ziren zizareak dira.

Zer egiten du zu bezalako abeslari batek gaztetxe batean jotzen?
Gazteek esan didatenez, nik lagundu nuen aurrekoan euren guraso mesfidatiak gunera eramaten. Mila aldiz nahiago dut modaz pasatzea, moduz pasatzea baino. Nirea ez da protesta kanta; gertatzen denaren kronika besterik ez da. Erbestea jasan nuen pentsatzen nuena esateagatik. Beraz, ez demagogia, ez eta protesta ere, gizakien beharretatik mintzo den herri abestia. Bilbon [Bilbo dio gaztelaniaz, ez Bilbao] estreinatu nuen Independencia kanta, duela bi urte, eta oso ondo hartu zuten, euskaldunek badakitelako zer edo zer horretaz.