Julen Nafarrate (BERRIA)
«Zer zuen Mauriziak? Zer egiten zuen ezberdin, jende guztiak ezagutzeko? Zergatik hainbeste jendek dauka gogoan oraindik?». Galdera horiek izan dituzte hizpide Fredi Paia eta Xabi Paya anaiek Aupa Maurizia! liburua idazterako orduan. 1904. urtean Zeberion jaiotako Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzaile mitikoaren biografia idatzi dute bertsolari algortarrek, urte eta erdiko lanaren ondoren. Bizkaiko Trikitixa Elkarteak argitaratu du liburua, Zeberioko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren euskara sailaren laguntzarekin.
Aupa Maurizia! ez da zeberiotarrari buruz egin den lehen biografia, baina aurretik idatzitakoari «bigarren buelta» ematea erabaki dute egileek. «Mauriziaren alderdi musikala gehiago landu nahi genuen». Liburua bi zatitan banatu dute payatarrek: lehenengo atalak Mauriziaren biografia pertsonala lantzen du, eta bigarrenak, berriz, biografia musikala. Lehenengoa Xabiren esku gelditu zen, eta bigarrena anaia nagusiaren ardurapean, biek ala biek liburu guztiari azken ukituak eman badizkiete ere.
«Mauriziaren bizitza pertsonala kontatzerakoan, ez genuen biografia soil bat egin nahi. Bere bizitzan garrantzitsuak izan ziren ikuspegiak batzen ahalegindu gara». Horretarako, Xabi Payak eleberri estiloan jorratu du liburuaren lehenengo atala, «eta horrek esan nahi du tartekatarteka fikzio apur bat sartu behar izan dudala». Lehenengo kapituluan, esaterako, Mauriziaren gurasoen ahotsa «berpiztu» du Payak, pandero jotzaile zeberiotarraren lehenengo urteak jasotzeko.
«Bere garaiko punkena»
Dokumentazioa biltzerako orduan, aurretik idatzitako materialaz gain, Maurizia ezagutu zuten lagunei elkarrizketak egin dizkiete bertsolariek. Fredik nabarmendu duen moduan, «gure herrian ahoz ahokoa oso aberatsa da, eta grabazioak egin genizkien senideei, bere inguruko jende ugariri...». Jose Javier Abasolo Tiliño-ren laguntza eskertu nahi izan dute bereziki anaiek, «bere laguntzarik gabe ezinezkoa izango bailitzateke liburu hau esku artean izatea». Era berean, Mauriziaren senideek agertutako prestutasuna ere eskertu dute algortarrek, Xabik aitortu duen legez, «inolako arazorik gabe ateak zabaldu dizkigutelako eta Mauriziaren bizitzaren barruan sentitu naizelako».
Liburuaren bigarren atalean, Fredi Paiak Maurizia Aldeiturriagaren biografia musikala jorratu du. Fasio trikitilariarekin eta Leon Bilbao albokariarekin bildu zen Maurizia 60ko hamarkadatik aurrera, eta ezaguna bihurtzen hasi zen batez ere bere abesteko modu «basatiagatik» eta «gorputzetik zerion indarragatik».
Hala ere, Aupa Maurizia! liburuan zeberiotarraren ibilbide musikal osoa biltzen saiatu dira Paya anaiak: «Mauriziaren ibilbidearen lehenengo datuak biltzen hasi ginenean konturatu ginen jende zaharrak behin eta berriro Benantzio Bernaola Karakol bere senarraren izena esaten zigutela». Mauriziaren bikote musikala izan zen Karakol urtetan, gehienetan Maurizia Fasiorekin eta Leonekin bakarrik lotzen den arren.
Mauriziari trikitiaren munduan «aro berri bat» zabaltzea egotzi diote askok, estilo berritzailea landu zuelako. Liburuan Ruper Ordorika eta Josu Zabala Hertzainak taldeko kidearen hitzak jaso dituzte. Zabalaren ustez, esaterako, Maurizia «euskal rockarentzat beste garai bateko punkik punkena zen», bere estiloak gazteek sentitzen zuten ezinegona askatzeko beharrarekin bat egiten zuelako. 1988. urtean igo zen Maurizia «zeruetako erromeria handiko oholtzara», bere ahots indartsua trikitiaren mito bihurtuz.
No hay comentarios:
Publicar un comentario