22/12/09

TRIKITIXA AI, OI, EI Trikitixaren birikiei airea neurtuz

Trikitixa XIX. mendearen amaieran Alpeetako langileek Euskal Herriratu zuteneko argazkiek txuri beltzean erakusten dutenez, gure aiton-amonen dantzaldiak trikitixaren soinupean astintzen ziren, ai, oi, ei, eta, halabeharrez, doinu berberekoak izango zirelakoan gaude aitona-amon haien lehendabiziko laztanaldi eta zirriak, erromerietako kristauen meza-nagusiaren ondoren izanagatik ere. Urteek aitzina, soinu txikiak iragan mendearen erdialdera baserritik hirirako jauziari eutsiko zion, emeki-emeki bada ere, eta baserri giroan bezainbeste estimatuko zen euskal ziudadeetako karriketan.
Eta jakina; erretratuek kolorea bereganatzearekin batera, trikitixak ezinbestekoa zitzaion bere iraultzari ekin zion: arin-arinak, fandangoak, porrusaldak eta kalejiretaz gaindi armonizazio eta digitazio berriak eskaini ahal zituztela erakutsi baitzuten soinu txikiaren musikariek 80. hamarkadaren bueltan. Hartara, bikote banaezina zirudien panderoari eta soinu txikiari bateria, gitarra eta baxua batu zitzaizkien, garai batez nekazari zen trikia rock kontzertuetan telonero edota irrati formuletako hit paradean buru ibiltzeraino. Dena dela, doinu berriagoen giroan bustitako gazteagoen muxu-korapilatuagoak ez ditugu lerro hauetan orain aipatuko polaroid arrastorik ez dagoenez. Aitzitik, egun, argazkilaritza jada digitalizatuta dagoen honetan, zertan da guztia? Hauxe da galdera.

Daniel martirena
(ENTZUN aldizkaria 2003ko abuzua iraila)
Trikitixak sasoi hobeagoak bizi izan dituelako susmotan gaude. Alegia, halabeharrez bestari eta jaiari lotuta dagoen tresna honek gure belarrietan zein Euskal Herriko dibertimendurako egutegian minutu gehiago hartu izan dituela iraganean. Erromeriatik plazara, plazatik diskoetxetara, eta hemendik autoetako kasetetara, urtez urte trikitilarien taldeak barra-barra agertu izan direlarik. Izan ere, boom baten harira hitz egitera derrigorturik egon baikara. Eta orain? Guztiari neurria hartzekotan gaude hurrengo lerroetan.

Manatua betetzera natorkizue. Izan ere, trikitixaren lehena, oraina eta etorkizuna aztertuko lukeen erreportajea eskatu baitzidan behin batez aldizkari honetan koordinazio lanak egiten dituen horrek, “badakik, zenbaki berrirako”. Eta aginduak arau.

Horrenbestez, ekainerako su zegoen arratsalde batean sabelera igorritako kafearen inguruan erantzun nahi genion aferari ekin ahal izateko “nagusiak” eta biok gure tesia marraztu genuen. Eta zalantza gardena zen: orain dela hamabosten bat urte trikitixaren urrezko garaia dagoeneko iraganik ote zegoen ala ez, alegia. Ondorioz, kezka honen iparrean telefonoz bitarteko deien erromerian ibili gara, eta egindako elkarrizketekin oihala josi nahi du erreportaje honek, beti ere trikitixaren birikiei airea neurtzeko xedearekin.

Hastapenak baserrira lotuta
Soinu txikiari buruzko lehen datu idatzia 1890. urtekoa da. Bertan, Juan Carlos Guerrak Urkiolako erromerian kokatzen du akordeoi diatoniko baten inguruko estreinako aipamena. Antza, bertara Alpeetako langileek trenbidea egitera etorri zirenean ekarri omen zuten artean ezezaguna zen musika tresna. Kontuak kontu, soinu berriak berehala hartu omen zuen leku garrantzitsua herri musikako errepertorioa jotzen zuten instrumentuen artean. Arina zen, txikia, edozein baseliza zein ermitara errazki eramangarria. Horrela, lehenik eta behin, baserri girora erroturik gelditu zen, hirirako eta herri koxkorretarako banden zerbitzua eskatzen baitzen. Eta txistulariak eta atabalariak Bizkaiko edozein udaletan ordainduak ziren bitartean, trikitixa mendi aldeko erromerietan loratu zen. Halako giroan, bada, trikitixak ezagututako lehendabiziko iraultza 60. hamarkadan kokatzen du Iker Goenagak. Izan ere, Goenagaren aburuz, “urte haietan antolatzen ziren txapelketekin trikitixak baserri girotik hirira jauzi egin zuen”. Lajak berak kontatzen duenez, 1971. urteko txapelketa Donostiako Trinitate plazan ospatu zen eta taularatu zenean, “jende askok eta askok ez zuen ezagutzen jotzen genuen instrumentu hura. Kaletar asko harrituta begiratzen gintuzten”. Hartara, Iker Goenagak azpimarratzen duenez, “hor hasi zen hiritartzen. Egun oso normala da bazter guztietan ikustea, baina hau ez da beti horrela gertatu”.Joseba Tapiak azaltzen duenez, soinua Europa osora hedatu zenean berehala txertatu zen leku bakoitzeko tradiziora, “izugarrizko asmakizuna baitzen esku soinua jotzen zuen pertsona bakar batek orkestra oso baten lana egiten ikustea. Eskuineko eskuarekin melodia eta ezkerrekoarekin harmonia egin zitekeen! Hortaz, dantzaldietarako oso baliagarria bihurtu zen soinua”. Aitzitik, soinu txikiari hainbesteko mesedea egin zion txapelketarekin etorri zen istilua eta iskanbila eta 1991 urtean antolatu zen azkenekoz. Eleuterio Jauregi Belokik berak ederki asko gogoratzen duenez: “Txapelketak antolatzeari utzi zitzaion berrikuntzak sortu zirelako, konposizioan eta harmonizazioan batik bat. Trikitilariok berrikuntzak sortu genituen, baina epaimahaiak ez zituen berrikuntzarik nahi. Gauza berriak sortzen zituztenak ez zituzten horrelako jokaerak ulertzen. Horrela, berrikuntzarik onartzen ez zituztelako txapelketara joateari utzi zioten. Agian, egia da, jendeak ez zuen naturaltasunarekin berrikuntza guzti hauek onartu”. Are gehiago. Oraindik orain ikusmolde ezberdin guzti hauen zama bere horretan dirauelako ustea du Eleuteriok.“Trikitixa arin-arina, fandangoa eta kalejira baino gehiago da. Aldiz, trikitixak urte gehiegi zituen tradizioaren eremu horretan sartuta. Zenbaitzuentzat trikitixa pasodoblea zen, eta ez beste ezer gehiago”, onartzen du Asier Gozategik, iraganari orainalditik egin dakiokeen irakurketarako ahalmena baliatuta.

Trikitixa taldeak
80. hamarkadaren bueltan soinu txikia eta panderoak bikote modu bakarra izateari utzi zioten eta aurretik sekula iritsi en ziren eremuetara arribatu ziren trikitixaren soinu dantzagarriak. Erran nahi baita soinua-panderoaren itxura lotuak presentean ere indarrean jarraitzen duen harremana dela. Arren, bestelako talde zein orkestra erlazioak legearen baitan bizi dira halaber. Eta familia guztien errolda izugarria iritsi da: Laja eta Landakanda, Imuntzo eta Beloki, Tapia eta Leturia, Kepa Junkera, Alaitz eta Maider, Maixa eta Ixiar, Gozategi, Etzakit, Iker Goenaga… Eta berrikiago erditu direnak: Triki Ta Ke, Koldo eta Arantxa… (Inor ez bedi haserre bere izenik hemen ez ahokatzeagatik) Segur egon, bada, gaur trikitixak bizi duen egoeraren erantzule zuzenak Joseba Tapia eta Kepa Junkera izan zirela. Bata zein bestea aitzindariak izan ziren soinu txikiaren harmonizazio eta digitazio berrietan. Beste askoren artean, halaxe onartzen du, adibidez, Alaitz Telletxeak: “Tapiak eta Junkerak soinu berriak landu zituzten, eta trikitixa beste instrumenturekin uztartu zuten. Honek beste musika ekarri zuen. Aldaketarekin, errazago izan zen beste jende batengana iristea”. Angel Valdesek, bere aldetik, antzera mintzo da Tapiaren eta Junkeraren ekarpena goraipatzeko tenorean. “Soinu berri bat, ekarpen berri bat eskaini zioten artean trikitixa tradizionala deitzen zitzaion horri. Gero, haien itzalera sortuko baitziren trikitxia-baxua-kitarra-ahotsa baliatuko zuten trikitixa taldeak, egun oraindik ere guztion oroimenean dauden abestiak egingo zituztelarik. Trikitixak pop-rock-folk soinuekin uztar zitekeela erakutsi zuten guztion harridurarako”.

Izan ere, Asier Gozategik halaxe laburbiltzen du mintzagai duguna: “Ordura arte trikitixaren inguruan jendeak zuen ikuspegia fandangora, porrusaldara, arin-arinera eta kalejirara mugatzen zen, baserritik jaitsitako zerbait izango balitz bezala. Bateria, baxua eta gitarra nahastearekin nortasun berri bat hartu zuen eta soinu berri eta zeharo atsegina lortu genuela iruditzen zait oraindik ere. Trikitixa gustatzen ez zitzaionari ere atsegina egiten zitzaion soinua egiten hasi ginela uste dut”. Iñaki Garmendia azkoitiarrak, tradiziozkoa diogunaren defendatzaileagoa beti ere, bestelako musika-tresnekin soinu txikiak izandako “eboluzionie” onartzen du. “Lau lagunen talde horiekin trikitixa asko zabaldu zen. Noski, trikitilari zaharrenek ez zuten modu honetan ulertzen”.

Aitzindari eta eredu
Tapia eta Leturia rock-pop talde formatu berri honen aitzindariak izan ziren. Gainera, belaunaldi gazteek formatu hau eredutzat hartu zuten, ia talde denek. Bistan da halako eredura talde asko sortu zela. Eta, aurretik inoiz ez bezala, gazteengan sekulako konexioa lortu zen honi guztiari esker”, Iker Goenagak dioenez. Hortaz, derrigorrezkoak zaizkigu jada honen harirako Joseba Tapiaren iritzien berri izatea. Dena dela, berak onartzen duenez, berak ez zituen halako aldaketak trikitixa tradizionalaren eta modernoaren arteko tira-bira bezala sekula ikusi. “Eta gaur egun ere ez dut horrela ikusten”, zehazten du. “Oso kontzeptu irristakorrak dira trikitixa tradizionala, trikitixa modernoa. Berrikuntza eman zen, aldaketa ere bai. Gure irakasleek erakutsi zigutena behar bati erantzuten zion trikitixa izan zen: erromeria bat nola antolatu, errepertorioa hautatzerakoan zer jarrera eduki, eta teknika. Beste guztia libre eduki dugu eta intuizioak erakutsi digu nondik nora jo. Horrela, txapelketek beste estilo bat bultzatu zuten. Nolabait, trikitixa desnaturalizatu egin eta deigarri izatera bultzatu zen; birtuosismoa, espektakulua, alaitasuna…” gaineratzen du. 90. hamarkadako trikitixaren nolabaiteko urrezko urteei dagokionez, “aluzinazio baten antzera bezala, desertu batean iturri fresko eta aintzira zabalak ikusi” zituztela onartzen du. “Denak hartu zuten parte horretan: Trikitilariek, irrati-telebistek, ikastolek, txoznek, tabernek, diskoetxeek, dendek, kultur zinegotziek… Baina guzti hauei trikitixa moderno bat interesatzen zitzaien, tradizionalean gelditzen ez zena, mestizatua, Estatu Batuartua. Denok erori ginen tranpan eta gerora etorriko zen hondamena ez genuen igarri”, Joseba Tapiak ondorioztatzen duenez.

Eta orain, zer?
Ez dago girorik, egia da. Hots, musikaren globalizazioak arrain txikiak jaten ditu halabeharrez, eta honen ondorioz goibel dago zeru gain guztia, baita euskal musikarena ere. Halaber, trikitixarena. Pirateria dela. Diskoetxe txikienen egoera ezin aldapatsuagoa dela. Kontzertuen beherakada dela. Haatik, Asier Gozategiren kasuan bederen, orain dela hamarkada bat egoera ez zela hobeagoa dio eta trikitixak atakari eutsi ziola nabarmentzen du. “Noski. Kulturaren homogeneizazioa ikaragarria da. Aldiz, eta trikitixari dagokionez, trikitilari guztiak zaku berdinean sartu arren, bakoitzak eskaintzen duguna izugarri diferentea dela iruditzen zait. Nik bederen, 94.ean gure lehen diskoa atera genuenean guztia beltzagoa ikusten nuen. Trikitixak ez luke mugarik behar, inolako mugarik. Trikitilariak zerbait ezberdina eskaintzeko kezka eduki behar du. Arriskatu egin behar da. Arrakastaren gakoa arriskua da, jakinik, noski, arrisku horren emaitza porrota izan daitekeela”.

Bitartean, Lajaren kezkak bestelakoak dira: Pintxadiskosa eta gazteengan telebistatik bideratzen diren zaletasunak. “Gero eta jende gutxiago agertzen da trikitilarien emanaldietara. Operación Triunforen arrakasta aipatzea besterik a ez dago. Are gehiago; leku askotan ikusi dut nola ezkontzetan pintxadiskosa alokatzen duten. Pintxadiskosa madarikatu beharreko gauza da. Pintxadiskosek hemendik bi-hiru urte barru orkestrak eta trikitixak, guztiak jango ditu”. Izan ere, agerikoa da.soinu txikiak jaiarekin tradizionalki izan duen lotura. Betidanik egokitu zaio trikitixari festaren girotzea eta zalaparta. “Agian, gu guztion arrakasta moda kontua izan zen, eta moda guztiek dute behin behinekotasuna”, nabarmentzen du Alaitz Telletxeak.

Honexegatik, etorkizunari aurre egin ahal izateko, erromeriak eurak suspertzea egoki ikusten du Alaitzek, “horixe delako soinu txikiaren ingurune naturala. Erromerietan ikusten dut nik gure tokia”. Noski. Ez da gauza erreza etorkizuna irakurtzea. Alabaina, Beloki panderojoleak kritikari tarte txiki bat egiten dio bateria-baxua-kitarra formularekin lortutako arrakastaren baitan. Bere ustez, hasiera batean erakargarritasun bat ekarri zuen jende askorentzat. “Gero, baina, zer gertatu da?”, geldegiten du bere baitarako. Erantzuna ere berak askatzen du barrura egindako itauna bukatu bezain pronto: “Agian, gauza gehiago sortzen ez dugu asmatu. Jendeak beste gauza batzuk nahi ditu eta ez dugu ahalmenik nahi duten hori eskaintzeko”. Hala, egoerari aurre egiteko tenorean, “beste musikekiko influentzia ona edo txarra izan daiteke. Zer hautatzen den dago ikusi beharra. Trikitixak beti hartu du kanpoko musikatik; fandangoak, tangoak, pasodobleak, schotishak, mexikanak, rock, rap, reggae, pop…. Baina geroz eta hautaketa txarragoa egiten dela iruditzen zait. Hau nire iritzi pertsonal eta subjektiboa da , baina horrela sumatzen dut. Modak gehiegi agintzen du”, onartzen du Joseba Tapiak. Horrenbestez, “erromerien dibertitzeko modu hori jada akabatuta dagoenez, erronkak sortzen hasteko garaia dugu. Eboluzioa inoiz hasi bada, oraindik urrats gutxi batzuk baino ez ditugu eman”, Tapiak azpimarratzen duenez. Alta, nola?. “Ez diot hainbeste garrantzi eman nahi trikitixarekin bakarrik jarduteari edo flauta trabeserarekin edo pianoarekin nahasteari. Mezuaren eta poesiaren aldeko apustua da nirea”, dio.

Guztiagatik, bada, Angel Valdesi utziko diogu azken hitza, “gure katalogoan eskaintzen dugunetik iritzi diodalako”. Izan ere, Elkarlanean diskoetxearen zigilupekoak dira karrikan dauden trikitixa disko gehienak, eta bere ustez, “garai batean berria suertatu zen hori ez da gehiago garatu. Instrumentazio berdinarekin antzeko soinua lortzen da eta abesti brillanteak behar dira halabeharrez. Hala eta guztiz ere, musika ura bezalakoa denez, eta beti irten egiten den moduan, ziur naiz trikitixak etorkizunari helduko diola”, azaltzen du. “Trikitixa jotzaile gehienak gazteak izan direnez, pop taldeak zirela pentsatu izan dute, baina pop zaleek ez dute trikitixa entzuten. Hortaz, soinu txikia beste instrumentu tradizionalekin uztartu beharko litzateke, bere timoia musika herrikoiaren iparrerantz mantenuz. Alegia, erraza izan behar du, transmititzeko gaitasuna duena, konplikaziorik gabekoa, musika herrikoia ahotik belarrira transmititu behar delako, lehen inpaktuan”. Tira. Eta manatu honetan, besterik ez, iritzien saskia mukuru bete den aldetik.

No hay comentarios: