Kazetaria eta musika adiktoa
Duela egun gutxi Euskal Herriko musikari beterano ezagun bati egindako elkarrizketa entzun nuen lehen PNV eta orain PPSOEren propaganda tresna den irrati «publikoan». Elkarrizketa entzuten ari nintzela bi gauza etorri zitzaizkidan bereziki burura. Batetik, ze presentzia gutxi duten musikariek komunikabide handietan (Durangoko Azoka garaian izan ezik, agian) eta bestetik, ze paper duen musikariak horrelako elkarrizketa baten aurrean.
Musikaz oro har gutxi hitz egiten da komunikabideetan, eta are gutxiago oraindik entzun daiteke musikari baten ahotsa zuzenean. Kulturari eskainitako atal laburretan, batzuetan, eta kazetariak aukeratutako esaldi laburren bat gehienez. Buruan dudan elkarrizketa honek hogei bat minutu iraun zituen (asteburuko saioa zen) eta komunikabide «handi» batean, musikari batek, agertokietatik edo kantuen letretatik kanpo, jendeari zuzenean gauzak adierazteko aukera ona dela pentsatu nuen. Elkarrizketa oro, neurri batean, elkarrizketa egilearen galderei lotuta dago, noski; baina, horrelakoetan, musikariak (eta edozein elkarrizketatuk, oro har) aurrez elkarrizketa horretan zabaldu nahi duen mezua zein den hausnartu beharko luke? Ziur naiz elkarrizketatua izan den jende asko, elkarrizketa amaituta, berarentzat garrantzitsuak diren gauzak esan gabe geratu dela askotan; horri buruzko galderak egin ez dizkiotelako, denbora faltagatik, komunikabide horretan gai horri buruz hitz egitea «delikatua» delako eta abar.
Buruan dudan elkarrizketan, elkarrizketatua nafarra da, ezkertiarra eta euskaltzalea. Elkarrizketan zehar bere ibilbide oparoaz eta kaleratutako azken diskoaz hitz egin zuten eta, diskoaren edukiari tiraka, 1936ko Gerran frankoren aurkariek jasandako errepresio basatia salatu zuten. Gertatu zenari buruz dagoen ezjakintasuna eta egun, garai hori isilarazteko dagoen interesa salatu zuten era berean. Une batean, Afrikako etorkinen egoera latza ere aipatu zuten. Elkarrizketaren azken segundoak ziren eta horretan utzi behar. Eskerrik asko eta agur. Nafar euskaltzalea izan eta euskarak bizi duen egoeraren inongo aipamenik egin ez? Urteetan gazteekin agertokiak eta afariak konpartitu eta gazte ezkertiarrek sufritzen duten errepresio basatiaren aipamenik ez? Elkarrizketa egileak gai horiek ez ateratzea ulertzekoa da (lanpostua galtzeko beldurra duen morroiaren ikuspuntutik) eta elkarrizketatuak ere ez du zertan horri buruz hitz egin, ezta? are gutxiago horri buruz ezer galdetzen ez zaionean, ala?
No hay comentarios:
Publicar un comentario