Musikari askoren ustez musikaren galtzaileak gara. Ez dut esan nahi musika galtzera daramagunik, baizik eta, musikak -hitz larriekin- eta ingurukoak barrenak kentzen dizkigula.
Galtzaile huts-hutsak baino ez gara, derrigortuta. Musikariak egingo ditu hotsak eta zaratak, hau eta beste esango du, baina boterearen «errekuperazio» lana nonahi eta noiznahi ematen da. Irabazten goazela dirudienean ere, gerri-joko mugimendu ikusezin batez berriro izkin egiten digute. Baina ez dadila, nahiz eta galtzaileak izatera derrigortuak garen, derrotismoan erori gure ekimen diskontinuoa.
Tokian tokiko hondar txikienak beste hondar txikiak ditu alboan, bata bestearen babesean sentiarazi behar dugu. Hitz apurrekin kontakizun irekiak eta taldezaleak eginez komunikazio zuzenaren itzalean ibiltzeko xedea. Doinuak eta leloak ahoz aho zabalduko dira etengabe eta kantu horiekin eta horietan eramango dugu gure jarreraren tanta orobustitzailea. Tanta horiek atera, batu, banatu, aireratu eta bizitzeko duintasuna irabazi. Beti galtzaile, beti duin.
Baina arerioaren aurpegia inoiz ahaztu gabe, nahiz eta zalantzaz beteta egongo garen maiz. Etorriko zaigu erantzunaren zentzua, jarrera galtzeke. Koertzioaren industria eta erabakiaren monopolioa debekua da. Martxan jarri behar den lehenengo askatasuna, berdin da non, norberak bere kabuz pentsatzea da eta uko egin eta salatu edozein behartze edo derrigortze mozorro. «Dena ongi» faltsuak gainditu egiten du benetako «bizitzeko sena». Jakin dezagun askeak izaten. Jakin behar dugu zein eratan zapaltzen gaituzten eta zein eratan autoerreprimituak edo harrapatuak gauden fantasia batean, non ideiak diren zapaltzen gaituztenak. Soldata-alienazioa Mendebaldeko zibilizazioaren anestesia garaikidea da. Plazeraren egia norberaren ukazio oro uxatzean datza. Egiaren plazera sibarita eta osasuntsuki oparoa da. Ahots azkar eta hordigarriarekin seduzitu nahi izango gaituzte, askatasun osoaren eufemismoarekin. Kantu askotan iradokitzen zaigu zintzo izan gaitezen. Beste makina bat kantutan, ordea, matxinadaren oihu eta urrutiko soinuek kontrako bidea hartzea aholkatuko digute. Errealitatea beti gatazka itxurarekin aurkituko dugu, eta berau ez balego, sor dezagun.
Debekatutakoa da gure askatasuna; hots, musikaren askatasuna. Zatiketan oinarritutako gizarteetan (gurea) ondoko bipolarizazioak eragiten du bizitza soziala; hau da, zapaltzaileak-zapalduak, zuzendariak-zuzenduak... Hemen, hitz egitea, ezeren aurretik, hitz egiteko beharra edukitzea da, edo beste modu batean esateko, boterearen jardunak hitzaren menderakuntza ziurtatzen du. Ondorioz, soil-soilik nagusiek, zapaltzaileek eta zuzendariek hitz egin dezakete; zapalduei geratzen zaien gauza bakarra isiltasuna da errespetuaren aurrean, isiltasuna terrorearen aurrean. Hitza eta boterea bata bestearen konkistarekin datoz. Jo ezazu... beste behin.
No hay comentarios:
Publicar un comentario