Andoaingo Gaztetxea, aitzindaria izan zen kontzertu antolaketan, garaian sortzen hasi ziren gune okupatu eta autogestionatuen artean. Garaiko udaletxe eta instituzioetatik eskaintzen zuten potean sarturiko kulturaren aurrean, musika ulertzeko eta bizitzeko beste era bat bilakatu zen gaztetxea eta hemen topatuko dituzuen argazkiak adierazitakoaren isla argia da. Musika, negozio hitzaren gainetik, sentimendu, aldarrikapen eta gozamenenerako tresna bihurtua. Azken batean, DIY (Zuk zeuk egin) filosofian oinarrituriko bizi filosofia muturrena eramana.
Euskal Herriko musika talde ugariek eman zituzten lehen pausoak Andoaingo gaztetxeko lau pareten artean eta Europa zaharretik edo munduko edozein txokotik etorritako musika taldeek ere, irekiak izan zituzten gaztetxeko ateak. Zentzu horretan, gaztetxea musika eskola aurreratua izan da Andoaindar musikari askorentzako eta bertara gerturatu izan diren musikazaleentzako.
Batez ere, "undergraund" giroetan oinarrituriko eszenaren lekuko da liburu hau. Punk, Rock eta Hardcore musika lantzen duten taldeak topatuko dituzue irudietan, urte horietan gure gaztetxetik igaro ziren talde guzti horien botoi txiki gisara. Garaian bizitako abiadura eta ostia txarraren isla garbiena dira honako argazkiak; 35 milimetrotako negatiboetan ondu diren harribitxi txikiak.
Argazki liburu honek, DVD erako lan bat ere badakar gorderik. Bertan, 3000 argazki baino gehiago topatuko ditu irakurleak, zeinetan, liburuxkan aukeratu diren irudiez gain, beste milaka argazkiekin gozatzeko aukera izango duela hartzaileak.
Liburu honetan agertzen diren argazki guztiak, Aitor Arregi "Txisto"k atera zituen bere argazki kamerarekin. Bertan, zuri beltzeko aro bat islatzen da nabarmenki, digitalizazioak eta teknologi berriek oraindik irentsi ez gintuen sasoia. Urteetan zehar, eta berak jakin gabe, eszenaren zati handi bat irudikatu zuen "Txistok" eta hemen egindako lan guzti horren bilduma aurkeztera gatoz.
Azken batean, oraindik bizirik dirauen filosofia baten aldarria dago irudi bakoitzaren atzean; Andoaingo lehen gaztetxea okupatu zela 24 urte igaro diren honetan, oraindik bizirik eta tinko eusten zaion autogestioa izeneko hitzari.
Aitor Arregi "TXISTO" (1960/1994) irudi bidezko zati handiena biltzen duen liburu eta DVDa da ISTORIO BAT KAMERAREN ATZEAN. 80. hamarkadatik, 90. hasiera bitartea Hardcore eta punk mugimenduaren argazkiak biltzen ditu.
1 comentario:
Zuek musika maitatzen al duzue?
Publicar un comentario