Gara
Euskal musikagintzaren inguruko galdera sorta etortzen zait burura zutabe hau idazteko asmotan nabilen bakoitzean. Galdera sakon eta erantzunik gabekoak dira asko, beste batzuetan erantzuna ematen dut galdera bota baino lehen, badakizu, hau demokrazia da. Baina bada bat bereziki korapilatsu eta burmuinean bueltaka daramadana azken hilabeteetan. Oraindik erantzun ezin dudana eta buruhauste ugari ekarri didana. Zergatik abesten dute erdaraz Euskal Herriko (Hego Euskal Herrikoak bederen) punk-rock talderik gehienak?
Ez al da kuriosoa, adin eta geografiagatik okerrenera ere B ereduan aritu eta ustez euskaraz komunikatzeko arazorik ez duten gazteek, Cervantes eta Eskorbutoren hizkuntza aukeratu izana sistemaren kontrako aldarri basatiak egiteko? Hainbat hipotesi darabilt buruan, zeuk aukeratu egokiena.
Lehen hipotesia, kultura unibertsalaren aldeko edozein pertsona azkar eta kosmopolitak asmatuko duen gisara, hauxe da: euskara hizkuntza arkaiko eta «premodernoa» denez, ez du balio eduki zirikatzaile eta gordinak botatzeko, eta kito, ez eman buelta gehiagorik. Txirritaren poster bat oparitzeko moduan.
Bigarrena: punk-rocka, Euskal Herrian, espainol hiztunen kontua da. Euskal hiztunok nahiago ditugu Xiberoako kantuak eta heavya. Ez dakit bi hipotesi hauetatik zein den penagarriena.
Azkenean emaitza berbera da, euskaldunak arloteak izateko baino ez gara jaio.
Sistemaren aurkako militante sutsuak izanik euskara bera ere sistemak inposatutako mugekin identifikatzen ote dute gazte hauek? «Ipurbeltz» esaterakoan, adibidez, andereñoaren aurpegia agertzen al zaie, mutil zintzo eta jatorrak izan behar dutela eta euskarak ez duela biraorik erabiltzen gogoraraziz? Horrela bada, normala da, beraz, beren barruak askatu eta guztiaren kontra garrasi egin nahi dutenean espainola izatea eztarrira etortzen zaien hizkuntza. Hauxe litzateke, euskararen kalterako, hirugarren hipotesia. Izorra daitezela ikastola guztietako andereñoak!
Bada, ordea, laugarren bat ere. Askoz ere praktikoagoa eta soziologikoagoa. Nola ez, soziologia saiotxoa egin beharko, gauza jakina baita euskaldunon laugarren bizioa dela soziologia, jate, edate eta masturbazioaren ondoren. Gazte hauek ez daukate nahiko hizkuntza maila adierazi nahi dituzten edukiak modu eraginkor eta zuzenean botatzeko, hori egiteko erdara erabili behar dute, ez bakarrik kantuan, baita lagunari ziria sartzeko ere, norbaitekin haserretzeko, norbaiti kontuak eskatzeko edota gizartearen hondamendiaz aritzeko. «Euskañol»aren moduko zerbait beharko al dugu punk-rocka euskaraz entzuteko?
Beste azalpenen bat bururatzen bazaizue hona hemen nire e-posta helbidea:
No hay comentarios:
Publicar un comentario