22/1/11

«... kalerik kale danborra joaz...»

Anartz Bilbao musikazalea
GARA

Ehun eta hogeita bederatzi kilometrora danbor hotsak dira eta ni lerrook idazten ari naiz. San Sebastian eguna ospatzen omen da Gipuzkoako hiriburuan.

Odon Elorza, Donostiako alkateak, inoizko alaiena izan dadin edo, danborrada «menos politizada» eskatu omen du, esaldiak berak politizatuko ez balu bezala. Egia esatera, bertakoak ez garenontzat, zaila da ulertzen. Ez, ez, danborradaz ari naiz, eta ez Elorzaren esanez; hauek ere sarritan ulertzen errazak ez diren arren. Eta txikitatik zarata eta iskanbila zale amorratu izan den batek esaten dizue, zinez. Kostatzen zait danborradak duen «martzialtasun» hori ulertzea, denak ilaratan antolatuta txukun-txukun agertzea, artez eta lerden.

Eta oilarren martxetatik gau ibileretara, Iban Zalduak aspaldi Gerardo Markuletarekin batera Ereinen argitaratu zuen «Ipuin euskaldunak» liburuaz gogoratu naiz, eta bertako «Zergatik gorrotatzen dituzte donostiarrek bilbotarrak?» galderak gordetzen zuen ipuin ironikoaz.

Ipuinean, sutearen ondorengoa litzatekeen «zeremoniyaren» ohitura agertzen du Zalduak, donostiarrei donostiar izaten irakasten diena; «sarbide edo iniziazio errito soil bat litzateke, denborak korapilatutakoa (...) eta zeremonia gehienak bezala tradizio handiko leku batean ospatuak. Urgull mendiaren magalean, Gaztelubide soziedadearen azpian, ezkutuko soto zabal eta heze batean». Irakasleak gogoratzen duenez, «Donostiako gurasoek umeek zazpi urte betetzen dituzten egunean bertan, dotore-dotore jantzi eta iluntzerakoan Gaztelubidera eraman eta atarian uzten dituzte», belaunaldiz belaunaldi. Sukaldeko txoko batetik sotora jaitsi eta «zuziak, Danborradako bandera, Errealeko futbolari ospetsuen hezurdura zintzilikatuak...»; «zeremoniyarako» prest, helburu didaktiko batez: «jabetuko ginen Kantauriko Perlaren edertasun hilezkorraz, jaki onak frantsesek baino hobeto dastatu eta prestatzearen sekretuez, mota guztietako arteaz gozatzeko erraztasunaz». Gero Bilbo azaltzen zaigu, baina ez dugu ipuin guztia zutabetxora ekarriko, badaezpada.

Bizkaitar naizen honi haren adar-jotzaile senaren ariketa zirikatzailea begitandu zitzaidan ipuina... harik eta familia sasi-donostiarra osatu nuen arte. Eta aitor dezadan; gurean, etxeko txikiak urte erdia ere ez du bete, Bilbon jaio eta Bilbon bizi da... abizena ere jaioterriarena darama. Baina kasketaldiak izaten dituenean, oso mutiko lasaia den arren izan izaten dituelako, edozein haurrek bezala;... Sarriegiren «San Sebastian martxak» baino ez du ekartzen bere onera, danborrada amaren ahotsean -edo Erregeek oparitutako «Donostiako arriada» Union Artesanako diskoan- entzuteak baino ez du lasaitzen!, aitatxok makina bat saiakera egin dituen arren -Athleticen «ereserki hunkigarriarekin», behin eta berriro-.

Gaur etxeko txikia Donostian da, «zeremoniyaren» bere aurreneko «dosiya» dastatzen -bizkor hasten dira gaur, zazpi urte bete beharrik gabe-. Eta konturatu orduko danborra jotzen ere hasiko da. Koxkeroa atera zaigu, ai ama!