21/8/09

Herri sorkuntzak ez du etenik udan

2005ko GazteMugi ekimenean sorturiko musika eztabaidaren ondorioz jaio zen MusikHerria egitasmoa. Garai horretan, ilusioz beteriko ametsa zena, gaur egun errealitate mardula da, egunez egun gauzatuz doan musika mugimendu herritarra. Txurrustada, Norte Apache eta Garagardo Gura taldeen diskoak kaleratu berri dira egunotan.
Koldo OTAMENDI (Gara)
Lau urteko ibilbide diskografikoan, 60 erreferentziatik gora kaleratu, eta gaur egun MusikHerria egitasmoa osatzen duten musika taldeak berrogeitik gora dira. MusikHerriako kide den Gorka Chamorroren esanetan, «herri mugimenduaren parte sentitzen gara, eta ohiko diskoetxe bat baino gehiago, musika taldeen esku baliabideak eta tresnak jartzea dugu helburu, kulturgintzan eraginez kolektibo gisara». Urte hauetan guztietan ugariak izan dira abian jarritako ekimenak, baina esanguratsuena akaso, lizentzia libreen aldeko apustua egin izana da. Hain zuzen ere, MusikHerriak martxan jarritako Copyleft lizentziaren aldeko borrokak, ate berriak ireki ditu euskal musika eszenan. Euskal Herrian musika talde askoren artean betidanik landutako bidea izan da autogestioz aurrera ateratako diskoen argitaratzea, baina MusikHerriak era kolektiboan eztabaida mahai gainean jarri izana, musikari askoren perspektiba handitu besterik ez du egin. «Lizentzia libreen afera garrantzitsua izan da beti. Ez dugu bat egiten diskoetxeen lan ildoekin eta bide horretan alternatibak sortzen saiatu gara. Musika mundua garapen azkarrean doa, eta egun, sona duten Euskal Herriko musika talde batzuk ere hasiak dira Copylefta erabiltzen beren diskoak argitaratzeko».


Zigiluko honetako disko gehienak, bost edota sei euroen truke eskura ditzake nahi duenak, zirkuitu antikomertzial, musika denda, gaztetxe edota musikarekin lotura berezia duten taberna ugaritan. Azken urte hauetan zabaldu omen den krisi diskografikoak ez du eraginik izan, ordea, diskoetxe herritarraren salmenta kopuruetan, ez behintzat beste zigiluetan eragindako moduan. «Nagusiki, 14 edo 16 euroan saltzen diren diskoak jasan dute salmenta beheraka handiena, eta hein batean zentzuzkoa da hori. Orokorrean entzule asko ez dago prest diru kopuru handi hori ordaintzeko CD baten truke» dio Gorkak. CDen salneurri herrikoia eta banaketa sare eraginkor batek, diskoen zabalpenean lagundu dute.


MusikHerria egunez egun garatuz doan egitasmoa da, eta aurtengo uda ere erabili dute barne antolakuntza eta lan ildo berriak martxan jartzeko. Hil hasieran Zarautzen eginiko bilkura batean, aurrera begirako egitasmoak itxuratu zituzten Putzuzulo gaztetxean buruturiko asanblada orokorrean. Autogestioa eta asanblada oinarri, hasierako ideiei tinko eusten diete, proposamena eguneratu eta eragiteko modu eta bide berrietan sakonduz. MusikHerria ez da beste diskoetxeen modukoa. Musika, negozio hitzaren gainetik, sentimendu eta kolektibotasunean oinarrituriko bizi filosofia da eurena. Beste zigiluek bezala diskoak kaleratzen dituzten arren, sukaldeko lana erabat ezberdina da. «Gure asmo bakarra ez da diskoak kaleratzea. Azken batean, gure egitekoa musika taldeen esku baliabideak jartzean datza, musika taldeak bilakatzen direlarik euren lanaren protagonista bakarrak». Bide horretan, MusikHerriaren jarduna ez da soilik diskoen fabrikazio eta argitaratzera mugatzen. Musika taldeen arteko erlazioak bultzatu, kontzertu birak antolatu eta euskal kulturgintzan eragitea dira egitasmoaren helburuetako batzuk.


Udako hilabeteak ez omen dira diskoak kaleratzeko garairik hoberenak. Asko dira, nahiz eta diskoa aldez aurretik amaitua izan, iraila bitartean kutxan sartuta dutenak, diskoari bide emateko une egokiago baten esperoan. Horretan ere, MusikHerriako taldeak ezberdinak dira. Norte Apache taldearen «Hesiaren beste aldean», Garagardo Guraren «Menu del dia» eta Txurrustada iruindarren «Izateko jaioak» lanak uztaila eta abuztuaren lehen egunetan argitaratuta daude.


Gasteiz Tropikala
Gasteiz tropikal eta beroaren azken emaitza da Garagardo Gura zortzikotea. Reggae eta ska musikaren inguruan sorturiko musika taldeak, Potato edo Betagarri bezalako taldeen eraginpean eman zituen lehen pausoak. Urte hauetan guztietan ehun emanaldi inguru eskaini dituzte, eta taldearen musika era garatuz joan da taldekideen aldaketaren eta urteen poderioz. «Doble Malta» izeneko maketa izan zen taldearen estudioko lehen lana, duela bi urte, eta iraupen luzeko lehen grabaketa aurkeztera datoz orain. «Menu del dia» diskoan nagusiki reggae eta ska giroak topatuko ditugu, baina taldeak ez dio muzin egiten musika joerak zabaltzeari, eta hor dago gasteiztarren benetako izaera. Hector, taldeko gitarra-jotzaileak hala dio musika garapenari buruz galdegitean. «Hasierako urteetan ez genuen oso argi zer egin nahi genuen, eta gure eraginak oso bistakoak ziren. Une honetan ordea, funk edota metal musikaren eraginak ikus daitezke lan berrian, eta azken emaitza pertsonalagoa bilakatu da».


Taldearen lehen diskoa den «Menu del dia» lana grabatzeko Alberto Porres teknikariaren laguntza izan dute Iruñeko K estudioetan buruturiko grabaketan. Porresek, nagusiki punk eta rock musika grabatzera ohituta dagoen arren, ederki jakin du Garagardo Gura taldeari barnekoa ateratzen, soinu bero, alai eta dantzagarria lortuz. Musikalki, festa eta dantzarako erritmoak nagusitzen diren lan honetan abestien hitzek jartzen diote kontrapuntua, arlo ugaritako gaiak uztartzen dituztelarik. «Hitzetan gai pertsonalagoak eta orokorragoak tartekatzen ditugu. Heroina eta droga berriak, musika eta kultura ulertzeko modu ezberdinak, kalamuaren legalizazioa, 1936ko gerra zibila...». Oraindik ere entsegu lokalean kantu berrien sorkuntzan buru-belarri ari diren arren, zuzeneko emanaldiak dira taldearen jomuga nagusia. Larunbatean Bilboko Aste Nagusian 7 Katu gaztetxean izango da taldea zuzenean ikusteko aukera. Irailean berriz, Zurbano, Sopuerta, edota Gasteizen ikusi ahalko du nahi duenak Garagardo Gura-ren zuzenekoa.


Hip-hop apachea
Euskal Herrian hip-hop musikak izan duen gorakadaren adierazgarri izan daiteke Bilboko Norte Apache taldea. 2005 urtetik taula gainean, euskaraz eginiko rap musika jorratzen dute. Taldearen lehen diskoa aurkezten ari dira egun, «Hesiaren beste aldean» izenekoa eta hirukoa emanaldi ugari eskaintzen ari da. «Lan ildo ezberdinak ditugu gure egitasmoa zuzenera eramateko garaian», adierazten digu Raycok, taldeko MC edo ahots gidariak. 2007an sorturiko banda izan arren, Euskal Herriaren luze-zabalean kontzertuak emateko aukera izan dutela aitortzen digu berak. «Aritz Sound System eta Xabier Silveirarekin batera bertsolaritza eta hip-hopa uztartzeko asmoz sortu genuen emankizunari esker, kontzertu ugari eskaintzeko aukera izan dugu». Bestetik, Norte Apache bezala, taldearen kantak jotzen dituzte, horietako asko, iraupen luzeko lehen diskoan barneratu dituzte. Ibon eta Rayco, MC lanetan, eta Aitor, disko-jartzaile moduan, horiek dira Norte Apache taldeko kideak. Kantuen errimek badute nolabaiteko norabide zehatz bat, lehen grabaketa hau disko kontzeptual baten gisara har daitekeelarik. «Mugatzen gaituzten arazoen aurrean mugitzera deitzen dugu, egunero jartzen dizkiguten hesiei aurre egitera». Norte Apache taldea, Euskal Herriko beste hainbat hip-hop talderekin batera, «EH3» izeneko kolektiboaren parte dira, non elkar ezagutzea eta lankidetza bultzatzeaz gain, «soilik Euskal Herrian egin daitekeen rap euskaldunaren aldarrikapena egiten dugu».


Gazte indarra
Gazte-gaztetatik musikaren arra barruan, ikastolan sortzen diren talde horietakoa da Txurrustada. Lehen emanaldia esaterako, Iturramako institutuan burutu zuten, 2006ko abenduan. Egun bataz beste 18 urte dutela taldekideek, gaztetasuna eta ilusioa azaleratzen dira beren sorkuntzetan. Musikalki norabide zehatzik ez duten arren, rock, punk eta ska giroak jorratzen dituzte nagusiki. Taldeko gitarra-jotzailea den Atarratzeren esanetan, «apurka gure bidea jorratzen ari gara, taldekide bakoitzaren asmo eta gustuko musikak sortzen eta gure kantuak egiten». Hasierako urteetan, ordea, bertsioak izaten ziren zuzeneko emanaldien zutabe, baino une honetan taldearen sorkuntzak dira kantu zerrendan nagusi. «Bertsioak jotzen hasi ginen eta besteen artean, Kuraia, Negu Gorriak, Obrint Pas eta Etsaiak taldeenak moldatzen genituen».


Berriki argitaratu duten «Izateko jaioak» diskoan beste musikarien lankidetzarik ere izan dute. Kasu! taldeko Sahatsek edota Arkadako Enanok «Musika askea» kantuan ahotsa eta gitarra sartu dituzte, hurrenez hurren, eta saxoa eta tronboia ere entzun ahal dira beste kantu batean. Une honetan taldea geldialdi batean dago zuzeneko emanaldiei dagokionez, baina laster batean etorriko dira oholtza gaineko saioak. Honakoa adierazi digu Atarratzek: «Diskoa aurkezteko gogo izugarriak ditugu, baina bateria-jotzaileak izandako istripu bat medio, udazkenerako atzeratu ditugu emanaldiak».


Euskal herria eta saharako borrokak disko bilduma batean
Diskoetxe soila izatetik harantzago, MusikHerriaren kolektibo izaerak, musikaz gaindi kokatzen du zigilu herritar hau. Apenas lau urteko ibilbidean argitaratu dituzten disko kopuru esanguratsuak eta abian jarritako ekimen ugariek, musika agitaziorako lantresna baliagarria bilakatu dute MusikHerria. Herritar izaerari helduta, ugariak izan dira zigilutik martxan jarritako ekimenak, betiere beste hainbat kolektiborekin elkarlanean. Abiadura Handiko Trenaren kontrako borrokan, ikasle mugimenduaren alde edo presoekin elkartasunean esaterako musika urratsak eman dituzte, emaitzak disko bildumetan islatuz. Abenduan ikusiko du argia MusikHerriaren azken elkartasun egitasmoak. MusikHerriako sukaldean Sahara eta Euskal Herriaren arteko elkarkidetza musikala izango dena egosten ari dira une honetan. Hamar talde eta bakarlaritik gora batuko dituen egitasmo hori, Saharako errealitatea musika bidez islatuko duen disko bat bilakatuko da. Diskoa Durangoko azokarako kaleratuko dute.

No hay comentarios: