Guztiok dakigu zer edo zer dinosauroei buruz. Filmaren bat ikusi dugu, dibulgazio artikuluren bat irakurri, inoiz haien inguruko erakusketaren batean ere izan gara. Uztartu ditzagun, bada, musika eta paleontologia.
Berez, punk mugimenduaren lehertzearekin batera hasi ziren dinosauro hitza erabiltzen musika taldeei lotuta. Gauzak egiteko beste modu batzuk aldarrikatzen zituzten gazte lotsagabeak dinosauro hitza erabiltzen hasi ziren, rock & rollaren izpiritu oldarkorra, aspaldi, alde batera utzia zuten talde eta musikariez aritzeko. Dinosauroak ziren adinagatik eta ideia faltagatik; 1960ko hamarkadatik zetozen gehienak. Dinosauroak ziren mugitzen zuten azpiegitura hanpatzaileagatik; showak eta ekonomiak menperatua zuten musika. Baina, dinosauroak ziren rocka, zer edo zer aspergarri, tekniko, intelektual, ez kaltegarri, hitz batean, alienatzailea bilakatu zutelako. Baita Euskal Herrian ere.
Zertara datorren sarrera hau? Ba ote dago euskal rockean dinosaurorik? Ba bai, inor mintzeko gogorik gabe, baina badaude (bagaude) eta ugari (ene uste apalean).
Galdera bururatu zitzaidan Donostiako Piratek aurten antolatutako kontzertuen kartela ikusi nuenean. Zorionak haiei, ematen duten astinduagatik. Baina imajinatzen dut anbulantzia medikalizatu bat prest zeukatela agertoki parean, droga gehiegikeriak baino musikarien prostata arazoak ekiditeko. Horrenbestekoa zen-eta taula gainean aritutakoen bataz besteko adina. Espero dut jende asko egon izana, batez ere antolatzaileek zulorik egin ez zezaten, baina non daude euskal rockaren kimu berriak? Hauek ere entzule gisara aritu behar, bertan, (bueno, Esne Beltza han zegoen, gaitz erdi, baina hauek ere ez dira hasi berriak).
Agian ez dauka euskal rockak kimu berririk, eta espejismoa baino ez dira, prentsan, noizean behin, ikusten ditudan talde eta diskoen aipamenak. Agian ez da kezkagarria azken urteetan gertatzen ari den 1980ko hamarkadako musikaren revival hori. Agian ez da kezkagarria euskal rockaren freskotasun eta ideia falta...
Dinosauroak egon badaude euskal rockean, hori ez da kaltegarria, normaltasun seinalea ere bada. Kezkagarriena, benetan, dinosauroei ipurdian astinduko dien (digun) musikari gazte, oldarkor, ausart eta lotsagabeen falta da. Inoiz, beren bideari jarraituta, dinosaurio bilakatuko direnak, jakina. Beste gazte oldarkor eta lotsagabeak etor daitezen ondoren..... edo Kortaturekin bukatu zen behin betirako euskal rocka?
No hay comentarios:
Publicar un comentario