1/10/10

Musikaren generoak

Ritxi Aizpuru Musika argitaratzailea
GARA

Trastorna2 Basauriko taldearen «promo» orria idaztean berriro topo egin dut musika generoen eta estiloen eztabaidarekin. Generoak zertarako balio du? Taldea definitzeko «rock azkarra» eta «punkaren bizitasuna» hitzak erabili ditut. Taldeak ihardetsi dit, inolako etiketarik gustuko ez duenez, ez duela inolako musika estilo zehatz batean sartzerik nahi.

Eta gehiago: «Jendeak ongi pasatzeko gogoa duela uste dugu eta momentu batez, gutxienez, aske sentitzekoa, presiorik gabe. Musikarekin bilatzen duguna entzuten duen edonork haiekin identifikaturik ikustea eta bat etortzea da, bereizketarik gabe».
Musikari generoa izendatzerakoan musikaren ordena bati segiturik egiten dugu edo badago musika bera arautzeko botere asmorik? Beti pentsatu dut musika talde batek zer egiten duen jakiteko tresna baliagarria dela hark zer genero lantzen duen, taldeak zer nolako generoa egiten duen (rock, pop, folk, punk, klasikoa…). Musika eta sexua oso loturik daude. Musikaren generoa? Sexuaren generoa? Punka edo popa da? Jaio berritan galdera arrunta: neska edo mutila da? Azken galdera honen azpian bada sistema diferentziatzailea, zeinak ezartzen duen ordena enpirikoa erabiliz hainbat teknika: ikusmena, diskurtsoa edo kirurgikoa. Hor hasten da sexuaren esleipena edo izendatzea. Musikarien sexuak joko handia eman du. Lady Gaga abeslariak, balizko adierazpenetan, esan du intersexuala dela. Bi organuak omen ditu eta bisexuala omen da. Lady Gaga musikariaren ospea infinituraino igo da oso denbora laburrean. Ezezaguna izatetik komunikabide guztien txutxumutxu bilakatu da, ez baina sexuagatik, baizik eta trebetasun musikal meteoritikoagatik. Musikagile biribila edo plagioan abila. Adarjotzailea edo puskatzailea. Bere “Alejandro” single entzutetsua Madonnaren “La isla bonita” abestiaren guztiz antzekoa da. Musikaren identifikazioa? Itzal handiko pertsonekin areagotu egiten da dena. Baina Lady Gaga guztien ahotan dago, sexu kontuetan ere bai. Gizartearen diskurtsoa medikuntzaren berbaldia da. Boterearen diskurtsoa hetero-nagusitasunarena da, non ikusmenak eragiten duen lehen sexu desberdintasuna. Hor dago gorputzaren lehen zatiketa. Zientzialariek ekidin nahi dute anbiguotasun oro eta sexu-organoa behin erabakita hortik eraikitzen da gizatasuna eta gorputza bera. Sexua duen gorputzak du zentzua, sexurik gabeko gorputza monstruoa da, hetero-nagusitasunaren logikak horrela pentsatzen du. «Boterea urduritu egiten da ordena anatomiko-politiko desberdinaz hitz egiten zaionean» (Beatriz Preciado). Generorik gabeko edo genero hitza gainditzen duen identitate asko eraikitzen ari dira aspaldidanik. Ez mutil ez neska, intersexualek eta edonork du bere bizitza nahi duen bezala bizitzeko aukera, edo izan beharko luke. Gogoa non, ekintza han. Generoen suntsiketa. Eta musikan?