28/8/10

Bonberenea, oasi bat sutan

Hamalau urteko ibilbidearen ostean, arriskuan da berriro Bonberenea. Tolosako Udalak hirigintza plan bat jarri nahi du martxan azaroan, eta San Esteban auzoko eraikina botatzea aurreikusi du, 1.000 etxebizitza egin ahal izateko.

BERRIA Zerbait gertatzen da Tolosan (Gipuzkoa). Balkoietan banderolak daude zintzilikatuta, buzoiak aldarrikapenez beteta daude, eta kartelek apaintzen dituzte herriko kalerik ezkutuenak ere. Atxikimendu bila dabil Bonberenea, eta ez doakio gaizki. Bere webgunean (www.bonberenea.com), 500 lagun eta kolektibo baino gehiagok eman diote babesa, eta herritar asko ere eurekin daude. Gaur, berdez margotuta daude Tolosako zelaiak. Arratsaldeak onenak eman dituen arren, eguzkiak leun argitzen ditu bazterrak, eta hartxintxarrezko bide bat herritik urruntzen da, lasaitasunaren bila. Parean agertu da Bonberenea, bizi eta koloretsu. Ezkerretara, eraikin berriaren parean, hiru lagun hizketan ari dira belarretan eserita. Inguruan ez da beste bizi arrastorik somatzen. Sarrerako atea zabalik dago, izan ere, «ez da beharrezkoa nortasun agiria erakustea».

14 urte bete ditu aurten Bonbereneak, horietatik 11 egungo eraikinean, okupatutako laugarrenean. Urte guzti horietan ezin konta ahala kultur ekintza antolatu dituzte, eta horretan jarraitzen dute egun ere, baina mehatxu berri batek ditu jopuntuan. Tolosako Udalak azarorako hirigintza plan berria jarri nahi du martxan, eta San Esteban zein Laskorain Goikoa auzoetan 1.000 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du (700 babes ofizialekoak). Planak aurrera egiten badu, hainbat industrialde suntsituko dituzte, Bonberenea tartean. Horien tokian, sei etxebizitza bloke, hiru pisuko lurpeko aparkalekua eta erabilera anitzeko pabeiloi bat eraikiko dituzte. Gainera, Elosegi parkea eraberritu eta auzoan sartu nahi dute, hara heltzeko bideak berrituta. Proiektua gauzatzeko aurrekontua 116.000 eurokoa izan da.

Isilik daude kontzertu aretoa, skatepark-a eta rokodromo ingurua. Eskailerek gora igotzeko eskatzen dute. Ate urdinetik korridore urdinera abiatu, eta ezker eskuin zabaltzen dira horma koloretsuak dituzten gelak, denak desberdinak. Sukaldea, jangela, komuna, logela, estudioa eta gehiago. Informazio gelan dago Patxi Muñoa, ordenagailu aurrean eserita eta horma berdez inguratuta.

Askatasunetik lanean
Eraikina okupatu zutenen belaunaldiko azken ordezkaria da Muñoa, prozesu guztia bizitakoa. Oroitu du oraingoa ez dela «zailtasun handiko lehendabiziko unea», eta lehendik ere antzekoak nozitutakoak direla, lau kaleratze eta horien ondorio guztiak, esaterako: «Inoiz ezin da jakin nondik erasotuko zaituzten. Gaur hirigintza plana da, baina bihar izan daiteke Ogasun Saila, eta hurrengoan SGAE». Dena den, itxaropentsu da, orain arteko borrokak irabazi badituzte, hau ere menperatuko dutelako ustetan. «Peiremans taldeak hemen grabatu zuen diskoa, galtzaileei eskainia» - azaldu du- «guk, aldiz, ez ditugu galtzaileak inoiz omenduko. Irabazleak gara, erakutsi dugulako autogestioaren bidez noraino irits daitekeen».

Harrotasunez begiratzen du ingurura, alboetara duena ongi izerdituta lortu duenaren begiradaz. Ongi ordenatutako argazkiz beteta dago horma, guztiak ere bertan antolatutako ekintza baten lekuko. Asko dira. Gehienak, kontzertuetakoak: Deabruak Teilatuetan, Morau, Hot Dogs, Safety Pinks, Audience, Lobo Electrico, Lisabö, Discipulos de Dionisos, Bide Ertzean, Kuraia, Anari, Xabier Montoia... hormek ahaztuko ez dituzten musikarietako gutxi batzuk baino ez dira. Disko azokak, bertso afariak, antzezlanak, pailazoak, makrobiotika ikastaroak, futbol, skateboard eta eskalada txapelketak, txarangaren emanaldiak eta askoz ekintza gehiago antolatu dituzte. Herriko gune aktiboena da, inondik ere. «Guk errespetu bat lortu dugu, jendeak badaki ez garela alferkerian egon, eta etxe hau da horren lekuko. Joko eremu hori da gurea, ikus dezatela zer egin dugun. Hor irabazten dugu». Udalak Bonbereneari eraikin berria emango lioke, hirigintza planean zehazten denez, baina ez dute bertatik mugitzeko asmorik. «Etxe hau botatzen badute, ez dugu jarraituko. Ez dugu nahi inork kontrola gaitzan. Gero esango digute kontzertuek 22:00etarako amaitu behar dutela, bizilagunek ezin dutela lorik egin. Gauez lo egitea lehentasuna delako ustea oso errotuta dago gizartean, eta gainerakoa horren arabera antolatzen da. 11 urtetan aritu gara kontzertuak nahi dugunean antolatzen, eta ez da bizilagunen kexa bakar bat ere egon». Ez ditu kontrolak bakarrik kezkatzen, ordea. «Inplikazio pertsonal handia eskatzen du halako espazio batek, eta guk ez dugu kobratzen. Jendeak ez du ikusten, baina udalekoek badakite horrek prezio bat duela, eta hemengo kontzertu asko eurek ordaindu beharko balituzte, ez luketeela aurrekonturik izango. Tolosan kultur ekintzak sortu eta sortu aritu gara, eta orain atzeko atetik bota nahi gaituzte».

Gerta litekeenaz kezkatuta egon arren, ez diote funtzionatzeari utzi, eta etxearen alde batera espazio berri bat eraiki dute, beharrak hala eraginda. Entsegu lokalak egin nahi dituzte printzipioz, eta baita etxeko konponketak egiteko tailerra ere. «Alde batetik, etorkizunera begira egindako apustua da, eta bestetik, gure filosofiaren erakusleihoa. Elkarlanarekin eta auzolanarekin gauza asko egin daitezkeela erakusten du, eta Bonberenea musika espazioa baino zerbait gehiago dela ere bai».

Definizio baten bila
Sormen lantegia deitzen diote batzuek, gaztetxearen ohiko mugak aspaldi igaro zituela eta. Muñoaren ustetan, «Bonberenearen bilakaera ez da txarra gaztetxe munduarentzat». Erreferente bihurtu dira, kopiatu beharreko eredu. «Astebururo egitaraua beteta edukitzea, txaranga bat edo perkusio talde bat sortzea, estudio bat edukitzea... autogestioaren bidez egi bihur daitezkeen proiektuak dira». Askok ez dute halakorik sinesten, ordea. 2004an, Bonberenea ipintzen zuen graffiti baten gainean pintada bat azaldu zen, Batzuk kartzelan, besteak alkatearen besapean leloa zuena. «Jendeak uste du dirulaguntzak ditugula, edo udalarekin sekulako rollo ona dugula, baina hori guztia gezurra da».

Ez da ohiko gaztetxea, eta ez dute batzar bidez funtzionatzen, «Ez dugu eztabaidatzen nork sukaldatu behar duen, nork garbitu behar duen... 50 lagun baino gehiago gara, eta horrek ez du funtzionatzen. Gauzak errazteko, bakoitzak bere gustuko esparruan egiten du lan». Eta ez da nahikoa parte hartzea, ez eta kontzertuetara bakarrik azaltzea. Fabrika bat da Bonberenea, aukeraz gainezka dagoena, gogotsu dagoen edonorentzat. «Gazteei gune honen espiritua helarazten saiatu gara, hau da, gustuko gaiak ofizio bihur daitezkeen espazio bat dela. Sukaldaritzan, musika grabazioan, diseinuan... interesa duenak, hemen ikasiko du».

Kontsumo gizarteak kutsatzen duen pasibitatetik at bizi nahi dute, esaldi utopikoak etengabe egi bihurtzen. «Ez gara antisistemak, sisteman egiten dugu lan, bizirauteko ezinbestekoa delako. Hala ere, ahal dugun neurrian, sistematik ahalik eta urrunen bizitzen saiatzen gara, eta Bonberenea oasi bat da horretarako».


Artikulo osoa:


No hay comentarios: