26/8/10

Barricadaren kontzertua debekatzea erabaki politikoa dela salatu dute

Larunbat honetan Barricadak Zarauzko hondartzan eman behar zuen kontzertua debekatu egin du Ingurumen Ministerioaren Kostalde Zerbitzuak, «arriskutsua» izan litekeela iritzita. Erabakiaren berri asteartean izan zuten antolatzaileek eta oso haserre agertu dira. «Min egiteko asmoz» hartutako erabaki politikoa izan dela diote. Hala ere, kontzertua egin egingo da, Astiko errugbi zelaian izango da egun eta ordu berean.


GARA
Kontzerturako lau egun baino falta ez zirenean iritsi zen debekua. Zarautz Rugby Taldeak (ZRT) urtero Aste Santu aldera ospatzen duen Garagardo Azokaren hamargarren urteurrena ospatzeko, Barricadaren kontzertua antolatu zuten larunbat honetarako Zarauzko hondartzako Desertu Txikian. Hori aurkezteko, astelehen honetan egin zuten prentsaurrekoa, eta biharamunean, asteartean, iritsi zen Estatu espainoleko Ingurumen Ministerioaren Kostalde Zerbitzuaren faxa, kontzertua egitea «arriskutsua» dela esanez.

Zarauzko turismo zinegotziak, Imanol Lasak, erabakia «sekulako txerrikeria» dela adierazi zuen atzo, «hau mina emateko erabaki bat izan da, erabaki politikoa. Beharrezko baimena eskatu ondoren, uztailaren 30ean datu gehiago eskatu zizkiguten kontzertuaren ezaugarrien gainean, eta itxura guztien arabera, dena ondo antolatuta zegoenean, ez dugu ulertzen, orain, kontzertua ospatzeko astebete baino gutxiago falta denean, jarrera oztopatzaile hau erakustea», gaineratu zuen.

Iritzi bera azaldu zuen antolatzaile lanetan dabilen errugbi taldeko Ignacio Sorazuk. «Iazko abuztu bukaeratik ari gara hau antolatzen. Lan serio bat dago hor, boluntario ugari. Udalarekin egindako bilera guztietan komentatu izan zen Kostalde Zerbitzuak ez duela arazorik jartzen. Orain bat-batean debeku hau dator, orain dela ezer Patti Smithek Zurriolan abestu duenean. Ez da batere justua. Aurrez bazekiten hau egitekoa zela eta lau egunetara abisatzea, prentsaurrekoa egin eta egun bat geroago... Ez dakit zer pentsatu».

Ekimen «berria»
Ez da lehenengo aldia Zarauzko Desertu Txikian kontzertuak egiten direna. Tamaina honetakorik agian ez, baina bai formatu txikiagokoak. Kostaldeko zerbitzuak, debekatzeko arrazoien artean, ordea, «ekimen berria» dela adierazten du, eta Lasak azaldu zuenez, «ezartzen duten ezberdintasuna hori da, besteek denbora gehiago daramatela eta agian kosta egiten zaiela debekatzea. Hau berria denez, errazagoa da ezezkoa esatea».

Antza denez, hemendik aurrera hondartzetan ezingo da itsasoarekin zerikusirik -surfa, estropadak...- ez duen ekintzarik antolatu. Bat-bateko erabakiari susmo txarra hartzen diote, hala ere, antolatzaileek. «Niri asko kostatzen zait sinestea Donostiako Jazzaldia hondartzan egingo ez denik. Ikusi eta sinestuko dut», esan zuen Lasak. «Hori horrela bada, ados, gu izango gara lehenengo kaltetuak. Baina badirudi ez zaiela batere axola gauzak nola antolatu diren eta zein egunetan hartzen diren erabakiak. Nik uler dezaket, hasiera-hasieratik ezetz esatea, baina ez egun batzuk lehenago. Uda berean, Donostian antolatu dira, eta hemen ez. Argi dago, hemen zerbait gertatu dela, norbaitek hartu duela erabaki hori, min egiteko».

Madrilen hartutako erabakiaren azpijokoa ere salatu zuen Lasak. «Zer gertatzen da, Zarautz herri abertzalea delako bat-batean ezezkoa ematen digutela, eta Donostia sozialista delako baiezkoa? Herriaren arabera ematen du Kostalde zerbitzuak baiezkoa edo ezezkoa?».

Bestalde, kontzertua eskaini behar duen taldea Barricada izateak ere bere eragina izan duela gaineratu zuen. «Agian, Bustamante izango balitz, ez dakit erabaki bera hartuko luketen, baina, uste dut, Barricada izateak baduela bere kutsu politikoa».

Leku aldaketarekin, baina kontzertua egiteko asmoa dute. Larunbatean Zarauzko Astiko errugbi zelaian joko du Barricadak, 22.30ean hasita