31/7/10

«Putre»

Andoni Tolosa «MORAU» Musikaria
GARA

Ez dakit ezagutzen duzuen soinu teknikaririk. Hala bada, badakizue egia dela gehienetan duten «zaputz» ospea. Serioegiak dira, inork (musikari txolinek edota antolatzaile «aprobetxategiek» batez ere) mesede gehiegirik eska ez diezaien. Jende zaildua da, badakite «marroiak» ekiditeko modurik onena konfiantza gehiegirik ez ematea dela. Baina batez ere egoskorrak dira, oso egoskorrak. Edozein gauza eskatu eta haiek ez badute nahi, gehienera ere ulergaitza den «jergan» erantzungo dizute; «ezin ditugu gitarrak igo azpiuhinak gailendu eta ekualizazioaren gorputza 17MHz-tik jaitsiko litzatekeelako eta horrek soinuaren espektroa kaltetuko lukeelako, batez ere, gama altuko frekuentzietan». «Nik gitarra ez nuela entzuten besterik ez dizut esan...». Artistak dira soinu teknikariak «utzi bakean» metaforiko horietan. Dena dela, oso komunikatzaile trebeak ez badira ere, laster batean konturatuko zara noiz dagoen soinu teknikaria gustura eta, jakina, teknikaria gustura edukitzea dela edozein emanaldiren arrakastaren giltzetako bat. Zenbat eta presa handiagoa, orduan eta desgogarago dabiltzan seinale! Kontuz haiekin, eta beharrezkoa bada, koipe pixka bat eman. Gogoratu haiek direla emanaldira etortzen lehenak eta joaten azkenak, eta tartean ordu mordoa igarotzen dela.

Putre, gure laguna, ez da horrelakoa, nahiz eta oso egoskorra den. Ezagutzen dudan soinu teknikari erromantiko bakarrenetakoa dela esango nuke, bi kontzeptu horiek kontrajarriak ez diren seinale. 100 watteko Sinmarc batekin lau talde sonorizatzen zireneko garai heroikoak ezagutu zituen eta uste dut, gaur egun erretiratua badabil ere, orduz geroztik mantendu dituela hain berezi egiten duten hainbat jokamolde. Lehena, irudimena. Irudimen handia behar da eta urtetan pilatutako ekipo zaharrak emanaldi bakoitzeko ematen zizkion arazoak, beti ezberdinak, beti originalak, konpondu eta garaiz prest egoteko. Horri, gehitu antolatzaile desastreak, eguraldiaren gorabeherak, azpiegitura eskasak... zer ez ote du asmatu Putrek emanaldia bertan behera ez uzteko.

Bigarrena, eskuzabaltasuna. Ez zait bururatzen lau sosaren truke bere furgoneta zaharrean EHko bazter eta txoko ezkutuenetan, inork hartzen ez zituen jaialdietan zehar ibiltzeko, kasik, gaixotasuna ez den bestelako justifikaziorik. Eta zer esanik ez, musikari hasiberriekiko pazientzia, beste teknikari gehienek hirugarren jaialditik aurrera galtzen duten dohain gero eta eskasagoa. Teknikaria, musikaria, aita, laguna... alde guztiak erakusten zituen Putrek, parean agertokira lehen aldiz igotzen zen taldea suertatuz gero. Lasaitu, afinatu, anpliak kalibratu, aholkuak eman... guztia teknikari baten prezioan.

Baina bereziko aipagarria da, sekula ulertu ez dudan traste zaharrekiko atxikimendua. Begiratzen zekienak euskal rockaren historiaren lekukotasun ugari topa zitzakeen, hamaika gainbehera ezagututako ekipoan. Baina Putrek bizitza berria ematen zion aldiro «aro digitalaren aurreko garaietako» tresneria handi, zatar baina berarentzat maitagarriari. Perfekziotik hurbil diruditen egungo «megaekipohiperteknologiko» eta teknikari «osoosoosoprofesionalen» txertoa dira Putre bezalakoak, nahiz eta ez dakidan baten bat geratzen den oraindik.

No hay comentarios: