6/7/10

EHZ: Heletak musika bizi-bizian sentitu zuen

Ostiral gaueko emanaldi guztiak bertan behera gelditu eta gero, atzo iritsi zen Heletara zuzeneko musikarekin gozatzeko ordua. Musika taldeak grinatsu aritu ziren, zuzeneko musika gertutik sentitu eta bizi nahi zuten milaka lagunen aurrean.


Kronika Euskal Herria zuzenean festibala
GARA


Azkenean iritsi zen Heletara zuzeneko musikaz gozatzeko garaia. Ostiral gaueko emanaldiak bertan behera gelditu eta gero, musikazaleak anplifikadoreen indarra gertutik sentitzeko irrikaz ziren. Gaueko hamarretan agertu zen Izia musikaria agertoki handiaren gainean. Gitarraz, bateriaz eta baxuaz osaturiko taldeaz eman zion hasiera emanaldiari, rock sutsuko sesio bat abiatuz. Aita musikaria izaki, txikitatik ezagutu ditu agertokiak, eta rock musikaz hazi eta hezi da. Alta, musika sorkuntza berezkoa duela eta erritmoa ariman duela erakutsi zuen Heletan. 19 urte besterik ez dituen arren, bizitza osoa taula gainean eman izango balu bezala aritu zen, gitarra soinean, rocka, itxuraren gainetik, jarrera bat dela aldarrikatuz. Ahots ederraz behar zenean, edota urratuaz kantuak horrela eskatzen zuenean, Iziak arima utzi zuen agertoki gainean.


Bizardunen festa
Agertoki txikian euskal musika taldeak aritu ziren bata bestearen atzetik gaua osoan. Zea Mays taldeak ireki zuen bidea taldearen diskografia osoari errepaso txiki bat emanez eta ordubeteko saioa eskainiz. Aukeran, goizegi jo behar izan zuten, ikusleak gerturatzen ari baitziren artean.


Bizardunak taldeak bestelako musika ekarri zuen larunbat gaueko afitxera. Zalantzarik gabe, azken urte honetako ezustekoa izan da nafarrena. Laster izango dute disko berria kalean eta, hortaz, kantu berriak entzuteko aukera izan zen. Ohiko duten moduan, entzuleak zirikatu zituzten etengabean, taula gainean behean bezain giro festazalea sortuz.


Gose ere Heletan izan zen. Bideo irudiekin lagunduta, trikitiari su eman zioten, gitarra zorrotzak eta elektronikaren zertzeladak dituzten kantuak joz. Ohikoa duten moduan, Hertzainak taldearen moldaketa bat egin zuten, Goseren irabiagailutik pasata. Betiko legez, Ines Osinaga jende artera hurbildu zen behin baino gehiagotan, zirikatzaile, ikusleen konplizitatearen bila. Soinu arazo dezente izan zituzten, eta ez zien asko lagundu Rinocesore taldearen atzetik jotzeak ere. Hala ere, emanaldi polita eskaini zuten.


Errinozeroaren dantza
Gaua aurrera zihoan eta Rinocerosek argi ikusgarri eta bideo proiekzioz bete zuen agertoki handia. Musikariak jantzi zuri eta beltzez agertu ziren taulan, eta ordubete inguruko emanaldian zenbaiten lankidetza ere izan zuten. Elektronika eta rocka inork bezala nahastu duen biko frantziarrak emanaldi ederra eskaini zuen, eta tartean bitan azaldu behar zuten oholtzara kantu gehiago jotzera. Rinoceroseren formulak ongi funtzionatzen du eta oraindik zaleak erakartzeko gai dira.


Berri Txarrak taldea izan zen agertoki handian jo zuen euskal talde bakarra. Lekua irabazia dute zinez, eta maila altuan daudela erakutsi zuten gitarra riff bakoitzean. «Payola» diskoan oinarritu zuten emanaldia eta horiekin batera taldearen kantu esanguratsuenak entzun ahal izan ziren. Hirukoak harreman estua du EHZrekin, eta alde horretatik, ugariak izan ziren jaialdiaren aldeko aldarriak.


Gaua amaitzeko, The Subs taldea aritu zen Urbeltzeta gunean. Oraindik musika gosez zirenak gaueko azken taldea ikusteko bat egin zuten diskoteka itxura hartu zuen zirku karpa azpian, eta ordu txikiak arte luzatu zen dantza.

No hay comentarios: