80ko hamarkadan Euskal Herrian izan zen fenomeno sozial garrantzitsuenetakoa, punk mugimendua, dute aztergai egunotan UEUko ikastaroetan. Lau egunez arituko dira horren inguruan Lekeition.
GARA
«Ya no quedan más cojones, Eskorbuto a las elecciones. Para vivir alegre y contento, Eskorbuto al Parlamento», zioen Euskal Herriak punk mugimenduaren barruan eman duen musika talde ospetsuenetakoak, Eskorbutok, alegia. Baina ez dira gutxi izan sona handiko euskal punk taldeak: RIP, MCD, Cicatriz, La Polla Records, Las Vulpes... Eta fenomeno sozial hori Euskal Herrian pizten hasi zela kasik hiru hamarkada igaro badira ere, oraindik ere makina bat taberna eta jaitan entzuten dira taldeok. Hain justu, punk mugimenduak Euskal Herrian izan zuen bilakaera eta berezko izaera aztertzen ari dira egunotan UEUko ikastaroen baitan.
Lekeitioko RM Azkue ikastolan hasi zen atzo saioa, UEUko udako ikastaroen baitan, «Euskal punk eta (des)eraikuntza nazionala: ukaziotik harago» izenburupean. «Ukaziotik zerbait eraiki daitekeela sinestea zail suerta daiteke, baina Euskal Herriko punk mugimendua horren adibide da», azaldu zuen atzo Josu Larrinaga soziologoak, punk mugimendua ulertaraztearren. «Punk-ak ukazioa oinarri izan arren, ukazio horretan zerbait eraikitzeko nahia ere badagoelako». Hala, lau egun emango dituzte euskal gizartea baldintzatu zuen 80ko hamarkadako fenomeno sozial hori aztertzen.
Intsumisioa, gaztetxeak...
Euskal Herrira berandu iritsi zen Ingalaterran sortutako punk mugimendua eta, gainera, izaera propioa izan zuela azaldu zuen Larrinagak.
Euskal Herrira berandu iritsi zen Ingalaterran sortutako punk mugimendua eta, gainera, izaera propioa izan zuela azaldu zuen Larrinagak.
Punkaren funtsa beti jarrera iraultzailearekin eta kontrakotasunarekin lotuta omen dago, eta hortaz, Euskal Herrian jarrera horiek heldulekua topatu zutela azaldu zuten. Gainera, herri txikietan azkar zabaldu zen, fenomeno urbanoa izan arren.
Izan ere, orduan bizi zen egoera politiko eta ekonomikoak, itzelezko langabezia tasarekin eta industrializazio prozesuarekin, izaera propioa eman zion Euskal Herrian. Orduan sortu zen soldaduska espainolaren aurkako intsumisio mugimenduaren borroka, feminismoaren eraberritzea, ekologismoaren berrindartzea -Lemoizko borrokarekin esaterako-, Euskal Herriko gaztetxeen sortze eta ugaltzea... Atzoko ikastaroan defendatu zutenez, euskal punk mugimendu horrek euskal gizartean ez ezik, euskalgintzan eta euskal nazio askapenerako mugimenduan ere eragin zuzena eta baldintzatzea ekarri zuen. Larrinagaren esanetan, ezker abertzalea nolabait mugimenduaz jabetu zen, eta mugimendu soziopolitiko hura aldatzeaz gain, ezker abertzalearen ibilbidea markatu zuela ere defendatu zuen soziologoak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario