Pasa den urtarrilaren 23an Itzubaltzeta / Romoko Itzubaltzeta gaztetxean erasorik izan zenik ukatu dute gaur hainbat lagunek. "Algortako gazte iraultzaileak" izenpean ukberri.net-i bidalitako oharrean, herenegun Itzubaltzetako Gazte Asanbladak salatutako erasoa ezeztatu dute, beraz. IGAk eta beste lau taldek laupabost pertsona "makil eta harriak" zeramatzatela Itzubaltzeta gaztetxera sartu, pertsona bat jipoitu eta hainbat material "zapuztu" zutela salatu zuten, besteak beste. Idazkiaren egileek gertaeretan egon zirela diote eta bertan "tentsio momentuak bizi zirela" onartzen dute, baina "beti ere gaztetxetik kanpo". Gainera, bertsio horren arabera, bertaratzearen arrazoia "ordu batzuk lehenago Des-kontrol eta hainbat herritarrek jasandako eraso bortitzaren erantzuleak inguruetan zebiltzala jakinda, eurei azalpenak eskatzera" joatea izan zen. Azkenik, "gaztetxeen eta gaztetxeek bultzatzen dituzten herri dinamiken aldekoak garela" diote "Algortako gazte iraultzaileek".
"Algortako gazte iraultzaileen" oharra:
Atzo zuen webgunean argitaratu zen berriaren harira idazten dizuegu. Hain zuzen, gaztetxearen aurkako erasoaren inguruan datzanari buruz. Egia da luzaturiko informazioa gaztetxearen esanetan oinarritzen dela diozuela. Hala eta guztiz ere edonork berria irakurriz gero txakurrak sozialez jantzita sartu direla ematen du, gaztetxea eta euskal gazteriaren kontrako eraso bat burutu zela ulertzen da.Zuen gunean aipatutakoa ez dugu berdin ikusten eta gu bertan izan ginen. Argi utzi nahi dugu gaztetxean ez zela inolako erasorik izan. Bertara, Uribe Kostako hainbat eta hainbat euskal gazte hurbildu ziren ordu batzuk lehenago Des-kontrol eta hainbat herritarrek jasandako eraso bortitzaren erantzuleak inguruetan zebiltzala jakinda, eurei azalpenak eskatzera.
Egia da tentsio momentuak bizi zirela, beti ere gaztetxetik kanpo. Bestalde, Barakaldon bizitako aurrekariak kontuan edukirik ez da harritzekoa.
Azpimarratu nahi dugu gaztetxeen eta gaztetxeek bultzatzen dituzten herri dinamiken aldekoak garela, normalean hauetan parte hartzen dugularik.
Besterik barik, zuen arreta eskertuz agurtzen gara.
GURE RAMBOAK
Fredy Paya
Domeka goiza herriko tabernari bati aspaldi ezagutzen dudan jende ezkertiar eta abertzalearen arteko borrokaldi latz batek eragindako odol putzuak garbitzen laguntzen eman nuen. Deskontrol taldeari elkartasuna adieraztea ahaztu barik, Getxo ingurua bihurtu da azken gertakizun hauek icebergaren punta baino ez diren zoramenaren guda zelai. Bilboko auzoetan antzeko gauzak gertatu dira. Ausart mintzo dira zutabegileak ehun kilometrotatik. Baina ez litzateke ez lehenengo ez bigarren aldia gai honen sustraiez idazteagatik ostia batzuk jaten ditudana. Eta ospitalean amaitu arte inor gutxik laguntzen dizunez, gizartearekiko fedea galdurik, naturarengan jarri dut esperantza. Eta, kontuz, inori subnormal deitzearekin, bihar goizean bere argazkidun pala eraman zenezake eskutan. Eta orduan bai, zure artikulua irakurri nahiko nuke.
Argalak esaten zuen borroka armatuak gure barruko gauzarik okerrenak ateratzen dituela, baina derrigorrezkoa zela aurrera egiteko. Eta ez dago dudarik, indarkeriaren errekurtsoak prestakuntza ideologiko eta moral handia eskatzen du. Egitura indartsu bat bestela. Baina batak eta besteak huts egiten dutenean, eta orain hogei urte herriko egituren gainetik jarduteko eskubidea eman zenez, nola mugatu baliabide horren erabilera? Deskontrolekoak faxistak ei dira ez dakit zer kamiseta jantzi eta badakit zein talde entzuteagatik. Patetikoa. Baina arrazoi horiek nahikoa iruditzen zaie batzuei. Eta horiek ezker abertzaleko sentitzen dira bihotzez. Euren auzo eta kaleetan eurak eta euren jarrera da ezker abertzalearen irudia. Ez Arnaldo eta ez idazten zein abesten ahalegintzen garena. Herri honen askapen borrokan ezkutatzen dira. Eta aldi berean ez dute agindurik onartzen. Faxismoaren aurka herri honetan beti egon da erakunde bat zabalik. Baina hor diziplina handia dago, ez zaie gustatzen.
Gure John Ramboak dira, Vietnam galduaren ondorio bizidun autonomoak. Gerra guztietan agertzen dira. Eta mugak geuk jarri behar dizkiegu, diskurtso pedagogiko bezain zorrotza eginez. Baina ez konfrontazioaren bidez. Bestela, ikusi pelikulak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario