22/12/10

Punka, azken kultura mugimendua? Asel Luzarraga

http://goiena.net/blogak/asel

3 / 12 / 2010

Gaur lagun batekin ari nintzen musikaz. Gaiari kontrako ikuspuntuetatik heldu badiogu ere, eta argindarraren gorabeherek gure skype bidezko solasaldia berehala eten, abiapuntu banatatik antzeko ondorioetarantz gindoazela ohartu naiz, hari esateko paradarik eduki ez arren.

Azken urteotan Euskal Herritik urrun egoteaz gain, onartu behar dut duela urte batzuk enpatxu moduko bat hartu eta euskal musikari jarraitzeari utzi niola. Orain, etxean berriz, Hamaika telebistan pasatu ohi dituzten bideoklipak ikusiz, teknikoki eta kontzeptualki gurean zenbat talde on eta sendo dagoen ohartu naiz eta, poltsikoa labur dabilen honetan, CDak dozenaka erosten nituen garaiak urrun, mandotxoa jarri dut martxan topatutako diskografia guztiak jaitsi eta lan egin bitartean entzuteko.

Hori izan da nire abiapuntua solasaldian. Nire lagunak, aldiz, egungo musika eszenak odola berotzen ez diola zioen, apur bat etsita. Dena antzekoa egiten zaiola. Eta, ordenagailuak huts egin ez balit, harantz joango nintzen neu ere. Irudipena dut Euskal Herrian, onerako zein txarrerako, euskaraz egiten den musikak, gutxi gorabehera, mundu mailan bizi denaren pare diharduela. Onerako eta, batez ere, txarrerako. Eta hitz moldakaitzak, deserosoak, matxino itxurakoak, desadostasunekoak ugari badira ere, momentu batean formula huts eta errepikakorra begitantzen zaio bati. Hitzak hitz, ekintzak ez direlako haien parean ikusten.

Eta ideia hori buruan, atzera begiratu eta ondorio batera iritsi naiz: punkak eztanda egin zuenetik, hots, 70eko hamarkadatik eta, gurean, 80ko hamarkadatik, ez da beste mugimendurik egon. Mugimendu erabatekorik, esan nahi dut. Pentsatzen hasi naiz: punka protagonismoa galtzen hasi ondoren, zer taldek, zer mugimenduk lortu dute ni harritzea edo odola irakiten jartzea? Taldeei dagokienez, Nirvana, Rage Against the Machine eta, azkenak, Marilyn Manson eta Rammstein aipa ditzaket, agian. Euskal Herrian, behar bada, PILT eta Berri Txarrak. Baina benetako mugimendurik egon da haien inguruan? Esango nuke, horiek denak gehiago izan direla punkaren bultzadari jarraituz, rockean beste oinarri eta uztarketa batzuk jarriz, haren maldan beherakoari galga apur bat jarri diotenak, 80ko mugimenduak utzitako ondareari arnas apur bat eman diotenak, mugimendu berrien sortzaileak baino. Estetikari, mezuei, jarrerari zer berri ekarri diete? Ezer gutxi. Kurt Cobainek punktzat zeukan bere burua eta haien estetika eta jarrerak AEBko punkak finkatutako berberak ziren. Rammsteinen kontzertu bakarrean egon naiz eta kantariak arra beteko gandorra eta bota militarrak zeramatzala, Clawfingerrekin batera Ramonesen "Pet Sematary" kanta abestuz itxi zuten kontzertua. Marilyn Mansonek erabilitako probokazio estetikoak ez daude hain urrun Erresuma Batuko punkek, Sid Viciousek berak, kasurako, agertzen zituztenetatik, svastikak, esaterako. Eta gaur egun zer? Calle 13, reggeatona barrutik leherrarazi duen talde probokatzailera joan behar dut zertxobait topatzeko.


Baina punka, gainera, mugimendu erabatekoa zen, ez zen musikara mugatzen, dena inarrosi zuen, lehenago beste mugimendu batzuek ere egin zuten bezala. 80ko hamarkadari begiratu eta bazter guztietan sentitzen ziren gazte kultura estilo probokatzaile eta iraultzailearen aztarnak. Erabat aktiboa izan zen hark iratzarritakoa. Eta oraindik ere, geratzen direnak eztanda haren errautsetatik bizirik irtendakoak baino ez dira. Zenbat fanzine, gaztetxe, irrati libre, disketxe... agertu ziren gar hark piztuta? Asko agertu legez desagertu ere, orduko asmoa ez zelako edozein preziotan irautea, are gutxiago egindakoari etekin ekonomikoa bilatzea. Bizimodu osoa zen, bat-batekotasunaren balioa. Ez gelditu begira, egin, orain, hemen, gaur, eskura dauzkazunekin. Egindakoak berez izango du balioa. Ereduak ez ziren gora begira bilatzen, norberarengan baino. Fanzineetan, esaterako, mota guztietako sorkuntza biltzen zen, estetika eta filosofia eredu batzuei jarraituz: marrazkigintza, politika, gizarte, ingurumen... hausnarketak, umorea, literatura, musika, argazkilaritza... Orduko musikariak harro, pozik zeuden euren kaseteak eskuz esku ibili eta kopia piratak ere mugitzen baziren, jabetza intelektuala zer zen ere kezkatu gabe. Jabetza ororen aurka ez zegoen, bada, mugimendua bera? Ez zen kultura ekoizpen oro gizarte emaitzatzat hartzen? Mezuak, mugimenduak, korrontearen kontrako zerbait egiten jarduteko sentipenak, kontzientziak zeukaten garrantzia. Mugimendu horren itzalpean edo harekin batera, haren baitan, atera ziren desobedientzia zibilerako eredurik irudimentsuenak, intsumisioaren aldeko kaleko antzerkiak, prozesio paganoak, hainbat gaztetxetan jorratzen ziren mota guztietako tailerrak... Eta horizontaltasunerako sena. Punk kantariei batez ere euren burua izartzat jotzea ez zitzaielako barkatuko. Taldeak eta entzuleak maila berean, gaur zu zaudelako taulan eta ni behean, baina bihar neu egon naitekeelako goian eta zu behean. Zu eta biok gauza bera garelako. Kontzertu txikietan, jendez lepo egoten ziren haietan, gertatzen zen guztien arteko bategite modukoa. Makrokontzertuek ez zeukaten zentzu handirik, kausa baten alde izan ezean. Haietan, musikatik harago, merezi zuen zerbaiten parte izateko sentipena nagusitzen zelako. Musika bera zabalagoa zen, esperimentazio esparrua, hura, garaiekin batera, estandarizatu arte. Nina Hagen, The Stranglers, The Clash, The Damned, PIL, The Cure, Paralisis Permanente, Bad Brains, Crass edo gurean Hertzainak, Zarama, Jotakie, Delirium Tremens, BAP!!... gogoratzea baino ez dago zertaz ari naizen ulertzeko.

Agian harrezkero sortu den gazteriaren izaeran dago koska. Kapitalismoaren erabateko garaipena delako dena kontsumo bihurtzea, gauzek salgai jartzeko baino ez badira baliorik ez izatea eta, batez ere, goikoei begira zain egoteko joera. Beraz, egia da, nire lagunak dioen legez, gaur egun euskal musikak zerbait falta duela. Kalitatea ez, seguruenik, ugaritasunik ere ez. Musika joz zerbait apurtzeko, gizarte eta kultura mugimendu zabalago baten parte izateko zentzua, agian? Baina ematen du rockak, luzarorako, bere onenak eman dituela eta zaila dela formula horretatik jendea piztuko duen ezer ateratzea. Denbora pasarako formulak berak ere iraultzaile den ezer eskaintzen ez duen bezalaxe. Kapitalismoak erabaki du zelan xahutu behar ditugun gure ordu "libreak", Ibilaldia, Herri Urrats, Kilometroak, eta antzeko guztiek urtero gogorarazten digutenez: kontsumitu, horditu, ez pentsatu, kausa "onetarako" ere zure dirua behar dugulako, horretarako gazteen artean alkoholismoa bultzatu behar badugu ere. Garrantzitsuena eredua zuk zeuk ez egitea da.

Dena dela, gure denbora pasa da eta orain gazte horien lana da odola berriz irakiten jarriko digun zerbait asmatzea. Gure belaunaldiak jorratu zuen formula agortuta dago eta haren gorpu baltsamatua kiratsa erion arte paseatu dugu. Berriz ere Londres edo New York inguruan zerbait lehertu arte itxaron beharko da? Bide berriak esperimentatzen jarraitu dutenak, hain zuzen ere, garai hartako mugimendutik baitatoz, adibidez, Fermin Muguruza eta Manu Chao, baina ez du ematen berpiztea, jendea mugiaraziko duena, hortik etorriko denik.

Itxaroten dugun bitartean, musika mugimendu oso baten atal bat baino ez zeneko irudi batzuk utziko ditut, ea iragan hori gainditzeko pizgarri balio duen...

Eskerrak, argia enegarren aldiz joan arren hemen idatzitakoa salbatu da, mirariz edo, bestela ez nuen honakoa berriz idazteko kemenik izango... Do it yourself bai, baina birritan...

No hay comentarios: