12/12/10

Beltzez jantzitako hiru gizon. Andoni Tolosa "Morau"

GARA
Ez dakit inon topo egingo duten, baina, elkarrekin imajinatzen ditut Johnny Cash, Lete eta George Brassens. Hiru tipo serio, sakon, zorrotz, beltzez jantzitako hiru gizon elkarrekin. Nonbait egongo dira. Ez dut oso ongi irudikatzen non. Sortzaile handien purgatorio animatuan izan daiteke, hirurak bazter batean eserita, hankak zintzilik, lurrari begira, Txirritaren bertsoak entzuten. Sinesgabeak ere hartzen dituen zeruren bat izan daiteke, Brassens onartzeko modukoa zerua. Teologiaz eztabaidatzeko leku aproposa. Edo zergatik ez, sinestunak ere jasoko dituen infernuren bat, Edith Piaf eta Hank Williamsekin batera kantari.
Hiru gizon beltzez jantzita, itzalaren lerroak orrazten. Hain serio, pipertuak diruditela, hiruren argazki gehienetan bezala. Nola egiten ote zuten halako haserre aurpegia jartzeko? Ez dut uste disimulatzen zutenik. Ez dut uste entrenatzen zirenik. Egunerokotasunaren hiru frankotiratzaile, loa ezin bildurik... edo horrelako zerbait. Ordu gehiegi esna eta minarekin zer egin? Ikusi, irudikatu, bizi, arnastu... eszeptiko baina, ahal zen bitartean, inguruari harriduraz begira?

Askotan esan ohi da benetako artistak larrua jokatu beharra daukala bi kantuetatik batean, hiru poemetatik bitan gutxienez, eta batez besteko hori luze gainditu zuten hirurek, horregatik uste dut ongi moldatuko liratekeela elkarrekin. Eta ez kezkatu hizkuntzarekin; Letek jarriko zituen beste biak arrastoan, agian euskara ikasten, edonola ere, heriotzak gauza horiek errazten ditu eta. Ez dakit zergatik, baina beti imajinatu dut Letek egoskor samarra izan behar zuela, besterik ez bada, etsipenari hain luzaro eta hain duin eusteko.

Egoskorra, ironikoa eta haserretua. Disimulatzeko hiru modu. Beltzez jantzitako hiru gizon munduari so. Beraiek konturatu gabeko aspaldiko lagunak dira, azkenean, nonbait, elurteak itxitako geltoki baten itxarongelan, ustekabean, gauez, bildu direnak. Eta ez du balio orain, Lete poeta ala kantari hobea zen galdetzea. Nork esaten du bi gauza ezberdin direla? Hitzak hitzak dira, eztarrian, paperean, buruan eta paretetan, xuxurlatuak eta oihukatuak. Nondik ateratzen diren, horixe da kontua eta ez non, zertan, gauzatzen diren. Zer dioten edo nola dioten. Zeuk aukeratu. Baina kontuz, sekula lurruntzen ez den kristalen baten beste aldetik begira ditugu, Brassens, Cash eta Lete.

Azken orduko laudorio lasterrez babesteko guardasola, ere, behar ez dutelakoan nago, ahoberoek ez dituzte erraz engainatuko, beltzez jantzi eta serio demonio adi ditugun hiru gizonok. Itzaletik hobe ikusten omen da argia... Berriro bizitzea da gogoratzea.