17/12/10

Musikaren Euskal Herriak.

Ritxi Aizpuru
Musika argitaratzailea
GARA

Ez dut inoiz gustuko izan Euskal Herriko musikaren atalean erabili izan den «Maravillosos grupos locales» etiketa edo izena. Banizu Nizuke kolektibo kulturalak «Muskaria» aldiz- kariak bilduma batean sartu ditu, baita ale berezia erantsi ere kutxa hori bikainean. Lan eskerga eta memoria kulturalari ekarpen ederra. «Muskaria»-ren ale berri horretan azkenaldian ahaztuta nuen «Maravillosos grupos locales» etiketa irakurri dut eta «local» hitza ezin irentsirik nago, gurutzaturik daukak kontrako eztarrian. Zer da bada «local»? Zer adierazten du «local» hitzak? Euskaraz «bertokoak» esango genuke, baina «local» hitzak adierazten duena kate politiko baten hasiera baino ez da. Badakit katea ez dagoela nahita osatuta, baina «Euskal Herria» izena ordezkatzeaz gain, haren gainetik kate horretan «talde nazionalak» (Hegoaldean Espainia, Iparraldean uste dut ez dutela «local» izena erabili) eta gero «nazioarteko musika taldeak» aipatzen ziren. Badakit espainiar nazioaren inertziaz erabili zena «local» hitza, «Euskal Herria» terminoaren kaltetan, gero musika talde nazionalak zetozelako (Espainia), eta zergatik ez Basque Country? Katea kategoria-sailkapen baten barruan dago eta Euskal Herria «local» delakotzat hartzeak min egiten du. Ez dakit non sortu zen aurrenekoz etiketa, baina 80ko hamarkadan Popular 3 Stereo irratiak erabili zuelakoan nago, «Dios salve a los maravillosos grupos locales» irratsaioan. «Muskaria» aldizkarian, «El Tubo» aldizkarian eta abarretan izan zuen segida, eta egun, inoiz erabili izan du Radio Euskadiko «La Jungla Sonora» irratsaio ospetsu zein biribilak. Ustea ez da jakitea, eta jakiteak ez du ogirik jaten, ni ez natzaio katuari enegarren hankaren bila etengabe ibiliko, baina maiz entzun behar ditugun esaldi traketsei aurre eginez, herriaren izena berera ekarri, eta gurea Euskal Herria da. Honen harira ez dut inoiz irakurri euskaraz idatziriko musika artikulu batean «local» etiketa. Zerbaitegatik izango da. Baina, zer da, bada, Euskal Herria? Berriki «Berria» egunkariak Angel Rekalderi egindako galderaren erantzuna. Galdera: «Slavoj Zizek filosofoak udan esan zuen Iruñean estatu-nazioa baino zer edo zer hobea asmatu beharko genukeela euskaldunok guretzat». Erantzuna: «Zizekek agian ikusten du estatu-nazioak desagertzen ari direla, baina nik ez dut inon ikusten. Nik besteek daukatena nahi dut. Ez dut izan nahi munduan espainiarren edo frantsesen bitartez, baizik eta euskaldun gisa». «Euskaldun gisa» horrekin bat nator, baina «nik besteek daukatena nahi dut» horrek Euskal Estatua aldarrikatzen du. «Estatu» kateko kategoria kateatutako sailkapena da. Bilbon agertu dira hainbat pintada esaldi berarekin, eta bi adiera, bat bihurtzen dena azken finean, estaturik gabeko Euskal Herria: «Euskal Herria no te quedes en estado». Euskal Herria ez deuseztatu, ez estatu.