3/2/09

ROOTS & CULTURE sustraiak eta kultura (1. ZATIA)

entzun.com
Sustraiak eta Kultura. Bere historia ezagutzen ez duen herria sustrairik gabeko zuhaitza bezalakoa dela esan ohi zuen Marcus Garvey jamaikar profetak. Afrikan daude Herri Beltzaren sustraiak. Afrikan omen daude gizaki guztion sustraiak; baina, zer dakigu benetan sustrai horietaz? Milaka urteetako historia da hori eta jarraitu dituen bideak berriz anitzak. Ez gara orain ur sakonegietan sartuko, baina erreportaje honi dagokionez, mende gutxi batzuk atzera egitea beharrezkoa zaigu.

Aurrekari historikoak
Kristautasunak inposatutako egutegiaren arabera, XVI. mendea izan zen gizakiak gizakia esklabo bihurtzeko basakeriak neurrigabeko tamaina hartu zuena. Arabiarrak, portugesak, espainiarrak, ingelesak eta beste hainbat gobernu inperialistak gizakien merkataritzarekin eta sufrimenduarekin izugarri aberastu ziren. Afrika beltza kolonizatu eta esklabo bihurtu zuten. Herri Beltzaren sarraski fisiko eta kulturalaren hasiera izan zen. Esklabo modura, indarrez, “Ameriketara” eramandako gizon emakumeetako batzuk Xaymakako “paradisura” eraman zituzten (Xaymaka deitzen zioten bertako biztanleek, espainiar kolonizatzaileek Jamaika izena jarri aurretik). Bertako soroetan abereak bailiran lanean eduki zituzten eta abereak bailiran, afrikartasunaren zeinu guztiak ezabatzeko ahaleginak egin zituen gizon zuriak. Hizkuntza, erlijio eta ohitura afrikarrak debekatu zizkieten eta arrotzak indarrez inposatu. Mendeetan bigarren mailako sasi gizakiak zirela pentsarazi zieten. Azal iluna edukitzeagatik gutxiago zirela, eskubiderik ez zutela eta lotsatuak sentitu behar zirela esan zieten. Zorionez, ahozkotasunari esker hasieran eta musikaren bidez beranduago, esklabo batzuk Afrikarekin lotura mantentzea lortu zuten. 1833an esklabutza amaitzen da teorian, praktikan ordea urte asko igaro beharko ziren esklabutza fisikoarekin amaitzeko eta are urte gehiago beharko dira buruko esklabutzarekin amaitzeko. Bide horretan izugarrizko pausoa emango zuen Marcus Garvey-k. Berak esandakoei esker, afro-jamaikar askok urteetan inposatutako esklabutza mentalaren kateak apurtuko zituzten. “Beltza naiz eta harro nago. Afrika da nire ama lurra. Beltza ederra da. Gizon emakumea naiz eta gizon emakume askea izan nahi dut. Eskubidea dut. Herri baten partaide naiz, historia, hizkuntza, erlijioa, ohiturak eta kultura duen herri bateko gizasemea naiz eta arro nago. Mundu guztiak jakin dezala”.

Roots & culture, sustrai eta kultur musikalak
Roots & Culture hitza erabiltzen dugunean, reggae bezala ezagutzen den zuhaitz musikalaren adar batetaz ari gara, hasiera batean Jamaikako historiaren garai zehatz batean (1974-1980) sortzen den reggaearen azpi estiloaz ari gara. Baina Roots & Culture ez da soilik musika. R&C Marcus Garvey da, R&C Herri Beltzaren historia da, esklabutza garaia, Afrikarako itzulera, beltza izatearen harrotasuna da. Musikarien jarrerarekin zerikusia du, kantuen letrekin eta mezuekin. Hori eta gehiago. Roots & Culture reggae, aurrekariakReggaea, beste edozein musika bezala, etengabeko garapenean dago. Reggae musika Jamaikan sortzen da eta beste musika estiloen garapenaren ondorioa da. Labur azaltzen saiatuko gara. 50. hamarkada amaieran jamaikarrek entzuten duten mento eta calypso estiloei, AEBetatik datorren rhythm&blues-a gehitu behar zaio. Estilo erritmiko horren eraginez (estiloa kopiatu nahian) sortzen da ska musika. 1962an Jamaikak Britainiar Inperioarekiko independentzia lortzen du (nahiz eta Commonwealth erakundearen barruan mantentzen den). Itxaropenerako urteak dira, urte alaiak dira eta alaitasun horren ispilu da jamaikarren ska musika; alaia, dantzagarria eta oso erritmikoa. 60. hamarkadak aurrera egin ahala, AEBetan soul musikak indarra hartzen du, erritmikoki lasaiagoa da eta erritmo berri hauen eragina nabaritzen da Jamaikan. Turismoaren sorrera urteak dira, AEBetako dirudunak Jamaikara doaz atseden bila eta atsedenerako musika lasaia behar dute, goxoa eta atsegina. Skaren erritmoak moteldu eta rock-steady bezala ezagutzen den erritmoa sortuko dute jamaikarrek. Maitasun mezuak dira nagusi. Jamaikarrek askatasun politikoa lortu dute, baina horrek ez die onura askorik ekarri bizi mailari dagokionez. Lehen bezain pobre dira eta bizi-baldintzak oso txarrak dira gehienentzat. Musikak, gizakion egoera islatzen duen tresna ezin hobea denez, egoera hori islatzen du. Esklabutzarekin amaitu da, baina arrazakeria eguneroko ogia da. 70. hamarkada hasieran, AEBetan beltzen eskubideen mugimenduak pil-pilean daude. Malcolm X eta pantera beltzen garaia da. Jamaikar musikan aldaketak datoz, aldaketa musikalak: baxuak eta bateriak nagusitasuna hartzen dute, eta aldaketa mezuetan: giza eskubideen aldarrikapena, Afrikarako itzulera eta rasta erlijioa.

Roots & Culture, urrezko aroa
Iritzi kontrajarriak egon daitezke R&C delakoa definitzerakoan, baina oro har ghettoetako sufrimendutik sortutako adierazpidea dela esan daiteke, miseria gorrian bizi denaren errealitatea. Musikalki ezaugarri batzuk baditu ere (baxu eta bateriaren nagusitasuna, nyahbingi perkusioak, haize sekzioa, melodia serio eta tristeak, e.a.), musikaren eremua gainditzen duten ezaugarriek dute garrantzia. Aurreko ataletan aipatu ditugun gaiak jorratzen dira: Afrikarako itzulera, esklabutza, giza eskubideak, ghettoetako sufrimendua, Rasta erlijioa, e.a. Osagai hauek, jamaikar musikaren garai gehienetan aurki daitezke; ska garaian Justin Hinds, Ethiopians, Prince Buster, Skatalites eta beste askok erabiltzen zituzten, baita rocksteady eta early reggaearen garaietan ere beste askok (Heptones, Max Romeo, Alton Ellis, Ken Boothle, e.a). Dena den, 1974tik 1980ra doan tartean lortu zuen nagusitasunagatik da garai hori ezaguna R&C reggaearena bezala. Urte horietan rasta erlijioa oso zabaldua zegoen irlan eta reggaeak (Wailers taldeari esker neurri handi batean) nazioartean hasi zen ezaguna egiten. Garai horretan iritsi ziren heldutasunera Burning Spear, Culture, Abyssinians, Junior Byles, Augustus Pablo, Gladiators, Wailing Souls, Mighty Diamonds eta antzeko talde/abeslariak. Ezin ahaztu Jamaikar musikan ekoizle edo produktoreek izan duten eta gaur egun duten pisua eta garrantzia. Garai horretakoak dira; besteak beste, Lee Perry, Joe Gibbs, Bunny Lee, Niney Holness edo Jack Ruby. Reggaeak gaur egun mundu mailan duen garrantzia ulertzeko ezinbesteko izenak.

New Roots
80. hamarkada hasieran, eta bereziki Bob Marley hil eta gero, reggaeak aurreko urteetan nazioarte mailan zuen garrantzia galtzen joango zen. Rasta erlijioak eta Afrikarako itzuleraren mugimenduak indarra galdu zuten eta reggaean garapena eman zen musikalki; dancehall-aren garaia hasiko zen. Jamaikar musikari eta produktoreak sound systemei begira jarri ziren eta kantuetan gai “serioak” bigarren mailan geratzen hasiko ziren pixkanaka. 1985etik aurrera festa kutsua nagusitzen hasten da berriro reggaean. Sexuaren inguruko letrak abeslarien ahotan. Emakumea sexu makina hutsean bilakatzen da. Balore matxista eta kapitalistak nagusi, berekoikeria, ea zeinek gauza material gehiago dituen; kotxe eta moto potenteak, urrezko bitxiak, kateak, eraztunak…Slackness-aren garaia da. Salbuespenak salbuespen noski. Sustraizko reggaea egiten duten klasikoek Europa aldera joko dute musika egiten jarraitu nahi badute. Exodo berria martxan da (Ingalaterrara bereziki). Dancehall-ak ez du herri xehearen benetako egoera adierazten. 90. hamarkada hasieran, reggaeak bere benetako izaera berreskuratu beharra duela sentitzen du eta lan horretan izen propioak sortuko dira. Garnett Silk da Roots & Culture reggaearen itzuleran aitzindarietako bat eta konpromiso horretan bizia utziko du (tirokatuta hil zuten 1994ean). Mezu konprometituek garrantzia hartuko dute berriro ere eta berarekin batera kutsu erlijiosoa dutenek ere. Luciano, Bushman, Everton Blender, Morgan Heritage, Mikey General eta antzeko abeslariak “conscious” letrak erabiltzen dituzte, letra kontzienteak, konprometituak. Reggaeak sustraiak berreskuratu dituela diote askok. Benetan horrela da edo konpromiso hori itxurakeri hutsa besterik ez da? Slackness-a jorratzen zuten musikari askok (Buju Banton, Beenie man…) Selassie-ri abesten diote orain, dreadlocks-ak (rastak) uzten dituzte. Benetan sentitzen al dute diotena? Ustezko konpromiso horrek, gose direnen, zapalduak daudenen alde zerbait egitera bultzatzen ditu? Askotan, irudiaren atzean mamirik ez dagoela pentsatzen dugu. XXI. mende hasera honetan, New Roots mugimenduak indarra galtzen duela dirudi. Dancehall-ragga erritmoak eta jarrerak bueltan dira berriro, indartsu. Sentsazioak dira. Han eta hemen irakurri eta entzundakoaren ondorioz sorrarazitako sentsazioak besterik ez. Azken finean, zer dakigu benetan milaka kilometrotara dagoen irla horri buruz. Zer dakigu benetan gurearekin horrelako desberdintasunak dituen kultura horri buruz. Asko dugu oraindik ikasteko eta lotura eta zubi asko eraiki beharra dugu oraindik. Jarrai dezagun lanean. Sustraiak eta kultura.

Roots & Culture klasikoak
Asko dira estilo/jarrera honen barruan kokatu daitezkeen artista eta disko klasikoak. Horietako bost aukeratu ditugu hemen eta horietako batzuk Roots & Culture garaikoak izan ez arren, korronte horren barruan kokatu beharra dago. Sustraizko reggaearen barruan dagoen aniztasuna erakustea bilatu dugu aukeraketa honekin, disko eta musika ederra erakusteaz gain noski. On egin.

Burning Spear: Marcus Garvey
Keniako independentziaren aldeko gudariaren omenez hartu zuen Winston Rodney musikariak Burning Spear izena (sutan dagoen lantzaria). Hasieratik Marcus Garvey-ren ideien mezulari, reggaean inoiz egon den abeslaririk konprometituenetakoa da. Musika munduan daraman ia mende erdian tinko mantendu da herri beltzaren eskubideen defentsan (hitzez eta ekintzez).

The Abyssinians:
Satta MassaGanna Reggaeak inoiz ezagutu duen ahots hirukoterik mistikoena. Bernard Collins eta Lynford eta Donnald Manning anaiek osatutako taldeak elizetako gospel ahotsak soularen goxotasunarekin maisuki uztartu dituzte. Gai erlijiosoak nagusi, Afrikarako itzulera eta rastafarismoa dituzte ardatz. Disko honetan taldearen lehen urteetako kantak jasotzen dira. Urteetan musika mundutik aparte egon eta gero berriro elkartu dira.

Big Youth:
Screaming Target Sound Systemetan animatzaile modura hasitako hizlariek estilo propioa sortu zuten reggaean; Dj edo toasterra. Horien artean, Big Youth da mezuetan konpromiso maila handienetakoa erakutsi duena. Bertsolarien antzera inprobisazioan maisu da eta kontzertuetan jendearekin (ulertzen diotenekin behintzat) lotura berezia sortzen du. Disko honetan Gregory Isaacs, Dawn Pen edo Dennis Brown-ek erabilitako base eta ahotsen gainean abesten du.

Mutabaruka:
Check it Roots & Culture delakoaren garaitik kanpo badago ere, reggaearen barruan oso interesgarria den Dub Poetry estiloaren aitzindari da, Linton Kwesi Johnson-ekin batera. Reggaearekin musikatutako olerkiak edo olerki musikatuak. Reggaearen adar militante eta jantziena (landua, ikasia, intelektuala). Erlijioa edo marihuana bezalako gaien gainetik giza eskubideetaz ari da, eskubideen aldeko borrokaz.

Luciano:
Visions New Roots delakoaren ezinbesteko erreferentea. Dennis Brown abeslariarekin antzekotasun handiak ditu, bai kantatzeko duen estiloarengatik eta baita zabaltzen dituen mezuengatik ere. Gauza gogorrenak modu goxoenean esateko trebezi berezia du eta gaur egun Jamaikan dauden musikari eta ekoizleen eskutik doa beti. Roots & Culture estiloaren alde maitekorrena.

No hay comentarios: