11/2/11

Musikaren patologiak

Ritxi Aizpuru musika argitaratzailea

Patologia hitza asmatu zuten eta sistemak endemikoki gauza guztiei patologiaren bat atera ohi dio. Dena da gaixoa. Garai gaixoak. Musikaren doinuek ez dute, soilik, «zarata» eta soinua ateratzeko balio. Uler daiteke musika entzun gabe? Musika ez bada entzuten ezin da bere betebehar nagusia gorde. Ezin dutenek entzun, gorrek, badute modua musikaren doinuek gorputzari sentiarazten dizkioten efektu edo ondorioak nolakoak diren jakiteko. Zeinu hizkuntzak, gor izan edo ez, komunikazioa bideratzeko balio du, zeinuen bidezko komunikazio tresna aparta da. Harrika euskal talde metalzalearen «Ama» abestia zeinu hizkuntzara ekarri dute gorrekin lanean ari direnek. Hurbilketa handia da, gorrek sentitzeko musika batek transmititzen duena. Musikaren soinu baxuek urdaila kilikatzen dute, eta hor, zeharo nabari daiteke soinuaren efektua eta zirrara. Jolasa eta esperimentua da, baina soinuak transmititzen duen sentsazioetara gorrei eskainitako hurbilpena izango da beti. Bideoa ikus daiteke Youtuben. Musikaren indarrak berak sorrarazten digun poztasun, plazer, pasio, desio, baretasun, berotasun, barru handitze, elkarrekiko laguntasun, ihesbide, jai, dantza, festa eta abarretan du oinarri. Kantuaren indarra kantuak sentiarazten digun horrekiko menderakuntza mailan neurtzen da. Kantua sortzen denean jendea atxikitzeko da. Kantuaren transmisioa orain dela gutxira arte, euskarriak asmatu ziren arte (arbelezko diskoa, biniloa, CDa...), ahozkoa izan da. Kantuak transmititu direnean transmisioak berak zuen garrantzia. Kantu batek soinu euskarririk izan ezean, hara iristeko euskarri idatzira edo partituretara jo beharra dago. Badakigu euskaldunak oso berandu iritsi zirela idatzitako historiara eta lehen euskarazko partitura ez dakit zein den baina 1500etik atzera ez dela joango uste dut. Beraz, zer kantatzen zuten bigarren mendeko euskaldunek? Eta Epikuroren garaiko abestirik ba al da? Izango al zen musikari lanbidea orain dela 2.000 urte? Zer-nolako doinuak izango ziren? Gehien gorde diren abestiak, Eliza dela medio, erlijiosoak izan dira, apaizek zutelako abestien «merkatua» mendean. Kulturaren transmisioren gainean, euskaldunek zer gorde dute? Bizimoduak zeharo aldatu dira eta etengabeko aldaketa da kultura. Baina euskaldunek garrantzitsua den zerbait iraunarazi eta babestu badute, euskara da. Nahiz eta ez jakin ze abesten zuten garai bateko euskaldunek, badakigu orduan ere kantuaren indarra era berean neurtuko zena (kantuak sortzeko poztasuna, plazera...). Kantuek euskarria izan dutenean, objektu bihurtzearekin merkaturatu egin da. Hori al da musikaren patologia?