Globalizazioak horrelakoak dakartza: Alemaniako zigilu batek Maliko iparraldean bizi den tuareg talde baten lehenengo diskoa kaleratu du. Are gehiago, ekoizlea aspaldiko laguna dugu, Chris Eckman kantaria, The Walkabouts eta Chris and Carla rock taldeetako partaidea, Eslovenian bizi den amerikarra. Mundua txiki-txikia geratu zaigu, bai jauna!
Herri horren hizkuntzaz kantatzen dute Tamikrest taldekoek, hau da, tamasheqez, eta bertako inguruaz, gizarteaz eta eguneroko bizitzaz aritzen dira kantuetan. Azken urteotan Sahara basamortutik etorritako beste artista batzuk ezagutu ditugu: Tinariwen, Tartit, Mariem Hassan... Beraz, badakigu zeintzuk diren musika horren ezaugarri nagusiak: ahotsak (gizonezkoak bakarlari gisa, emakumezkoak koruetan), gitarra elektriko eta hipnotikoak (kantariarena soloetan, beste bi laguntzen), perkusioak (bateria, txaloak eta eskuez jotzen diren danborrak eta kalabazak), eta baxu bat soinuari sakontasuna eskaintzearren. Beraz, lan honetan eskaintzen zaiguna ez da berri-berria, baina oso interesgarria da, belaunaldi berri baten emaitzaren aurrean gaudela kontuan hartzen badugu.
Norbaitek Tamikrest Tinariwen-en semeak direla esan du; egia da, nolabait, baina sentimendu berria dute gazte hauek. Orain dela lau urte eskola utzi behar izan zuten Maliko herrietan; 1992ko akordioak ez ziren betetzen, eta tuareg liderrek erreboltari ekin zioten, egoera hori eta inguruko arrazakeria eta bazterketa salatzeko. Errepresioa martxan jarri zenean iparraldera jo zuten, basamortura, Kidal aldera. Han, Frantziatik jasotako laguntzaz, eskola berria eraiki zuten, eta giro horretan musika langai eta adierazpide bihurtu zen. Hamaika kantu hauetan Ousmane Ag Mossa liderraren ahotsa eta testuak entzungo ditugu; hura da musikagile bakarra, baina diskoak taldearen aniztasuna erakusten digu behin eta berriro. Esan bezala, hitzek goian aipaturiko egoerak zehazten dituzte: Outamachek-en tuareg herriaren aldeko laguntza eskatzen diote Jaungoikoari; Aîcha, Tahoulte eta Tamiditine amodioari buruzko kantuak dira; Amidinin-en lagunari besarkada bidaltzen zaio; Aratane n'Adagh-en bertako umeak defendatzen dituzte... Entzuteko eta pentsatzeko disko egokia, beste ale bat basamortuko hondarretan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario