7/3/10

Asel Luzarragari elkarrizketa

Otsailak 27an, posta elektronikoz Aseli egindako elkarrizketa argitaratu zuten BERRIA egunkarian, Maite Asensio kazetariaren bitartez http://aselaskatu.org/ web guneak: "Ohikoa denez, Aselek bidalitako erantzunak papereko edizioan genuen espaziora moldatzeko, asko moztu behar izan genuen elkarrizketa, tartean, Aselen esker oneko mezuak."

"Dabid eta Bermeoko lagunek Interneten egin dutena, eta Punkaminekoen eta Rafa Ruedaren eskutik musikaren mundua mugitzen ari dena ordainezina da."

Zer moduz zaude animoz?
Ondo, pilak kargatuta. Etxea miatzen sartu zirenetik animoak eta indarrek gorabeherak izan dituzte, normala denez, baina oso garrantzitsua izan da Vane neskalaguna eta Lourdes arreba ondoan sentitzea, aita-amak ondo zeudela jakitea, eta hainbeste lagunen beroa eta babesa zituztela entzutea. Alde horretatik, esperientzia hunkigarria, errepikaezina -eta hobe errepikatzen ez bada, jakina- bizi ahal izan dut, eta oraindik nago sentipen horietan murgilduta, harrituta.


Zein baldintzatan ari zara etxeko espetxealdia betetzen?
Baldintzak ez dira txarrak, batez ere kartzelarekin konparatuta. Muga bakarra etxetik irteteko debekua da. 24 orduz egon behar dut etxean eta polizia edonoiz etor daiteke hemen nagoela egiaztatzera eta “autografoa” eskatzera. Nire jarraitzailerik fidelenak bihurtu dira, antza. Baina etxe barruan nahi dudana egin dezaket. Ez didate inoiz telefonorik edo internetik debekatu, baina kartzelan nengoen bitartean Vanek bere gurasoen etxera aldatu zuen konexioa, eta gainera mugikorra poliziaren esku dago oraindik, beraz, internet hona aldatu eta mugikorra lortu bitartean komunikatzea ez zen batere erraza. Hala ere, nola edo hala, Vane eta Jaime abokatuaren laguntzari esker Lourdesekin komunikatzea lortzen nuen.

Nolakoa izan zen atxiloketaren eguna?
Arraroa, denbora asko behar izan nuen gertatzen ari zitzaidana ulertzeko eta barneratzeko. Etxean nengoen, lasai, goizean idazten ari naizen eleberria lantzen. Miatzeko agindua zutela esan zidatenean, hainbeste polizia armatu ikusita, apur bat izutu nintzen, eta berehala eskuburdinak lotuta izatea ez zen oso samurra izan, baina hala ere lasai egon nintzen, ahal zen neurrian. Galderak egin arren ez zidaten ezer azaltzen, baina ni dena berehala bukatuko zela sinetsita nengoen; artean nahiko inozoa nintzen dena errakuntza zela pentsatzeko. Halako batean atxilotuta nengoela esan, eta beste norbaiten pelikulan sartu nindutela sentitu nuen.Zure etxean lehergailuak egiteko materiala topatu zuela zabaldu zuen poliziak.

Zer aurkitu zuten?
Ni etxean nengoela, ezer ere ez. Atxiloketaren arrazoiak galdetuta, bertan “topatutakoagatik” zela esan zidaten, eta orduan entzun nituen lehen aldiz “armak eta lehergailuak” berbak, poliziaren eskuak armairu gainera egiten zuten bitartean, keinu oso abstrakto batean. Baina erakutsi, ez zizkidaten inoiz delako gauza horiek erakutsi. Bitxia da, edo esanguratsua, komunikabideei ere inoiz erakutsi ez izana, ohi dutenaren kontra. Askoz beranduago izan dut fiskalaren karpetan argazkietan ikusteko aukera. Su-itzalgailua daukan supermerkatuko poltsa bat agertzen da nire logelako armairuaren gainean, begi bistan, su-itzalgailuaren zati bat agerian. Barregarria benetan, gau hartan bertan lehergailu bat jarri omen zuen gaizkigileak edonoren begi bistan uztea bere hurrengo bonba, inon ezkutatu gabe... Argi dago hori han jarri zuenak ez zituela formak gehiegi zaindu itxurak egiteko. Seguruenik beharrik ere ez zuela pentsatuko zuen.

Auzia argitzeko oztopo izan al da fiskalaren jarrera?
Hau guztia ezinezkoa izango zen fiskalak ni kartzelaratzeko grina izan ez balu, etxea miatzeko agindua emateko zeuzkaten “frogak” ere guztiz barregarriak direlako. B serieko gidoirik eskasenean ere ahalegin handiagoa egingo zuten arrazoi sinesgarriagoak aurkezteko. Nahi dituzten “datuak”, ni Euskal Herrian nengoen bitartean eztanda egin zuen lehergailua, esaterako, hartu, hortik izugarrizko irudimena behar duten loturak egin, eta haien ustez nire aurka erabil daitezkeenak baino ez dituzte aurkeztu; esanguratsuenak nire blogean idatzi nituen artikulu bi, haietako bat maputxeen eskubideen aldekoa. Beraz, bolbora arrastoak bilatzeko frogak ezezko emaitza eman zuenez, hobe zuten hori txostenean aipatu ere ez egitea. Baina irregulartasunek ez dute mugarik, benetan.

Hasieran egotzi zizkizuten erasoetako batzuk gertatu zirenean, Txiletik kanpo zeunden; hori frogatzen zuen dokumentazioa aurkezteko arazorik izan al zuen zure abokatuak? Zein traba izan du defentsak?
Hori frogatzeko ez zuen arazorik izan: zorionez nire pasaportea eskuan zeukan, eta horri esker libratu nintzen lege antiterroristatik, fiskalak horixe eskatu baitzuen. Lehergailuak jarri nituela defendatzea ezinezkoa zenez, akusazio hori baztertu eta leporatzen didaten bakarra norbaitek etxean jarri zidana edukitzea da, hots, arma eta lehergailuen kontrolerako legea urratzea. Defentsak izan zuen lehen arazoa eskatutako agiriak azken orduan ematea izan zen, eta hori dela eta, lehen epaiketa prestatzeko oso denbora gutxi izan zuen. Abokatu hark [Julio Landaeta] akats handiak egin zituen, izugarri kaltetu nindutenak; inoiz pentsatu dut horren atzean asmo ilunen bat ez ote zegoen. Baina abokatua aldatu eta kasua Jaime Madariagak hartu zuenean dena aldatu zen, goitik behera. Hala ere, oztopoak hor daude, atxilotu nindutenetik 56 egun joan direnean, oraindik ez dizkiotelako eskatutako guztiak eman: hatz marken frogak, bolbora aztarnenak, miaketa eguneko argazki guztiak... Badakite horiek denak nire aldekoak izango direla, eta horregatik atzeratzen ari dira, ahal beste.

Zer nolako tratua jaso duzu kartzelan?
Kartzelan tratua oso ona izan da. Jakina, kartzela ez da luxuzko hotela, hain zuzen ere, eta 64 lagunentzako komuna eta dutxa, leku bera eta bakarra dira, eta txandaka ibili behar da, bai erabiltzeko, bai logela garbi izateko... Baina barruko kideek harrera oso ona egin zidaten eta gendarmeek ere tratu ona eman didate, abegikorra, umoretsua... Horrek ere egoera erraztu du, bai niretzat bai maite nautenentzat, barruan hain txarto ez nengoela jakiteak lasaitasun apur bat eman dielako.

Hasieran Terrorismoaren aurkako Legea urratzea egotzi zizuten, gero Armen eta Lehergailuen Legea haustea, eta arriskutsua zinelakoan espetxeratu zintuzten; eta azkenik etxeko atxiloaldia ezarri dizute. Nola bizi izan duzu bilakaera hori?
Amorruz hasieran, hainbeste gezur entzunda ezin nuelako hitzik egin. Kargurik larrienak desagertzen zirela ikusita lasaiago, eta orain gogotsu, egin didatenaren amaieraraino iristeko. Oso barregarria da argudioak erabiltzeko duten modua. Badaezpadako espetxealdia eskatzeko argudioetako bat zen ez zekitela dirua nondik ateratzen nuen, eta ez neukala gizarte edo familia sustraitzerik Txilen. Alde batetik, eskualde honetako gobernadorea ni atxilotu eta berehala agertu zen telebistan, nire aurkako kereila jarriko zutela esanez, eta halaxe dago fiskalaren txostenean jasota; baina gobernadore horrek berak ez zituen erakutsi nik Txilen bizitzeko bisa eskatu nuenean aurkeztu behar izan nituen ziurtagiriak, haien artean, nire diru iturriak frogatzen zituztenak. Beraz, nire diru iturriak publikoak ziren, eta haiek eskura zeuzkaten, baina ez zitzaien komeni hori agertzea. Bestetik, ez zuten onartzen familia sustraitzerik, baina Vaneren etxea miatzeko agindua emateko arrazoi bakarra bera nire neskalaguna izatea izan zen. Azkenean, hori dena eta bakearen aldeko nire iragana frogatzeko gai izan ginenean, haiek nire inguruan eraiki nahi izan zuten irudi guztia deseginda geratu zen, eta horrela ulertu zuen epaileak ere.

Maputxeen eskubideen aldeko zure iritziak isilarazi nahi izan al dituzte?
Egia esan, hemen nagoenetik haien alde egin dudana ez da asko izan, baina dirudienez, nahikoa da keinurik txikiena egitea ere. Bakoitzak dagozkion dominak baino ez ditu jantzi behar, eta nik herri miresgarri horren alde egindako bakarra nire blogetan artikulu batzuk idaztea izan da. Oraindik asko daukat ikasteko eta interes handia neukan eta daukat, baina horixe izan da egin dudan apurtxoa: ikuspegi anarkistatik gatazkari buruzko iritzi xumea eman eta ikuspegi anarkista horretatik bertatik konponbiderako ideia batzuk plazaratu. Uste baino min handiagoa egin ei die, nire aurkako froga gisa, hain zuzen ere, artikulu horietako bat jarri baitute txostenean. Imajinatu zein larria zen idatzi nuena: azkenean Jaimek berak irakurri zuen nire aurkako frogatzat zeukaten testu hura, nire alde erabiltzeko.Txilen, Euskal Herrian, Argentinan... aska zaitzaten eskatzeko ekimenak ugariak izan dira.

Bai, zur eta lur utzi nau piztu den mugimenduak. Txilen batez ere talde anarkistak mugitu dira, eta nire lagunek ahal izan duten guztia antolatu dute, batez ere kontzertuak, kartelak... Baina hemen komunikabideek kontrol zorrotza dute, komunikazioaren oligopolio itzela dago, eta hedabide ofizialetan batez ere bertsio ofizialak agertu dira. Euskal Herrian sortu denak, bestalde, erabat gainditu nau; oso hunkigarria da, kartzelara albisteak ekartzen zizkidan Vanek, eta neure begiz ikusi arte ezin nion benetako neurria hartu. Orain hasi naiz barneratzen, baina oraindik maiz isurtzen ditut malkoak irudi eta berba batzuk iristen zaizkidanean. Dabid eta Bermeoko lagunek Interneten egin dutena, eta Punkaminekoen eta Rafa Ruedaren eskutik musikaren mundua mugitzen ari dena ordainezina da. Guztiei esan diedanez, ez dut dirurik izango hainbeste garagardo ordaintzeko, kar, kar, kar. Argentinako lagunek ere babes eta maitasun handia eman didate: Diegok, Eusketxeko jendeak... espero nuenaren oso gainetik jardun dute eta hori ere oso hunkigarria izan da. Facebooken egindako lagunek ere zer ez dute mugitu nire alde egiteko! Victor Montes eta Blanca Asturiarrek, Jorge Maturi argentinarrak eta beste askok harreman “birtualak” ere zein sendoak izan daitezkeen erakutsi didate. Benetan, ez dago berbarik sentitu ditudan guztiak biltzeko.

Auziak nazioarteko oihartzuna izateak kaltetu al zaitu?
Ez dut uste; aitzitik, halakoetan ezinbestekoa delakoan nago. Batek baino gehiagok esan dit: “Jaso duzun babesa izan ezean, izorratuta egongo zinen, laguna!”. Oso bidegabea da, asko direlako asmatutako salaketengatik preso daudenak, eta babes hori lortzerik ez dutenak; askotan egin ez dutena aitortzeko beharrean daude, kartzelatik aterako badira. Neuri ere iradoki zidaten egin ez nuena aitortuz gero azkarrago aterako nintzela, baina argi izan dut ez zutela egia makurraraziko. Horretan, Euskal PEN klubaren lana, haien bidez nire kasua International PENek hartzea, Perez Esquivel Nobel Sariak, Ariel Dorfmanek edo Unai Elorriagak nire aldeko gutunak idaztea... erabakigarriak izan dira. Inoren ekarpena gutxietsi gabe, benetan den-denek izan dutelako izugarrizko balioa, modu batean edo bestean.

Euskal herritarra izateak eraginik izan al du akusazioetan, eta zuri buruz hedatutako aurreiritzietan?
Argi eta garbi. Txileko idazkariordeak aspaldi esan zuen Araukanian zeuden euskaldunak zertan zebiltzan ikertuko zutela, beraz, ez zait ezkutatzen aspaldi hasiko zirela ni ikertzen, zaintzen, jarraitzen... Jende askorentzat, Txilen zein beste leku batzuetan, euskalduna, anarkista edo maputxeen laguna izatea terrorista izatea da; eta atzerritarra, idazlea edo kazetaria dena susmagarria (eta arriskutsua) da. Ni ekuazio guztietan agertzen nintzen. Eta gainera hemen nengoen bitartean bolada batean gandor berdea izan nuen! Ezinezkoa zen ni herritar zintzoa izatea...

Eusko Jaurlaritzaren edo Espainiako Gobernuaren babesik jaso al duzu?
Nik dakidala ez. Espainiako Kontsulatuak bai, ahal izan duen neurrian babesa eman dit; ez da asko egin dezaketena, baina kezka agertu dute eta kasuaren jarraipena egiten ari dira. Hori da euskaldunok atzerrian erabil dezakegun erakunde bakarra, dirudienez iaztik hona Eusko Jaurlaritzak atzerriko ordezkaritzak kendu dituelako.

Zer berri duzu fiskalaren ikerketari eta epaiketari buruz?
Urtarrilaren 6an epaileak hiru hilabete eman zituen ikerketarako, beraz, fiskalak epea luzatzeko eskatzen ez badu, apirilaren 6an nire aurkako karguak zehaztu eta behin betiko akusazioa egin beharko du; orduan hasiko da epaiketa prestatzeko epea. Dena dela, Gobernuak Barne Ministroaren bidez, beste neurri bat hartu du, errugabetasun presuntzioa erabat zanpatuz: urtarrilaren 7an ni Txiletik kanporatzeko dekretua sinatu zuen. Horrek esan nahi du, errugabe zein errudun izan, kanporatuko nautela, dekretu horri ere aurre egitea lortzen ez badugu.

Zer espero duzu?
Zail badago ere, nire etxean agertutako gauzak nork jarri zituen frogatzea ez delako batere erraza, uste osoa daukat errugabe aterako naizela. Nire aurkako akusazioek ez dute inolako funtsik, eta txostenean bertan akatsak ugariak dira. Argi daukat nire aurka “ager” zitezkeen froga guztiak hor daudela; aurrerantzean agertuko diren froga berri guztiak, besterik asmatzea bururatzen ez bazaie, behintzat, nire aldekoak izango dira. Zailena kanporatze aginduari buelta ematea izango da, hor Estatuak nahi duena erabaki dezakeelako. Horretan ere, nazioarteko oihartzuna, presioa, nazioarteko erakundeen esku-hartzea... erabakigarriak izan daitezke.

Eta bukatzeko, aukera ematen badidazue, orriotatik munduko preso politiko guztiei helarazi nahi diet nire elkartasuna, batez ere, kasu honetan, Txilen dauden guztiei, ez baitira gutxi. Jendeari informatzeko bide alternatiboak erabiltzeko deia egingo nioke, munduan dagoen komunikazioaren oligopolioaren zaintza zorrotza apurtzeko.

No hay comentarios: