10/3/11

Musikaren kaosak

Ritxi Aizpuru musika argitaratzailea

GARA

Kaosaren teoriak aurreratzen du unibertsoa kontrolatzeko sistemarik ez dela posible. Musikaren inguruko iritzi batzuek diote musika bera kontrolatzeko sistemarik ez dagoela. Nota baten segidan beste zein musika-nota etor daitekeen jakitea ez da posible. Musikariak berak ere gehienetan ez daki nondik aterako den leloa edo abestiaren bilakaera. Ezerezetik ateratzen den kaosaren teoriarekin dator bat. Sistematik kontrolaren kartografia egin nahi dute, baina unibertsoaren mapa irekita dago. Mapa ez da toki bakarra, ez da metro koadrotan neurtzen den espazioa soilik. Espazioa denborara irekita dago, buruan eman daitezkeen abstrakzio askatzaileei irekia, musika eta lelo askatzaileei begira.

Kaosa zein bitxia den. Gu unibertsoan bizi gara eta kaosaren teoriak badio unibertsoa kontrolatzeko sistemarik ez dela posible, zer egiten du sistemak posible izan dadin sistema, sistemaren administratzaile edo botere administratzailea esaten digutenean hizkuntzaren bidez kaosa apurtu egin behar dela eta dena orden jakin batean jarri; hots, euren ordenan jarri eta euren ordenetan? Kaos hitza desnaturalizatu egiten dute. Baina nork egiten du hizkuntza?

Sistemak bere indar osoa jartzen du hitzen esanahiak komenientzien arabera ordenatzeko eta horrela hitz bakoitzari etekina ateratzen dio. Eta musikarekin beste horrenbeste gertatzen da. Sistemak tresneria guztia dauka eurek nahi duten sinfonia entzun dezagun, baina batzuetan sinfonia eta kantu horiek desafinatu egiten dute eta pikutara botatzen ditugu. Ezin dugu ahantzi Hizkuntza boterearen menpe dagoela.

Eta musikaren kaosa?