7/9/09

TURNTABLISM diskoari eragin eta sortu!

Aritz Sound System (ENTZUN!)
Turntablism-a diskoak jartzeko aparailua instrumentu bezala erabiltzeko teknika da. Disko jartzaileek aparailuak diskoak jartzeko erabiltzen dituzte. Platoan biniloa ipini eta orratzak biniloa ukitzen duenean entzuten da musika. Turntablism-ean, diskoa platoan jartzeko modu bereziarekin, soinuak egiten dira. Azken finean, platoa eta biniloa musika entzuteko baino, soinuak sortzeko erabiltzea da, diskoan dagoen musika doinu berriak sortzeko erabiltzea alegia.

Dilated People taldeko Dj Babu izan zen Turntablism hitza erabiltzen lehena. Modu honetan, diskoak bata bestearen ondoren ipintzen dituzten dj-ak eta disko horiek instrumentu modura erabiltzen dituzten dj-ak bereizi nahi zituen. Diskoak instrumentu bezala erabiltzeko teknika zaharra da ordea.

Historia laburra
Turntablism-a hip-hop mugimenduaren parte bezala jaiotzen da (nahiz eta egun, raparen eremua gainditu duen eta beste estiloak jorratzen dituzten disko jartzaileek ere teknika hau erabiltzen duten). Hip-hopa kultur mugimendua da. 70. hamarkadan AEBetako New York hiriko auzo afroamerikarretan jaio zen (Brooklyn, Bronx eta Queens-en bereziki). Auzo hauetan Block Party deritzan festak antolatzen ziren eta festa hauetan auzotarrak kultur ekitaldiak ikusteko elkartzen ziren. Musikak, garrantzia handia zuen eta antolatzen ziren festen artean, Kool Herc disko jartzaileak antolatutakoek arrakasta handia zuten. Kool Herc Jamaikar jatorriko etorkina zen eta Jamaikako sound systemen erara antolatzen zuen festa. Reggae musikarekin batera, funk, soul eta disko musikak nahasten zituen eta jendea dantzan mantentzearren, kantuen zati erritmiko eta instrumentalen gainean hitz egiten zuen, jendea zirikatuz eta dantzara animatuz (Jamaikako toaster-en erara). Zati erritmiko edo instrumental hauek nahiko laburrak zirenez, Herc-ek, kantuaren perkusio zatia behin eta berriro errepikatu (“backspin” edo errekuperaketak) eta isiluneekin ere jokatzen zuen. Tarte oso laburrak izaten zirenez, hizlariak oso azkar hitz egin behar zuen eta bere hitz jarioa musikaren doinura moldatzen saiatu behar zuen. Horrela sortu zen rapa, abesteko era bezala. Kool Herc oso ezaguna egiten hasi zen eta berarekin batera joaten ziren bi abeslariekin (Coke La Rock eta Clark Kent MC-ak: Master of Ceremony) batera, Kool Herc & The Herculoids kolektiboa osatu zuen. Pixkanaka, rap abeslariak edo MC-ak perretxikoak bezala ugaritzen hasi ziren. Bakoitzak berezko ezaugarriak eta abesteko era zituen. Bata bestearengandik desberdintzearren hizkera eta gai desberdinak erabiltzen zituzten, baina guztiek jendearen arreta deitzea zuten helburu.

Scratch
Scratcha, turntablismaren teknika garrantzitsuenetakoa da. 1979an Dj Grand Wizard Theodorek asmatu omen zuen. Diotenez, etxean musika entzuten ari zela, bere amak deitu eta zer esaten zuen entzuten ez zuenez, biniloa eskuarekin geratu zuen. Joko horretatik sortu omen zen scratcha. Denborarekin noski, biniloa gelditu eta manipulatzeko teknika garatzen joango zen. Kantuaren zati bat behin eta berriro errepikatu, diskoaren abiadura aldatu sonoritate bat edo bestea lortzearren, e.a. Asko dira egun scratchak egiteko erabiltzen diren teknikak.

Scratcharen teknikak izan duen garapena ulertzeko ezinbesteko beste izena Dj Grand Mixer DXT-rena da. Bi plato erabiliz, bi kantu berdin era berean nahasten zituen. Bera izan zen, 1982an, scratch bat telebistan lehen aldiz egin zuena. Grammy sarien banaketan, Herbie Hancock-en Rock It kantuan izan zen. Imajina ezazue ikusleen harridura, biniloa zuzenean “raiatzen” ikusi zutenean. Denborarekin eta teknologiaren aurrerapenekin, scratchak garapen handia ezagutu du. Nahasketa mahaiei “fader” edo ekualizazio funtzioak gehitu zizkiotenean adibidez, aukera berriak zabaldu zitzaizkien.

No hay comentarios: