23/4/11

Musikaren aldareak - Ritxi Aizpuru


Gara

Erlijioak pentsamendu magikoen sustatzaile bikainenak dira. Erlijioek saltzen duten lehenbiziko hitza jendeari berari konfiantza ematea da, eta hau, balore etiko eta moralez gainezka dator. Konfiantza bera balore eta merkantzia bihurtzen da etengabe. Konfiantza baloreetan, eta balore nagusia fedea denean, erlijioen mundu magikoaren aldareetan barne gabiltzala dirudi.


Fedea, dogma eta baloreak ex nihilo derrigortu dizkigute erlijio guztiek, eta ezin dira inolaz ere zalantzan jarri, beti fedearen morrontza baino ez digute exijitzen. Hiru monoteismo nagusienetatik (islama, judaismoa eta kristautasuna) bizitzaren alderik negatiboenak barneratu dizkigute, gorputza bera, bizitza, mespretxatuz. Erlijioen botiketan saltzen den pozoi bakarra zonbi bihurtuko gaituen fede eta dogmaren alkimia magikoa baino ez da. Ongi etorriko litzaigukeen alkimia garai bateko instintu soil eta sinplera itzultzea litzateke, inolako botere apaindurarik gabekora. Musika analgesiko, morfina eta lasaigarri modura maiz erabili du erlijioak, proselitismo merke eta erraza egiteko, jendea erakartzen duten bitartean, lelotu, trebakuntza neuronala. Adibideak asko dira baina Europa osoan kantu gregorianoak izugarrizko pagotxa izan ziren diskoetxeentzako, disko salmentak alimalekok izan ziren. Antzeko zerbait ari da gertatzen frantziar Estatuan fedezko musikarekin. Les Prêtes hirukoak -hiru apaiz kristau popa, doinu gregorianoak eta Haendel, Leonard Cohen, Jacques Brel edo Francis Cabrel musikarien kantuen bertsioak eginez-, 800.000 disko saldu ditu.


Ratzinger Madrila dator Munduko Gazteen Egunean parte hartzera eta media partners bezala Spotify musika atariak babesa eman dio erlijio ekitaldiari. Erlijioak munduan daude, baina munduari kasurik egin gabe.