20/12/08

Fermin Muguruzari elkarrizketa

"Ez da apokaliptiko izateagatik, baina sistema ekonomiko baten porrota bizi dugun honetan, sekulako gatazkak aterako dira, dagoeneko badirenaz gainera."
Asthmatic Lion Sound Systema da plazaratu berri duen diskoaren izenburua. Kemena eta ahulezia. Aldarrikapena eta festa. Musikaren eremutik harago doazen ekarpenak, lerrootan aurkituko dituzunak.

Ikuspegi pribilejiatu batetik begiratu diozu munduari, tokian tokiko musikari eta musikazale konprometituen prismatik. Zer ikusten da?
Kapuscinski datorkit gogora, behartsuenekin lerratzen den kazetari hori. Azken aldi honetan oso gustura irakurtzen ditut bere lanak. Beste kazetaritza modu bat aldarrikatzen duenean, errealitate baten pultsua hartzeko bertako jendearekin bizi behar dela aldarrikatzen duenean irribarrea ateratzen zait, guk musikariok askoz errazago daukagulako bidea. Gu ez goaz informazioa berehalakoan ateratzera, baizik eta lehendabizi eskaini egiten dugu. Kazetariari asko kostatzen zaio aurreiritzia gainditzea. Gure kasuan berriz, musikari ekin orduko hasten da komunikazioa. Askoz errazago irekitzen dira ate guztiak. Egoera pribilejiatua da, ezbairik gabe. Zer ikusten den... Auzolana dela gelditzen zaigun aukera bakarra, mundu osoan gerra usaina baitago. Berlingo kasua aipatuko dizut. Kurduek eta turkiarrek elkarrekin antolatu izan dituzte beti ezkertiarren manifestazioak. Aurten aldiz, parlamentuak Irak iparraldean sartzeko baimena eman zuelako, besteak beste, elkar joka ikusi ditugu han bizi diren kurdu eta turkiarrak, bereziki gazteak. Palestinako egoera hiper larria da. Zer esan, banlieue-etako giroaz, Parisekoaz... Etengabe ari da mapa politiko fisiko geografikoa aldatzen. Ez da apokaliptiko izateagatik, baina sistema ekonomiko baten porrota bizi dugun honetan, sekulako gatazkak aterako dira, dagoeneko badirenaz gainera. Latinoamerikan gertatzen ari dena ere. Zer nolako mina ematen dion sistema orokorrari, ez bakarrik AEBei baizik eta kapitalismoari, globalizazioari, urnetan ezker proposamenek garaitzeak.

Evo Moralesengatik ari zara...
Bai, baina baita Hugo Chavez, Rafael Correa edota Lula da Silvari buruz ere. Ikusgarria da enpresa kapitalistek, berdin espainolek edo Euskal Herrikoek ere, nola babesten dituzten euren etekinak, nola aukerarik txikiena ere baliatzen duten Chavezen kontra jotzeko. Pertsonaia bitxia da beharbada, baina kontuz, bultzatu dituen aldaketak itzelak dira. Evo Moralesena, berriz, egin daitekeen gauzarik lotsagarriena da. Indijena izaki, gainera. Salvador Allenderen kontra egindako guzti-guztia ari dira errepikatzen: gobernuaren kontrako gune batzuk unibertsitate pribatuan kokatu, gero kontra daudenak unibertsitariak direla esan ahal izateko... Gida-liburu berbera jarraitzen ari dira. Evo Morales makurtzea lortzen ez badute, hil egingo dute. Mexikon, bazter guztietan sartzen da armada, lotsa izpirik gabe, narkotrafikoaren aitzakian, narkotrafikoa politikariek kontrolatzen dutela denok dakigunean. India eta Pakistanen arteko gatazka, lehergailu atomikoa dute gainera; India eta Txina, nazio batzuek izan duten garapenari ez diotela muzin egingo esanez; energia nuklearraren buelta....
Eta ez dago zeri heldu.

Baikor suizida deitu nion neure buruari behin, eta ezkor aktibo, eszeptizismoaren kontrako terapia gisa. Postmodernismo dosi batzuk ondo datoz noizean behin, distantzia hartu eta denari barre egitea, baina ariketa errezegia egiten zait erreferente ezkertiar sendorik ez dagoenean. Hala ere, lagun batek esan zidan bezala, sozialismoaren gidoia hor dago, gertatzen dena da errealizadoreak oso txarrak izan zirela. Eta horri heldu beharko diogu berriro, autogestioa bultzatuko duen komunismoan saioak eginez... Jakina, tokian tokiko kultura errespetatuz, lehen egindako akats izugarri horietatik ikasiz. Giza aurpegiko komunismoa, edota XXI. mendeko sozialismoa. Musikaren inguruan egoera harago dago beti. Gerta daitezkeen ulertzeak jada gertatzen dira musikan. Ekarpen handiak egin ditzake.

Munduari tokian tokiko musikazale eta musikari konprometituen prismatik erreparatu diozula aipatu dugu. Zer ikusi ote dute haiek zure bidez?
Miresmen handia sumatzen da, alde batetik bide independenteari eutsi izanagatik eta bestetik hizkuntz minoritario batean abesteagatik. Islandiako Sigur Ros oraintsu atera den beste adibidea kenduta, ez baitago munduan hizkuntza urritu batean abestuz zirkuitu internazionalean mugitzen denik. Gogoan dut Argentinan, Todos tus muertos taldeko abeslariak, beltza da bera, nondik datorren ere ez dakiela bota zidan, eta beregatik ere euskaraz abestu behar nuela. Horrelakoetan Jamaika aipatzen dut nik beti, hango bihotzean sartu ginenekoa. Gure hizkuntzak, gure kulturak handik atera den musika moldeari egindako ekarpena txalotu eta miretsi ziguten.

No hay comentarios: