"Gutxiren artekoa denean ahalbideratzen da matxinada, bestela ez."
Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea (Gara)
Kazetariek musikariei maiz egiten dieten galderei buruz hausnarketa txiki bat eskatzen dut. Musika egitean mezuren bat helarazi nahi diezue entzuleei? Badu mezurik zuen musikak? Musikak mezua izatea derrigorrezkoa da? Bada mezurik gabeko musikarik? Zerbait errebindika daiteke musikarekin? Musika musikagatik existitzen da? Abestien hitzak borrokalariak dituzue? Hitz inozoak dituzue? Zuen mezua mezurik gabekoa da?
Hausnarketa txiki bat baino, hauek supituki burura etorritako erantzunak dira eta era berean ez dira erantzun, bai moduzko zeharkako ihardespenak. Musikariek munduari eta beronen egoerari buruzko erantzunekin eta kantuen izenburuekin emandako erantzunak dira. «Pop goes the World» abestian Kanadako Men Without Hats taldeak garbi utzi zuen, mundua ez doa popatik baizik eta pop, lasai, itxuroso, sestrarik gabe, kalapitak urruti direla. Kantu honen doinuan daude oinarriturik futboleko hooligan askoren abestiak. Beste puntara joan zen Bob Marley abestean «So much trouble in the World». Mundua larriki zauriturik ikusten zuen rastafariak. Munduko biztanle gehienak gutxiren azpian ikusten zituen, makilatuak eta bortxatuak halabeharrez. The Dammed punk taldeko Captain Sensible popzaleak «Stop the World» bizi eta arina idatzi zuen. Baina, mundua gelditzea baino hobeto legoke munduko hainbat gelditzea. Antzera ibili zen Hertzainak taldea, «Hau dena aldatu nahi nuke» edo «Mundu berria daramagu bihotzean».
Krisia aipatzen den guztietan etortzen da askoren ahotara Supertramp taldearen leloa, galderarekin erantzuten zion galderari. Alec Empire erreboltariak Atari Teenage Riot talde basatia bideratu zuen. Bakarrean ateratako lan batean «New World Order» dena eraldatzea proposatzen du. Baina, giza aldaketaren aukera txikienaren ideia edo zantzurik bada gaur egun? Bizitzak momentu asko ditu eta batzuetan ausartzen gara esatera Gloria Gaynor abeslariarekin batera «What a wonderfull World» edo «Everybody wants to rule the World»; hots, mundua mundu guztiak gobernatu nahi du. Diskurtso instituzionalek hauteskunde bidez egitea derrigortzen dute, matxinada, beraz ez da inolaz ere posible.
Gutxiren artekoa denean ahalbideratzen da matxinada, bestela ez. Zergatik joan behar dugu euren (geureak izango balira ere berdintsu izango litzateke) hauteskundeetara? Zertarako balio dute hauteskundeek? Jendeari bizitza kolektiboaren dimentsioa birrintzeko. Ez garela ezer irudikatzeko geure buruan (demokrazia). Elkarrekiko kontzientziarekin eta komunitatearen jokatzearekin eskaintzen edo jatera derrigortzen gaituzten euren ustezko eta beharrezko baloreei porrot eraginda indartuko gara, ordezkaritzak pikutara bidaliz. Mundu berria? Musika berriarekin, mundu berria? Joan daitezela euren musikarekin beste nonbaitera.
No hay comentarios:
Publicar un comentario