11/2/09

ELEKTRONIKA zuk zeuk, zure kaxa

entzun.com
Musika sortzeko prozesua ariketa mentala da funtsean. Sortzaileak buruan dituen melodia eta erritmoak soinu bilakatzeko baina, bitarteko fisikoak behar ditu. Duela gutxi arte musika-tresna klasikoak zein musika-tresna elektronikoak ziren aukera bakarrak. Egun, teknologia informatikoaren garapenari esker sortzaile asko eta asko dira musika sortzeko ordenagailua erabiltzen dutenak.
Gero eta ohikoagoa da ordenagailuen erabilera musika ekoizpenaren munduan. Benetan bitxia da, egun, ordenagailurik erabiltzen ez duen soinu estudio edo soinu teknikaria. Are gehiago, soinu estudioen itxura erabat eraldatzen ari da eta lehen sampler, sintetizadore, erritmo kutxa eta efektuak sortzeko kablez beteriko trasteek zuten tokia orain ordenagailuek hartu dutela esan daiteke. Izan ere, duela 15 bat urte soinu estudio batek zeukan teknologia berdina gaur egun edozeinek etxean izan dezakeela esatea, eta merke-merke gainera, ez da gehiegikeria.


Teknologiaren nolabaiteko demokratizazio baten aurrean gaude, ekipo informatikoak gero eta merkeagoak dira, programak gero eta eskuragarriagoak, eta honek musikari profesional eta amateur asko bultzatzen du informatikaren alorrera hurbiltzeko. Ordenagailuak aukera handiak ematen dizkio musika sortzaileari, musika elektronikoaren eremuan zein beste edozein estilotan. Gero eta ohikoagoa da besapean ordenagailu portatila daraman musikaria ikustea, eta dj-en kabinetan ordenagailuak platerak bezain ezinbestekoak bilakatzeko ez da gehiegi falta. Punk mugimenduak bultzaturiko “do it yourself” (zuk zeuk egin ezazu) berri baten aurrean gaudela esan daiteke, egun ia edozeinen eskura dagoen teknologia multinazionalek beren ekoizpenetan erabiltzen dutenaren oso antzekoa baita. Era berean, programa informatikoen erabilera gero eta errazagoa da eta inolako musika edota informatika ezagupenik ez duenarentzat ere oso erabilgarriak dira. Zure burua eta zure ordenagailua da behar duzun guztia erritmoak sortzen hasteko, sekuentziak moztu eta itsasteko, efektuak sartzeko, kanal desberdinak nahasteko eta… voila! abesti bat sortu duzu. Ados, ez da hain erraza, magiarik ez dago hemen, baina praktika pixka batekin epe ertainean oso emaitza onak lor daitezke.


Lana eta aukerak
Musika sortzeko prozesuan ordenagailuak joka dezakeen papera desberdina da bakoitzak bilatzen duenaren arabera. Ordenagailuak musika-tresna askoren soinuak imitatu dezake, batzuk beste batzuk baino hobeto. Askotan erritmo baseak programatzeko besterik ez da erabiltzen, bateria erritmoak eta baxuak (horietan lortzen baitira emaitzarik hoberenak), hauen gainean melodiak eta ahotsak sartzeko. Bestetan, dantzarako musika elektronikoaren estilo desberdinetan batik bat, ez da zaila hasieratik bukaeraraino ordenagailuaren bitartez sortutako abestiak topatzea. Halaber, musikari askok modu osagarri batean erabiltzen dute ordenagailua. Esaterako, gitarra jotzen duenarentzat oso erabilgarria izan daiteke bateria eta baxua programatu ahal izatea honen gainean gitarra jotzeko, entsegu-lokalera joan behar izan gabe, hortaz, taldekideen ordutegi desberdinen arazo klasikoa nolabait konpontzen delarik. Aukerak asko eta onak badira ere, ordenagailuek ezin dute dena egin, eta oraingoz gitarra flamenko bat edo giza ahotsaren soinua sortzeko hobe dugu metodo klasikoetara jotzea.


Zure nahia denbora-pasa bezala nahiz profesionalki aritzea bada aukera desberdinetarako software aproposa lor dezakezu. Programa desberdinek ehunka soinu eta efektu erabiltzeko oso modu erraz eta grafikoak biltzen dituzte eta. Funtsean, ordenagailuaren bitartez musika sortzeko prozesua puzzle bat egitearen antzekoa da. Programa gehienek soinuz betetako liburutegiak dituzte eta konposizio prozesua soinu hauek sailkatu, bata bestearen ondotik jarri, bukleak eta sekuentziak sortu eta horien gainean efektu desberdinak sartzean datza. Internet oso gida lagungarria da hasi nahi duenarentzat. Milaka webgune daude programa desberdinei buruzkoak, foroak eta tutorialak. Zure ordenagailua estudio birtual bat bilakatzeko behar duzun guztia erraz aurkituko duzu pixka bat bilatuz gero.


AITZINDARIAK
Punk mugimenduak bultzatu zuen do it your self filosofia, beti ere elektronikara aplikatuta, dossier honen abiapuntutzat hartu dugu. Teknologiaren aurrerakadak eta ekipoen merkatzeak elektronika “gizarteratzea” eta zabaltzea ahalbidetu dute azken 20 urteotan. Hala ere, elektronikak jatorri kultua dauka, esan nahi baita lehen saiakera serioek intelektualen gogoeta eta ikerketak izan zituztela jatorri. Esaterako, Luigi Russolo margolari eta poeta futurista hotsak sortzeko makinak – Intonarumori deitutakoak – egiten hasi zen 1910 urtera aldera. Hala ere, ofizialki musika elektronikoa ez zen 1951 urtera arte sortuko, Robert Beyer eta Herbert Eimert alemaniarren eskutik. Elektronikaren bitartez sortutako tonuak zerabiltzan lehen konposizioa egin zuen bikote honek. Elektronische musik kontzeptua esaterako, Eimertek berak eta bere ikaskide Stockhausenek asmatu zuten. Euskal Herrian ere aitzindaririk izan dugu, eta ez nolanahikoak. Jose Luis Isasa donostiarra dugu inportantena. Rafael Balerdi eta Juan Arteagarekin batera Donostiako Musika Elektronikoaren Estudioa sortu zuen eta bere zuzendaritzapean Abangoardiako Musikaren Lehen Jaialdia antolatu eta burutu zen 1973ko irailaren hondarrean. Isasak, piano eta elektronikarako Agueri I eta II lanak konposatu zituen besteak beste.
artikulu osoa:

No hay comentarios: