6/3/11

Jota - Andoni Tolosa «MORAU» musikaria

GARA

Zerbaitetarako balio izatea, pertsonei aplikatuta, gizakiaren determinismoa zalantzan jartzeko modua izan daiteke. Adibidez, helduren batek semeari/ alabari begira, «Honek ikasteko ez; baina lanerako balio du...» modukoak botatzen dituenean, gizakion bizitza menderatzen duen patu nagusiago baten existentzia onartzen du. Esaldi magiko eta deontologikoak dira. «Honek musikarako baino ez du balio» esateak, adibidez, ez dakigu oso ongi zer kondena ekarriko dion madarikazioak kaltetutakoari. Ezer onik ez, ziurrenik. Geuk gizakion aukeramenean zintzo sinesten dugun arren, patu guztiahaldunaren aurrean makurtzen hasteko moduko arrazoiak topatu ditugu Jota lagunari esker.

Lehenik eta behin, ez dakit bere aita noiz konturatuko zen; baina geuk 13 urte zituela bagenekien mutilak ikasteko ez, baina aparatuekin endredatzeko balio zuela. Institutuan, ez dakit zein aro prehistorikotik berreskuratutako eta elektronikotasun zalantzazkoa zuten trastuekin ikasgelara sartzeak, pista nahikotxo eman zizkigun, ezagutu eta gutxira. Batek suma zezakeen, okerrenera jarrita jakina, haur hari jaiotzerakoan, zilbor hestea baino kablea moztu ziotela. Beste guztiontzat teknologia, noizean behin, ezinbestekoa zitzaigun kontu esoterikoa zen. Txarlak, diapositiba emanaldiak, lehen kontzertuak, partyak.... horrelakoetan, behar gorriak bultzatuta Jotari begiratzen genion guztiok, eta haren ardura eta irudimena estimatzen ikasi genuen, lehen dozena erdi mirari egin eta gero. Nork esan, handik urte batzuetara, EHko areto nagusietako baten teknikari bilakatuko zenik.

Ondoren, askotan topatu dugu elkar Jotak eta biok. Gehienetan musikarekin zerikusia duten kontuen inguruan. Bueno, zehatzago izate aldera, leku berean, baina bera teknologiaren alde batean eta ni bestean. Neu musikari kapritxoso baina engaina erraza, eta bera teknikari zaildu eta eszeptikoa. Neu esatari makal eta saiatua, bera teknikari zorrotz eta hiperaktiboa. Beti ez zen horrela gertatzen, parrandetan ez, parrandetan biak gertatzen ginen, behingoagatik, alde berean. Gainera, guztien pozerako, Jotak musikari gisara ere egin zuen bere saiakera. Hura zen hura bateria astintzeko modua! Eskerrak nahasketa mahaiaren atzean urrea balio duen pazientziaren jabea den. Agian Amoroton bizitzeak, «Vaya Semanita»-koentzat EHn existitzen diren bi herrietako batean, gaztetako jenioa leundu dio. Familia gizona bihurtu izanak ere horretan lagunduko zuen, ziurrenik.

Baina, ziur nago inoiz infernuarekin akordatzen bada, oraindik orain, akople, oihartzun eta zartatutako kableez betetako frontoi batekin egiten duela amets.

No hay comentarios: