Besteak beste, Keith Moon handi eta histrioniko samarraren erruz dute rock bateriek duten ospea. Rolls Royce bat bota omen zuen behin igerileku batera. Baterian lehergai txikiak jartzearen ohituraren errua omen da Pete Thownsed The Who taldeko beste kide baten belarria hondatu izana, eta abar... Orduz geroztik badakigu, edo hobe esateko sumatzen dugu, normalean, hamaika tramankuluren atzean ezkutatuta dagoen pertsona gehiegikeria zalea eta estremista samarra izango dela. Airean dantzan ikusten ditugun bi eskumutur horien jabea, hoberenera ere, pertsona originala izango dela. Bai New Yorken, bai Pekinen, bai Zegaman.
«Kajari gogor astindu» esaten zion Zarak gure bateria gazte eta teknikoari emanaldiak bukatutakoan. Bateria jotzaile gazte bati eskarmentu handiagoko beste bateria jotzaile batek eman diezaiokeen aholkurik praktikoena, nahiz eta oso akademikoa ez izan. Zara bera ez baita batere akademikoa, ez bateria jotzen, baina bizitzen ere ez. Rockerako, ordea, sena izugarria du, bai entzule gisara, bai jotzaile gisara. Pasioak eta indarrak gehienetan ez baitute zerikusirik teknikarekin. Zarak ez du sekula mikrorik behar izan bere kaxa sonorizatzerakoan, horrelakoak ziren eta bateria «estra gogorrari» ematen zizkion zartadak. Soinu teknikoak haluzinatuta eta erritmoa dantzan.
Ez zen hura, dena dela, harridura aurpegiz begiratzen zion bateriari ematen zion aholku bakarra, nahiz eta bigarren hau, berak hitzen bidez ez aitortu; «Dibertitu zaitezte neska-mutilak...» edota «disfrutatu gabe zertarako musikari izan...» izan daitezke bigarren aholku hori laburtzen zuten ideiak. Eta hori beti eskertuko diogu, ez dakit gure bateria gazteak, baina bai Zararen lagun alprojok. Munduko musika akademia guztietatik kanporatutakoen klub honetako kideok.
Harekin barre egiten dugu, harekin eztabaidatzen dugu, harekin hausnartzen dugu.... harekin asko dibertitzen gara. Estimatzen dugu haren umore maltzurra, baita geu garenean ere haren «biktima». Eta, ahaztu gabe, harekin asko dantzatu izan dugu. Eta ezin dugu imajinatu Zara bateria baten atzean ez bada. Ez flauta batekin, ez sitar batekin, ezta gitarra batekin ere... Bateria jotzera kondenatutako laguna da Zara.
Ez dakit Zarak zer egingo zukeen Keith Moonen Rolls Roycea hartu izan balu. Ez dakit, uste dut azkenean eskuratu duela gidatzeko baimena. Lehen, behintzat, lagunen autoetan agertzen zen «bezero» eternoa zen. Ziur egon, ordea, ez lukeela igerileku batera botako, agian txatartegian saldu, oilategi bezala erabili... ez dakit, tipo argia eta praktikoa denez, Zarak jakingo zukeen zer egin.
No hay comentarios:
Publicar un comentario